X-an egindako esperimentu batek astebete bakar batean iritzi politikoak aldatzea lortu du
Azterlan batek agerian utzi duenez, sare sozialetan informazioa aurkezteko ordena garrantzitsua da: aurkako eduki gutxiago ikusteak arerio politikoarekiko enpatia areagotzen du; gehiago ikusteak, berriz, murriztu egiten du
Sare sozialetako algoritmoek erabiltzaileen polarizazio politikoa igo edo murriztu dezakete astebete bakar batean. Hori da, hain zuzen ere, Estatu Batuetako 2024ko hauteskunde kanpainan egindako azterlan batek egiaztatu ahal izan duena. Aipatu azterlanaren emaitzak ‘Science’ aldizkarian argitaratu dira.
Ikerketak agerian utzi duenez, X bezalako sare sozial batean mezu oldarkorren kopurua handitzeak edo murrizteak erabiltzaileek arerio politikoarekiko duten sentimenduan eragiten du. Fenomeno hori modu berean ematen da orientazio politiko ezberdineko erabiltzaile guztietan.
Stanford, Washington eta Northeastern unibertsitateetako ikerketa-taldeak, adimen artifizialaz baliatuz, X sare sozialeko erabiltzaile bakoitzak denbora errealean ikus ditzakeen mezu oldarkorrak berrantolatzeko gai den tresna bat garatu du. Mezu horiek kopurua murrizten denean, erabiltzaileek arerio politikoarekiko gertutasun handiagoa azaltzen dute; ostera, horrelako mezuak ugaritzen direnean erantzuna bestelakoa da. Egileen ustez, astebetean gertatu zen aldaketa emozionala Estatu Batuetako hiru urteko polarizazio politiko ‘naturalaren’ baliokidea da.
“Sare sozialetako algoritmoek zuzeneko eragina dute gure bizitzan, baina orain arte, plataformak izan dira horiek ulertzeko eta moldatzeko gai izan diren bakarrak”, azaldu du Standford-eko Ingeniaritza Eskolako informatika irakasle eta azterlanaren buru Michael Berstein-ek. “Ikertzaileei eta azken erabiltzaileei botere hori eskaintzen dien ikuspegi bat egiaztatu dugu” azaldu du.
Nola aldatu X-ren algoritmoa
Plataforma handietatik kanpo inor gutxik zekien algoritmoek gure garunean duten eragina. Ezagutza hori blindatuta zegoen. Orain, esperimentu honek, lehenbizikoz, aukera eman die ikertzaile independenteei benetako baldintza ezberdinetan diseinu algoritmiko ezberdinak probatzeko.
Esperimentua 2024ko uztaila eta abuztua bitartea egin zen, Estatu Batuetan egoera politiko korapilatsua bizi izan zuten garai batean: Donald Trump-en hilketa saiakera, Joe Biden-en dimisioa eta Kamala Harrisen izendapena. Aldi horretan, 1.256 erabiltzailek egunero erabili zuten X sare soziala bere web nabigatzailea erabiliz, non, haiek jakin gabe, hedadura batek bere feed-a denbora errealean aldatzen zuen.
Ikertzaileek X eraldatzeko modu bat aurkitu zuten enpresari baimenik eskatu gabe. Chrome edo Edge nabigatzaileetan instalatutako hedadura baten bidez erabiltzaileek X sare soziala erabiltzen zuten bakoitzean, software batek feed-a gelditzen zuen pantailan azaldu baino lehen, zerbitzari batera bidaltzen zuen eta AAren bidez, mezu politiko bakoitzaren oldarkortasun-maila ebaluatzen zen. Azkenik, softwareak mezuak aurkezten zituen baina beste modu batean ordenatuta.
TizianoPiccardik, ikerketaren lehen egileak eta orain John Hopkins Unibertsitateko konputazio-zientzien irakasle laguntzaileak, muturreko sentimendu alderdikoi negatiboak detektatzen dituen hizkuntza-eredu batekin batera sortu zuen tresna hau.
Sistemak toxikotasun detektagailu baten antzera funtzionatzen du. Argitalpen bakoitzak puntuazio bat jasotzen zuen: indarkeria politikoaren aldekoa da?, alderdien arteko edozein lankidetzaren aurkakoa da?, gertaerak ideologiaren arabera desitxuratzen ditu?
