KONTUA oso sinplea da. Ume batek oinarrizko ikasketak euskaraz egin ditu, eta gero, gazteago denean, hizkuntza horrekin amaitu nahi ditu bere ikastaldi osoa. Bada, hori gaur egun, ezin da toki guztietan egin, eta are gutxiago Ipar-Euskal Herrian. Han azterketak ezin dituzu euskaraz egin. Ondorioz, euskararen aldeko ahalbide hori eskatzeko eta aldarrikatzeko protestak egin dira egunotan. Bada, Frantziako Polizia, beste toki askotan bezala, protestaka zebiltzanak kolpatu ditu.

Kontua oso sinplea da. Azterketa batzuk euskaraz egin nahi dituzte euskaraz ikasten duten ikasle ba-tzuek. Ulertzen da, ezta? Ez ote da logikoa? Ez da inolako gai sordido eta aldrebeskoa, euskarazko azterketa batzuk dira. Badirudi Frantziako Hezkun-tza ministroak ez duela sinpletasun hori endelega-tzen, eta desobedientziara jotzea da azalpenik gabeko debekuen kontra aritzeko irtenbide bakarra.

Kontua oso sinplea da, baina aldarrikapen hori ukatzeko eta deuseztatzeko unean poliziak sortu zuen egoeraren irudiak benetan penagarriak izan ziren. Mintzatu beharrean, eta guztiok adostasun batera heltzeko saioak egin beharrean, poliziaren indar lotsagarria erabiltzen da beti, gizakiaren duintasuna zulorik beltzenean botaz. Kanpoaldeko hedabide zenbait arazoaz jabetu ziren eta hainbat albiste plazaratu ziren, ez-logikotasun hura islatu nahian.

Protesta ikusgarrian ere aritu ziren Madrilen hainbat zientifiko duela aste batzuk. Diputatuen Kongresua pintura gorriz zikindu zuten klima larrialdi globalaren gaiarekin dagoen pasibotasun itzela sala-tzeko. Zientifikoak dira, eta etorriko zaigunaz oha-tzen bagaituzte ere, inork ez die jaramonik egiten, eta are gehiago, batzuk atxilotuak izan dira benetako kriminalak balira legez.

Tartean, nire idazle eta poeta nahienetako bat, Jorge Riechmann. Kartzelan sartu ahal den idazlearen ahoan honakoa entzun dut: “Bi aukera poltiko-moral daude; nagusiz eta morroiz beteriko mundua nahi dutenena, edota berdintasunaren alde borrokatzen dutenena. Diruaren eta armen kontra, bigarren taldekoen organizazioaren indarrez solik egingo zaie aurre”.