Zuzendari izatea egokitu zaizu Nafarroa Oinezaren urte berezi honetan. Nola bizi izan duzu?

Bizitza aldaketa bat izan da. Erronka bezala hartu nuen hasieratik, zuzendari izatearena erronka moduan hartu nuen bezalaxe. Esan zigutenean Nafarroa Oinez antolatzeko ardura izango genuela, modu berean hartu nuen. Lan ordu gehiago eskatu dizkigu, bilerak egin behar direlako, eta aldaketa izan da. Baina oso modu positiboan bizi izan dut orokorrean.

Laugarren Nafarroa Oineza da Zangozako Ikastolarentzat aurtengoa. Aldi berean, Nafarroa Oinez bakoitza berezia eta bakarra ere bada…

Bai, izan ere, langile batzuk berdinak garen arren familien komunitatea aldatuz doa. Orain dela 10 urtekoa langile moduan bizi izan nuen nik. Aurten, orain dela 10 urte lanean ibili zen jende asko ere batzordeetan egon da eta horrek esperientzia puntu bat eman digu. Polita izan da elkartu garelako esperientzia duen jendea berria den jendearekin, eta horrek aberastu egin gaituela uste dut.

Gaur egun, zer nolako da Zangozako Ikastolaren komunitatea?

Oso harro gaude daukagun komunitateaz. Oso kontziente gara non gauden eta zer behar dugun. Nafarroa Oinezaren antolaketarekin 108 familia eta 27 langile hasi ginen, eta ikasturte honetan 121 familia gaude. Oso harro gaude, ia familia eta langile guztiak batzordeetan ibili garelako. Urte eta erdiko lana izan da eta denak oso inplikatuta egon gara, ilusio handiz lanean. Pozgarria da, lana egiteaz gain, nola egin dugun lan ikustea. Ez da gure arteko tentsiorik izan, talde lanean ibili gara, konfiantza handiarekin batzordeen artean. Hau da, batzorde batek erabaki izan duenean zerbait, beste batzordeen erantzuna konfiantza osokoa izan da. Lan egiteko izan dugun modua harrotzeko modukoa dela esango nuke.

Aurretik ere komunitate indartsu bat zegoenaren seinale?

Bai. Oso kontziente gara daukagun errealitateaz eta horregatik badakigu denok jarri behar dugula gure aldetik. Horrek jartzen dizu tesitura batean non bakoitzak gehitu behar duen. Uste dut Nafarroa Oinezek eman digun gauza positiboetako bat hori dela: oraindik ere kohesionatuagoa eta indartsuagoa den komunitate bat izatearena. Nahiz eta nekea sumatzen dugun azken txanpa honetan, kontziente gara gurpil hau ez dugula gelditu behar, inertzia hau mantendu behar dugula.

Hainbat helburu ditu aurtengo Nafarroa Oinezak. Horietako lehena, kalitatezko hezkuntza euskaldun bat erdiestearena.

Orain dela 46 urte Zangozako Ikastola sortu zuten familia ausart horiek buruan zuten kalitatezko hezkuntza euskaldun bat nahi zutela euren seme-alabentzako, eta guk ere hor jarraitzen dugu. Urte honek eman digun ikuspegia ere bada hori: ikusi dezagun nondik gatozen eta nora jo nahi dugun. Eta uste dut oso koherentea eta indargarria izan dela barneratzea orain dela 46 urteko helburu berdinarekin jarraitzen dugula, kalitatea eta euskalduntasuna ditugula oinarrian. Pertsona erdigunean jartzen dugu, haurra da gure protagonista, berari begira ari gara lanean. Horrek kohesionatu egiten gaitu, bai familiak, bai irakasleak, bai langileak, helburu berdinaren alde lanean ari garelako.

Euskararen Legeak eremu ez euskaldun bezala izendatutako gunean kokatu izan du Zangoza urte luzez, ondoren eremu mixtoa delakora igaro den arren. Testuinguru horretan ikastola bezala jardutea zer nolakoa izan da?