Mezu batek gutxienez zortzi oldarkortasun-irizpidetatik lau betetzen bazituen, problematiko gisa markatuta geratzen zen. Parte-hartzaileen erdia despolarizazio-esperimentu bati esleitu zitzaion, eta beste erdia, hiperpolarizazio-esperimentu bati. Batzuentzat, mezu oldarkorrak feed-arenamaieran azaltzen ziren eta erabiltzaileei oso zaila egiten zitzaien horiek ikustea. Besteen kasuan, berriz, mezu horiek lehen postuetan azaltzen ziren.
Astebete bakar bat iritzia aldatzeko
Eduki oldarkor gutxiago ikusi zuten parte-hartzaileek areriotzat zuten alderdiarekiko ‘berotasun’ handiagoa azaldu zuten. Eduki oldarkor ugari ikusi zuten horien kasuan, berriz, kontrako efektua eman zen. Egileen ustez, erregistratutako aldaketak, oso handiak izan gabe, Estatu Batuetako hiru urteko polarizazio politiko ‘naturalaren’ baliokidea dira. Gainera, kontuan hartu behar da aldaketa horiek astebete bakar batean eman zirela.
“Parte-hartzaileek horrelako eduki gutxiago ikusi zituztenean kontrako alderdiko jendearekiko begirune handiagoa azaldu zuten” azaldu du Piccardik. “Ostera, horrelako edukiekiko esposizioa handiagoa izan zenean ‘hotzago’ azaldu ziren”.
Gainera, efektu hori oso antzeko da ia talde politiko guztietan. Demokratek eta errepublikanoek modu berean erantzun zuten. Genero, arraza, adina edo hezkuntza-maila bezalako aldagaiek ere ez zuten eragin esanguratsurik izan.
Aldaketa emozionalak berehalakoak izan ziren. Ehun puntuko eskala batean, oldarkortasun gutxiago ikusteak amorrua eta tristura bost puntutan murrizten zuen. Horrelako eduki gehiago ikusteak berriz, emozio horiek antzeko neurrian igotzen zituen. Baina efektu horrek iraungitze-data du: X itxi eta ordubetera emozioak berera bueltatzen baitziren. Hau da, plataformak zirrarak kontrolatzen ditu horren barruan zauden bitartean.
“Sarritan, eduki mota hori ikustean berehalako erantzun emozional saihestezina dago”, azaldu duStanford Unibertsitateko psikologia irakasle eta ikerketan parte hartu duen JeanneTsaik. “”Eduki polarizatzaile horrek bere arreta bahitu besterik ezin du egin jendea gaizki sentiaraziz ikusten duenean”.
Plataformek ez dute bakarrik egingo
Azterlanak frogatu duenez, eduki toxikoak murrizteak polarizazioa murrizten du, baina ekonomikoki ez die mesede egiten plataformei. Esperimentuan ikusi ahal izan denez, eduki oldarkorrak murrizten direnean, erabiltzaileek plataforman ematen duten denbora ere murritze da: ia bost minutu gutxiago egunean. Eduki oldarkor gutxiago ikusi zuten horiek, batez beste, astean 169 argitalpen gutxiago ikusi zituzten. Plataforman denbora gutxiago egoteak suposatzen du erabiltzaileek iragarki gutxiago ikusten dituztela eta, ondorioz, plataformak diru-sarrera gutxiago dituela.
Garatu duten metodoak aukera ematen die beste talde batzuei plataformek beren ekimenez hedatzera inoiz ausartuko ez liratekeen esku-hartzeak probatzeko. Bernsteinen arabera, algoritmoak modu independentean ikuskatzeko nahiz eztabaida publikorako diseinu osasungarriagoak probatzeko balio du tresnak.
Esperimentuak galdera deseroso bat uzten du mahai gainean. Algoritmoen bidez iritzi politikoak aldatzea posible izateaz gain, azkarra eta eraginkorra ere badela erakusten du. Ikertzaileek astebetean mila pertsona baino gehiagoren iritzi politikoak aldatu badituzte, zer ezin izango dute egin tresna berberak dituzten plataforma teknologikoek, baina milioika erabiltzailerekin eta urteetan zehar?
Hortaz, zalantza ez da algoritmoek politikan eragiten duten ala ez, baizik eta zenbat eta nork erabakitzen duen norantz bultzatzen duten. l
Temas
Más en Sociedad
-
Fallece Miguel Ángel Larrañeta, uno de los fundadores de la Asociación Navarra para la Salud Mental
-
Las víctimas de la dana no se reunirán con Pérez Llorca mientras no exija el acta a Mazón
-
Premio a tres investigadores de la UPNA por un estudio sobre empresas y previsiones financieras
-
Detenidos en Perú y Alicante dos de los fugitivos más buscados en Europa