BILBO. Horretarako, aurten ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Safer Internet Day Lehiaketaren IV. edizioa deitu du, Europar Batasunaren Safer Internet Programaren esparruan. ‘Elkarrekin Internet hobe baten alde’ lemapean, parte hartzen duten nerabeek eta umeek ikus-entzunezko dokumentuak sortu eta Interneten erabilera segurua eta arduratsua aztertuko dute

Lehiaketa horrez gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ahalduntze digitala beste neurri batzuen bidez ere sustatzen du. Horrela, egON LINE izeneko gida pedagogikoaren atzean dago, DBHko 1. eta 2. mailetako geletan teknologia berrien hezkuntzan lantzeko. 2016an, halaber, ‘Internet eta Teknologia Berriak. Hitz egingo dugu familiartean?’ gida argitaratu zuen. Gida horretan, oinarrizko urratsak ematen zaizkie gurasoei, seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsuan eta seguruan hezteko orduan kontuan hartu beharreko alderdi batzuen inguruan. 2017an, Kirolaren Euskal Eskolarekin (Eusko Jaurlaritza) eta foru-aldundiekin lankidetzan jardun zuen, ‘Gida, teknologia digitalen erabilera arduratsua izateko kirol-erakundeetan adingabeekin’ prestatzen.

Safer Internet Day urtero egiten da, bigarren hileko bigarren asteko bigarren egunean, Europako Batzordearen babesari esker.

Lehiaketa

Safer Internet Dayren laugarren edizioa Lehen Hezkuntzako 3. mailaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailaren arteko mailaren batean ikasten ari diren adingabeei zuzentzen zaie, heldu baten laguntzarekin. “Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezua baloratuko da, hausnarketak egiteko gaitasuna, hizkuntzaren erabilera eta berdintasunean oinarritzen den parte-hartzea, bai eta aurkeztutako proposamenaren orijinaltasuna ere”, esan du Amilibiak.

Lehiaketak parte-hartze kolektiboa sustatzen du. Ikastetxeek parte har dezakete, ikasgelek edo astialdiko taldeek, gehienez 25 pertsonako taldeetan. 2018an, hirugarren edizioan, ikus-entzunezko 60 proiektu egon ziren; guztira hogeita hamar ikastetxe eta aisialdi-talde aurkeztu ziren. Guztira, 617 adingabek parte hartu zuten.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Eusko Jaurlaritzak amaierako gala antolatuko du eta, bertara, neska-mutil finalistak gonbidatuko ditu eta, bertan, sarien banaketa egingo da. Aurten, Gobernuak Lakuan duen egoitzan izango da, Gasteizen, maiatzaren 10ean.

Bihar, asteartea, Safer Internet Dayren egun berean, epea irekiko da izena emateko, eta epea zabalik egongo da, apirilaren 15era arte. Ikus-entzunezko proiektuak Youtube plataformara igo beharko dira, lehiaketaren epean, eta, gainera, parte hartzen duten taldeek beren datuak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dituzte: saferinternetday@euskadi.eus. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Youtube kanala sortu du (SAFERINTERNETDAY EUSKADI) eta, bertan, aurkeztutako proiektu guztiak jasoko dira.

Edozein arte-adierazpen edo -diziplina onartuko da (musika, antzerkia, dantza, performancea?), baina, betiere, ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko da (irudiak eta soinua). Proiektuak, ahal dela, gehienez 2 minutukoak izango dira. Bi kategoria egongo dira: Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen arteko adingabeentzako kategoria; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko adingabeentzako kategoria.