Zaila egiten zaigu zenbait gairen inguruan hitz egitea. Seme-alaben gurasoenganako indarkeria da horietako gai bat eta, askok kontrakoa pentsa dezaketen arren, ohi baino gehiagotan ematen den fenomenoa da. Izan ere, Zurich-eko Unibertsitatean egin den azterlan baten arabera, 11 eta 24 urte bitarteko gazteen heren batek, gutxienez behin horrelako indarkeria erabili duela adierazten du. Azterlana urtarrilean argitaratu da ‘European Child & Adolescent Psychiatry’ aldizkarian eta 13 urtez 1.522 gazteri egindako jarraipenean oinarritzen da.
Urte horietan zehar, ikerketa taldeak, aldiro-aldiro, gazteei galdetu zien ea gurasoak ‘amorruz’ jo, ostikatu edo haiei objekturen bat jaurti ote zieten. Komatxo arteko oharra garrantzitsua da, hitzezko gehiegikeriak, mehatxuak eta bestelako erasoak baztertzen dituelako. Eroaldiaz galdetu dute, bultzada batean amai daitekeen bulkada emozional horretaz, hain zuzen ere.
13 urterekin, nerabeen % 15 inguruk onartzen du gurasoak erasotu izana. Urteak aurrera egin ahala ehuneko horrek behera egiten du, baina ez da guztiz desagertzen. Eraso gehienak nerabezaroan ematen diren gertaera isolatuak diren arren, 24 urteko gazteen % 5ek jokabide oldarkor horiek mantentzen ditu eta eredu gero eta egonkorragoa azaltzen du. Hortaz, ez da gauza puntual bat. 20 urterekin erasotzen duenak hemezortzi aldiz aukera gehiago ditu 24 urte bete aurretik eraso horiek errepikatzeko.
Ikerketaren ondorio garrantzitsuenetako bat da indarkeria mota hori leku guztietan ematen dela. “Arazo honek maila sozial guztietan ematen da” dio Zuricheko Unibertsitateko Jacobs Zentroko ikerlari Laura Bechtiger-ek. Ez da testuinguru sozial batera edo genero batera mugatzen. Familia aberatsak eta pobreak, doktoretza duten eta lehen mailako ikasketarik ez duten gurasoak, bertako herritarrak eta etorkinak. Seme-alaben gurasoenganako indarkeriak ez du diskriminatzen. Gizarte-arazoak sailkatzeko erabili ohi diren klase-muga guztiak zeharkatzen ditu. Indarkeria beste batzuen kontua dela pentsatu ohi da, auzo gatazkatsuena, familia desegituratuena. Baina ez. Garapen betean dagoen nerabe bat eta mugak jartzen saiatzen den heldu bat dauden leku guztietan agertzen da.
Gatazka ‘arruntak’
Proiektuaren zuzendarikide Denis Ribeaud-ek azaldu duenez, “guraso eta nerabeen arteko gatazkak normalak dira, baita garapenerako garrantzitsuak ere. Pubertaroan izaten diren suminaldi isolatuek hausnarketa eragin behar dute, baina ez dira nahitaez alarma pizteko arrazoi. Hala ere, eredu bat sortzen bada, hori alerta-seinale bat da”, ohartarazi du.
Azterketak indarkeria fisiko oldarkorra bakarrik aztertu duenez – kolpeak, ostikoak, objektuen jaurtiketa –, ziurrenik, benetako kopurua handiagoa izango da, irainak, mehatxuak, aurrez pentsatutako indarkeria eta beste eraso mota batzuk kanpoan geratu baitira.
Manuel Eisner eta Ribeaudekin batera proiektua zuzendu duen Lilly Shanahan irakasleak adierazi duenez, “badirudi heren batek gurasoei eraso egiten diela”, baina “gertakari isolatuak izaten jarraitzen dute, pubertaroko gatazken erdian. Ezin da indarkeria sistematikoaz hitz egin”.
Kalean uso. Etxean otso.
Ikerketaren arabera, bost gaztetik bik indarkeria kasu ugari aitortu zituen. Eta hori, hain zuzen ere, benetako kezka eragiten duena. Horrelako kasuetan, ikertzaileek nerabe horien istorioak aztertu zituztenean, patroi edo eredu argiak aurkitu zituzten.
Ikertzaileen arabera, arreta-eskasiaren eta hiperaktibitatearen (TDAH) sintomak zituzten haurrek % 26 aukera gehiago zituzten gurasoekiko oldarkor bihurtzeko. Zigor fisikoekin eta oihuekin hazi zirenek ere arrisku handiagoa erakusten zuten, % 24 gehiago, hain zuzen ere. Eta gurasoen arteko etengabeko borrokak ikusteak aukerak % 17an handitzen omen ditu. Azterlanak iradokitzen duenez, indarkeria ikasi egiten da, beste jokabide batzuk ere ikasten diren modu berean. Etxean diren gatazkak oihuka eta kolpeen bidez konpontzen badira, adingabeek eredu hori barneratzen dute.
