Batzuek urrutira joan behar izan zuten. Beste batzuek, ordea, gerra garaian familia osoa aurrera atera. Ezagutzen ez zituzten gizonekin ezkondu behar izan zutenak ere egon ziren. Beste garai batzuk, bai, baina bizitza horiek errealak dira eta Tafallako Ikastolako ikasleek ahanzturatik berreskuratu dituzte, gure orainaren eta iraganaren artean zubiak sortu nahi dituen proiektu baten bidez.

Gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen emakume sortzaile, idazle, matematikari eta zientzialarien izenak historiatik ezabatu direla. Gehiengoak ahaztuak izan dira. Baina, zer gertatzen da gure familiako emakumeekin? Merezi duten bezala baloratu ditugu ala ikustezinak izan dira?

Hori da Garcés de los Fayos Ikastolak duela urte batzuetatik DBH 2-ko ikasleekin abian jarri duen proiektuaren abiapuntua. Gaztelania eta Plastikako irakasgaien arteko elkarlan bat, birramona horien erretratu eta poemen erakusketa batekin amaitzen dena. Senide guztiak daude azken erakusketara gonbidatuta, eta, bide batez, pertsona batzuentzat sorpresa da.

Hain zuzen ere, sorpresa, ekimen honen motibatzaile garrantzitsuenetakoa dela esan daiteke. “Injustizia historikoa konpontzea eta, aldi berean, aitona edo amona bati sorpresa bat ematea proposatzen zaie ikasleei”, azaldu du Doniantsu Mendioroz San Martinek, proiektuaren irakasleak. Horrek emozio handia ematen dio proiektuaren aurkezpenaren egunari, ekitaldira joaten diren aitona-amonek ez baitakite zer aurkituko duten. “Eta bat-batean, amaren irudia eta berari buruz bilobek ikertu eta landu duten guztia ikustean, izugarri hunkitzen dira”. Ikasleak, orduan, beren lanak duen balioaz ohartzen dira. 

Prozesua ez da erraza. Ikasleek ezagutzen ez duten emakume baten bizitza aztertu behar dute. “Belaunaldi bat saltatzea erabaki genuen, oso interesgarria iruditzen zitzaigulako XX. mendeko lehen hamarkadetara joatea”, adierazi du Edurne Mendia Intxustak, proiektuaren beste irakasleak. “Beraien amonak ezagutzen dituzte, gehienek haiekin hitz egin dezakete oraindik, baina aurreko belaunaldia da benetan ahaztura horretan erortzeko arriskuan dagoena”.

Belaunaldien arteko jauzi horren ondorioz, ikasle gehienak hutsetik hasten dira lanean. “Batzuek ez dakite bere birramonaren izena ere”. Beraz, haien bizitza osatzeko, osaba-izebak, aita-amak eta gainerako senide eta lagunak konplize bilakatu behar dituzte informazio guztia lortzeko.

Ikerketa-fasea amaitu ondoren, proiektuaren bigarren atala hasten da: pertsona horren bizitza kontatzen duen poema sortzea. “Erronka birramonaren bizitza modu poetikoan islatzea da -azaltzen du Edurnek- eta horretarako beharrezkoa da zuzenketa eta zirriborro ugari egitea. Prozesu honek errima, baliabide literario eta klasean landutako poemaren egitura anitzekin esperimentatzea eskatzen du”.

Aldi berean, ikasleek birramonaren gaztetako argazki bat lortu behar dute, haien senideei galdetuz, baina sorpresa jasoko duen pertsonari ezer kontatu gabe, noski. Argazki zaharrek duten xarma ikasleentzat erakargarriak dira eta hori oinarri hartuta kolore bakarreko erretratua sortzen dute. Ikasturtean zehar landutakoa adierazpen artistikoko lan honetan uztartzen dute: marrazteko teknikak eta koloreari buruz ikasitakoa. 

Familiak, erakusketan. UTZITAKOA

Plastikako arloan, ikasleek iraganera bidaiatzen dute artearen bidez. “Oraingoan, etxeko altxorrak bilatzea tokatzen da -dio Doniantsuk- birramonaren gaztetako argazki bat eskuratu behar dute, senideen laguntzaz, baina sorpresa jasoko duen pertsonari ezer esan gabe! Argazki zaharrek duten xarma berezia inspirazio bihurtzen da”.

Argazki horiek abiapuntu hartuta, ikasleek monokromatikoa den erretratu pertsonal bat sortzen dute, irudimena eta teknika uztartuz. Ikasturtean zehar ikasitako marrazteko gaitasuna eta kolorearen adierazkortasuna lantzeaz gain, emozioak islatzen ikasten dute, belaunaldien arteko lotura artistiko eta sentimentala eraikiz. Lan honek, ikasleen sormen pertsonala eta ondare familiarra batzen ditu.

Behin betiko irudia eta testua prest daudenean, ikasleak erakusketaren antolaketan sartzen dira: gonbidapenak eta aurkezpen testua sortzen dituzte eta aretoan obrak ongi kokatzen dituzte, espazioa polita eta armonikoa gera dadin.

Eta eguna iritsi da Ateak irekitzen direnean, ikastola familiaz betetzen da eta, berehala, emozioek eta oroitzapenek bizia hartzen dute. “Familia bakoitza denbora luzez gelditzen da bere erretratu eta testuaren aurrean, haien artean hitz eginez, elkar besarkatuz, eta batzuetan aitona-amonen masailetan irribarreez gainera malkoak ere ageri dira”, azaltzen dute irakasleek.  

Hilabeteetan zehar genero ikuspegitik landutako adierazpen artistiko eta idatzizko proiektu honek amaierarik politena izaten du une horretan. Bidean, gainera, ikasleek hainbat alderdi garatzen dituzte: pazientzia, iraunkortasuna, norberaren akatsetatik abiatutako ikasketa eta, batez ere, bizkortasunean murgilduta bizi garen mundu honetan, lan geldoak duen garrantziaz ohartzen dira.