Zangoza Zaharra”, gaur egun Rocaforte herriarekin identifikatuta dagoena X. mendean musulmanen aurkako defentsarako paper garrantzitsua bete zuen. Donejakue Bideak ekarri zuen distira handiaren ondorioz, Antso Ramirezek, Iruñeko eta Aragoiko erregeak, Jakako forua eman zuen 1090 inguruan, Zangoza birpopulatzeko eta Donejakue Bidean etapa nagusi gisa ezartzeko”.

Hau Zangozaren historia ofizialarenzati bat da, badira beste istorio asko, intrahistoriak agian, isilago doazenak, sedimentu berriak, egunerokoagoak eta boterearen gora beheretatik eta garaile eta garaituen historia- kontaketatik urrunago daudenak.

Zangoza Ikastola Zangozaren eta merindadearen historiaren zati bat da, xederik gabeko historia, gizarte-erantzukizuneko eta komunitate-sentimenduko balio etikoen eredua, non belaunaldi, ideologia, sinesmen... desberdinetako pertsonak irauli egin diren eta iraultzen jarraitzen duten guztionona lortzeko: hobeto hezitako gizartea eta gizarte euskaldunagoa.

Bere printzipio eratzaile, sozial eta hezitzaileei leial, Ikastolek kalitatezko irakaskuntza eskaintzen jarraitzen dute Nafarroan. Euskal Herriko 114 ikastolak lurraldean errotuta dagoen eskola laiko, plural, solidario, aktibo, berritzaile eta parte-hartzailearen eredua dira, modu demokratikoan parte hartzen eta partekatzen ikasten duena eta sareko lanari garrantzi handia ematen diona.

Ikastolena herri proiektua da, herritarra eta herrikoia. Euskarazbiziko den herri euskalduna ari gara eraikitzen, eta herri honetan eragile izango diren pertsonak arigara hezten. Auzolana, elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen hezkuntza mugimendu kooperatiboa da gurea, hezkuntza, hizkuntza eta kultur eragileei irekia eta haiekin elkarlanean diharduena.

Euskara biziberritzeko sortu ginen, murgiltze ereduaren bitartez kalitatezko hezkuntza eskaintzea izan da gure egitekoa, eta horretan jarraituko dugu, eredu pedagogikoan sakonduz, material berriak ekoitziz, irakasleen prestakuntzan eraginez, gure herriko hezkuntza sisteman beharrezko ez ezik ezinbesteko garelako. Euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, eta errealitate hori ezin ezkuta daiteke. Azken hamarkada hauetan urratsak egin dira, baina oraindik ere egoera gutxituan jarraitzen du eta, beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude bezala.

Zangoza Ikastola Nafarroako lurraldea euskarazko hezkuntzatik ehuntzen duten Ikastolen sarearen parte da, beste 14 Ikastolekin batera. Guztiek dute bokazio sozial argia eta eraldaketa sozialeko balioak dituen gizarte hobea eraikitzeko lan egiten dute: Izaki askeak, pentsatzaileak, autonomoak eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko eta beren bizitzak modu iraunkorrean asmatzeko gai direnak sortzeari ematen diogu lehentasuna. Eta hau guztia euskaraz egin dezaten lan egiten dugu. Premisa horren arabera, gure ustez, hezkuntza-sistemako eragileek bat egin behar dugu izaki askeak, pentsatzaileak, autonomoak eta sortzaileak prestatzearekin, eta hezitzaileek beren pentsamenduak garatzeko tresnak eta gaitasunak izatearekin.

Euskal Herriko 114 Ikastolek Hezkuntza Marko Orokor berria onartu dugu duela denbora gutxi eta bertan ipar pedagogikoa definitzen da; hau da, jomuga dugun persona-eredua. Guretzat persona-eredu horrek badu bereizgarri garrantzitsu bat: “euskaldun” izatearena, hain zuzen. Euskaldun eredu hori hiru ezaugarritan zehazten da: euskal hiztun osoa izatea, euskal identitatea eta Kultura bizi duena eta eleaniztuna. Honetarako, ikaslea mugitzen den esparru guztiak aintzat hartzeaezinbestekoa da: gela barrua, gelaz kanpokoa eta familia; hau da, ikaslearen sozializazio-esparru guztiak.

“Hiztunek ez diote bizkar ematen euskarari baina ez badugu euskara erdigunera ekartzen gure lehentasunetan, gure politiketan eta gure jardunean, bai pertsonalki, sozialki eta politikoki, ez dauka etorkizun handirik gure komunitate honek”. Iñaki Iurrebasoren hitz hauek bat egiten dute Ikastolon kezkekin eta horregatik Nafarroa Oinez festa honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu behardugu: Piztu Euskara Zangozaldean, piztu euskara Nafarroan.

*Nafarroako Ikastolen Elkartekozuzendaria