Etxean pairatutako indarkeriak ere eragiten du. Jazarpena, erasoak etxean, auzoko indarkeria… horrelako erasoak jasan behar izaten dituzten haurrek probabilitate handiagoa dute gurasoei erasotzeko, baita berez bereziki bortitzak ez badira ere. Kanpoan pilatutako tentsioa deskargatzeko leku bihurtzen da etxea.
Zer egin erasoak ekiditeko
Azterlanak, halaber, nerabeak erasoan erortzetik zerk babesten dituen ere identifikatzen du. Adibidez, indarkeria-arriskua murrizten duena ez da beldurra, ez diziplina sutsua, ezta zaplaztekoen poderioz errespetua ezartzen duen aita autoritarioa ere. Justu kontrakoa da. Gatazka eta emozio negatiboak kudeatzen ikasi izanak erasoa murrizten du. Eta presente dauden gurasoak izatea, interesatuak, inplikatuak, babes emozionala ematen dutenak, baita ere.
Eisnerren ustez, “prebentzioa gurasoei eta seme-alabei zuzendu behar zaie”. Gurasoek zigor fisikoa atzean utzi eta gatazkak hitz eginez konpontzeko ingurune bat sortu behar dute, ez kolpeka. Haurrek, berriz, laguntza jaso behar dute beren emozioak txikitatik kudeatzen ikasteko, portaera-ereduak zurrun bihurtu aurretik.
Uneak ere garrantzitsuak dira. 20 urtetik aurrera, erasoek enkistatzeko joera dute. 24 urterekin bortitza izaten jarraitzen duen % 5 horrek patroi horiek etorkizuneko familietan erreproduzitzeko arriskua du.
Ribeaudek hiru ohartarazpen argi adierazten ditu: eraso fisiko errepikatua, gero eta intentsitate handiagoarekin; damurik eza; eta, familiatik haratago hedatzen den portaera oldarkorra. Horietako edozeinek familiak laguntza profesionala bilatzera eraman behar ditu.
Gai tabu bat
Esan bezala, ikerketa hamahiru urtez 1.500 gazte baino gehiagori egindako jarraipen batean oinarritu da. Gazte horiek sei ebaluazio gainditu behar izan dituzte 11 eta 24 urte bitartean. Jarraitutasun horrek erakusten du etxeko indarkeriak zein nolako bilakaera edo garapena duen: pubertaroko gailurretik hasi eta talde minoritario batean irauten duen arte, zeinak helduaroan mantentzen duen.
Shanahanek onartzen du azterketak muga handiak dituela. Berariazko bi jokabide baino ez zituzten neurtu, eta soilik haserre-egoeretan gertatzen zirenean. Horrek kanpoan uzten du indarkeriarik hotzena eta kalkulatuena, agian kezkagarriena. Gainera, galdetegi anonimoetan oinarritzen denez, litekeena da parte-hartzaile batzuek lotsa dela eta hainbat pasarte ezkutatzea. Hortaz, benetako zifra are handiagoa izan liteke.
Aurkikuntzek familia-indarkeriari buruz sakon errotutako bi ideiari aurre egiten diete. Lehenengoa, beti norabide bakar batean zuzentzen dela, hots, gurasoengandik seme-alabengana. Bigarrena, familia desegituratuen edo klase baxuen arazo esklusiboa dela, datuek muga sozioekonomiko guztiak zeharkatzen dituela erakusten baitute.
Seme-alaben gurasoenganako indarkeria alde biko gai tabu bat da. Alde batetik, indarkeria hori erabiltzen duten gazteek ez dute horren inguruan hitz egin nahi, hezi eta hazi zaituen hori kolpatzea suntsitzailea delako. Bestalde, gurasoek ere ez dute gai horren inguruan hitz egin nahi, zure seme-alabak jotzen zaituela onartzeak familiak porrot egin duenaren seinaletzat hartzen delako. Hortaz, guztiaz isilik geratzen dira arazo horren aurrean eta isiltasunean errotzen da arazoa.
Ekin berandu izan baino lehen
Hortaz, gakoa esku-hartzea ahalik eta azkarrena izatea da, hots, erasoa ohitura bilakatu baino lehen. Lehen hezkuntzan erregulazio emozionala eta gatazken konponbidea irakasteak murriztu egin dezake pubertaroan familia-gatazkak areagotzen badira, indarkeria erabiltzen duten nerabeen kopurua.
Ribeaudek kontuan hartu beharreko jarraibide batzuk eskaintzen ditu: pubertaroan gertatzen diren gertakari isolatuak hausnarketarako arrazoi dira; eredu errepikatuak, alarmarako. Bereizketa garrantzitsuak dira garapenaren gatazka normalak ez dramatizatzeko, baina baita benetako alerta-seinaleak alde batera ez uzteko ere.