Oso garrantzitsua izan da ikastolaren papera testuinguru horretan. Eskerrak duela 46 urte urrats hori eman zen, izan ere, Zangoza oso desberdina litzateke gaur egun hala izan ez balitz. Euskarari eta euskal kulturari eutsi dion arnasgune bakarra izan da Zangozako Ikastola bertan urte luzez. Eremu honetan euskaraz ikasteko aukera bakarra izan da, eta kultura bultzatu eta indartu duen estamentua. Horrek garrantzia handia du guretzat. Aurten, Ikastolen Elkarteak ekitaldi berezi bat egin zuen Beskoitzen, eta periferian egon garen ikastolen lana aitortu zuen. Benetan eskertu dugun zerbait izan da, garrantzia eman digulako. Izan ere, erdigunean dauden arnasguneak hala dira periferian egiten den lanari esker ere. Nekeza egiten da batzuetan periferiatik aritzea, lan handia egiten duzu eta ondoren kalera atera eta euskara gehiago entzun nahiko zenuke, ikasleen gaitasun komunikatiboa hobetzea… Baina horren alde lanean jarraitzen dugu, grinaz eta gogoz, euskarak behar duelako.

46 urte dira ikastolak bere bideari ekin zionetik. Ordutik hona testuinguru soziolinguistikoa aldatu egin da, hobera egin du eremuan.

Aldatu egin da, bai. Orain dela gutxi arte euskara ikasteko leku bakarra ikastola zen bezala, AEK ere indartu egin dela esango nuke, gero eta matrikulazio gehiago duela. Oraindik ere lan asko dago egiteko. Aisialdiari begira, adibidez, herrian ez dago eskaintzarik. Orain, Agerraldiari esker Jolasteka jarriko da martxan. Hor lan izugarria egiten du ere Bi Haizetara euskara taldeak, ikastolaren sare horretatik sortu den taldea. Beraz, egia da aldaketa egon dela baina egia da lan izugarria dagoela oraindik egiteko. Askotan, ikasleek arlo akademikoarekin lotzen dute euskara eta aisialdiak garrantzia handia du horrexegatik. Erabileran hobera jo behar dugu.

Auzolanaren indarra azpimarra-tzea ere bada aurtengo Oinezaren helburuetako bat. Zer da auzolana Zangozako Ikastolarentzat?

Guretzat bizirauteko tresna bat da. Auzolanik gabe ez ginateke hemen egongo. Ikasturtean zehar gela bakoitzak badauka bere auzolan propioa: bai Errigorako kutxak prestatzea, bai Olentzero antolatzea, bai San Juan suetako suak egitea… Gela bakoitzak bere auzolana dauka eta hori oso barneratua daukagu. Horretaz gain badira urte batzuk Zangozako jaietan ikastolako barra edo txozna jartzen dugula, eta hor ere familien artean egiten ditugu txandak. Gero, auzolan bolondresak izaten ditugu: deialdia egiten dugu eta izena ematen du posible duen pertsona horrek. Nafarroa Oinezen azken txanpa honetan, denok lepo gaudela, joan zen astean auzolan batera deitu genuen egun handirako ikastola txukundu eta apaintzeko. Harro egoteko moduko erantzuna eman zuten familiek. Patioa margotzen aritu gara, igeltsero lanetan, belarra mozten… Jendearen erantzuna izugarria izan da. Auzolana arrotz egiten zaion jendeari ere esaten diogu auzolanak taldea egiteko eta jendea ezagutzeko ere balio duela, talde sena indartzeko. Egia da sartzen den jende berriak, batzuetan beldurtuta sartzen bada ere, bukaeran beti esan izan digula zenbat disfrutatu duen.

Auzolana ez da bakarrik ematea beraz, jasotzea ere bada.

Bai. Pertsonal batzordeko kideek duela gutxi aipatu zigutena da horren adibide. Sanferminetako Oinez Txokoan laguntza pila bat jaso genuen beste ikastoletatik eta horri esker eraman genuen aurrera dena. Pertsonal Batzordekoak harrituta zeuden, nola zen posible txanda bukatu eta jendeak eskerrak ematea guri, egun guztia lanean eman ondoren. Auzolana balioan jarri behar dugu, gauza ikaragarriak lortu daitezkeelako honen eskutik.

Finantzazioa ere bada erdietsi beharreko helburuetako bat ikastolarentzat. Zein da egungo egoera, alde horretatik?

