Donostiako alkateak tasa turistikoarena atera eta lurrikaratxo bat (udan gaude) izan dugu EAEko egonkortasun instituzionalean: gobernukide sozialistak berehala jarri dira tasen aurka eta alkatearen alderdikide beraiek ere ez dute aurpegi onik erakutsi. Jakin dugunez, Donostiako udalak aho batez onartu zuen tasa turistikoena aztertzea pandemia baino lehenago, oraingo kontu hau, beraz, ez da berri-berria.

Tasen aurka azaldu dira PPkoak (nola ez) eta “sektore” hitzarekin ezagutzen duguna: normala, urrezko arrautzen oiloa beraientzat bakarrik nahi dute. Beste batzuek tasa ezartzeko zailtasunak aipatu dituzte: badirudi hamaika txosten, batzorde, ikerketa eta ez dakit nik zer behar direla zerga berria indarrean jartzeko. Ez dut ezer sinesten. Beste batzuek, bihotz handiagokoek antza, pobreen kontrako neurri elitistatzat hartu dute tasena, pobreek oporretara joateko aukera izango balute bezala. Eta azkenik, beste batzuek, kontzientziatuagoak antza, tasekin ez dela masa turismoak dakartzan arazoak konponduko errepikatzen digute. Argi dago tasa turistikoek ez dutela masa turismoa hilko, Europatik bidaiatxo bat egitea nahikoa izango litzateke hori egiaztatzeko. Masa turismoa munstro handiegi bilakatu da, kontroletik kanpo dago erabat.

Ez dirudi zilegi denik urrezko arrautzak batzuentzat bakarrik gordetzea; Europako leku gehienetan udalek biltzen dituzte zerga turistikoak, Katalunian eta Balear Uharteetan, baita (hara ustekabea!) Euskal Herriko zenbait tokitan ere: Maule hiri txikian tasa turistiko txiki bat dute, adibidez.

Benetako arazoa ez zait zerga ezarri behar den ala ez iruditzen (ni alde nago), baizik eta, zergak direla-eta betiko kezka, zer egingo den lortutako diruarekin: lehenik eta behin, turistek utzitako kaka garbitu eta turistek erabili dituzten zerbitzuak leheneratu, eta gero, dirua gelditzen bada, bertan bizi eta turistak jasan behar dituzten beharrei erantzun.

“Sektorea” lasai egon daiteke, urteak pasako dira zerga ezarri baino lehenago. Lagun onak dituzte Eusko Jaurlaritzako bi alderdietan. lirri