Bi helburu nagusi ditugu. Batetik, eraikin nagusiari dagokiona. Eraikin zaharra da, neguan hotza sumatzen dugu, leihoak hobetu behar ditugu, isolamendua ere. Bestalde, eraikuntza berria deitzen dioguna baina 2005ean eraiki zena, Haur Hezkuntzako eraikinari dagokiona. Ia 20 urte ditu dagoeneko eta zor bat daukagu oraindik eraikin horri lotuta. Zergatik dago oraindik zor hori? Gure eremuan despopulazioaren arazoa daukagulako gainean. Duela urte batzuk familia gehiagoren artean eramaten genuen zor horren zama, baina orain familia gutxiago gara eta hori nabaria da. Zangozako Ikastolak aurrera jarraitu nahi badu baliabide gehiago behar ditu, argi eta garbi.

Eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea aldera, zeintzuk dira beharrak?

Leihoak aldatu behar ditugu, zirrikitu guztietatik sartzen baita hotza. Paretetan ere sumatzen dugu isolamendua hobetu behar dugula, hortik beroak ihes egiten digulako. Bestalde, dagoeneko hasi gara argiztapena eraldatzen, argi ikusi genuelako hor inbertsio bat egin behar genuela fakturak murrizteko. Zerrenda luzea daukagu, baina lehentasunak markatuta ditugu jasangarritasun energetiko hori lortu ahal izateko.

Ikastolak urteak daramatza proiektu pedagogikoa eraldatzen. Zein da proiektu horren oinarria?

Ikasle euskalduna nahi dugu, euskal kulturaz gozatu eta disfrutatuko duena, sortzailea izatea. Era beran, kontziente gara euskara gure hizkuntza izan arren beste hizkuntzak ezagutzea aberasgarria dela eta munduari begira jartzen gaituena. Talde lanean dakien pertsona bat nahi dugu ere, kolektiboan pentsa dezala. Bere burua errespetatzen duen ikasle bat, bere ondokoarekin sozializatzen eta harremantzen dakiena. Horrek, eskutik dakar ingurugiroarekiko errespetua ere. Pertsona autonomoa eta kritikoa izatea nahi dugu. Egia da ikastolen mugimenduan asko hausnartzen dugula eta bide berriak bilatzen ditugula etengabe.

Eraldaketa horrek egokitzapen gaitasuna ere eskatuko du, ezta? Alde horretatik, Zangozako Ikastola bezalako ikastola txikientzat zein da horrek dakarren erronka?

Poliki-poliki joaten gara. Ohituta gaude horretara, lehentasunak markatzen ditugu. Agian lauzpabost arlo desberdinetan daukagu beharra, baina banaka joaten gara, ikasturtez ikasturte. Horrela ibiltzen gara normalean. Gure baliabideak ezagutzen ditugu baina irtenbideak bilatzera ere ohituta gaude. Askotan, hezkuntzan hormak buruan izaten ditugu, eta askoan horma horiek puskatzea izan ohi da zailena.

Txikia izateak malgutasuna ere ematen du?

Bai, azken batean familia baten modukoa gara, familiak ezagutzen ditugu eta horrek erraztasuna ematen digu. Txikia izateak gauza negatiboak ditu baina positibo asko ere. Klaustro egonkorra gara, urte asko daramatzagu elkarrekin, oso ongi ezagutzen dugu elkar, ahuleziak eta indarguneak ezagutzen ditugu eta indarguneetan zentratzen gara. Eta Nafarroa Oinezek hori ere eman digu, elkarrekin lan egiten jarraitzeko aukera.

Nola irudikatzen duzu Nafarroa Oinez eguna?

Urte osoan egin dugun lan horren ospakizuna izanen da. Besta eta ospakizuna irudikatzen ditut. Dena primeran atera dadila, merezi dutelako urte eta erdiz lan egiten aritu diren batzordekide guztiek. Eguraldi bikaina izatea eta jendea guregana etortzea espero dut, goza dezaten eta etxera dijoazenean “Zein egun polita pasatu dugun” pentsatzea. Zailtasunak aterako dira, baina urte guztian bezala irtenbidea bilatuko diegu.