Igaro berri dugun asteburu honetan Berria egunkariak argitaratu duen Mariasun Landa (Errenteria, 1949) eta Txaro Arteagaren (Donostia, 1944) arteko elkarrizketak, “Zerumugan libertatea jarrita” izenekoak, zer pentsatua eta zer proposatua eman dit. Konplizitate keinuz beteriko elkarrizketaren momentu batean, elkarrizketatuek diote beraiek mundua deskubritzen ari ziren garaian, bazegoela hitz magiko bat: askatasuna. Eta dena laburbiltzen zela hitz magiko horretan. Askatasuna zela nahi zutena: pertsona bezala, herritar bezala, emakume bezala… Orain, ostera, hitz magikoa beste bat dela: zoriona edo zoriontsu izatea. Eta hitz biok banan uler daitezkeela. Hau da, batak ez duela beste ekartzen, eta batak ez duela bestea derrigorrez behar. Askea izan zaitezkeela zoriontsu izan gabe, eta zoriontsua zarela sentitu dezakezua askea izan ez arren.

Elkarrizketatuen hitzak eta Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) Desertuan behatxuloa saiakera irakurri ondoren, niri, gaur amesten dugun beste hitz magiko bat datorkit burura: “nahi dudana egin edo nahi dudana esatea”. Bai Mariasunek eta bai Txarok, jada, ez diotela ezeri beldurrik diote, ez esango dutenari, ez esateko daukatena esateari. Anjel Lertxundik ere baditu bere liburuan pasarte esanguratsuak, zeinetan beldurrari uko egiten dion, esango eta pentsatuko dutenari eta, beraz, autozentsurari. Mariasunek dio, jada, ez duela ezer galtzeko. Txarok nahi duena egiten duela, ez zaiola batere inporta. Mariasunek motxila du hizpide, urteek eta eskarmentuak baizik ematen ez duten oreka.

Gaur, “nahi dudana egitea eta esatea” horrek bi adiera ditu. Lotsagabea bata, araurik onartu nahi ez duten libertarioen ahoetan entzuten dena. Eta ezagutzak (adinak esaterik legoke?) errazten duena bestea. Beldurrik ezagutzen ez duena eta ahalez janzten zaituena. Norbaitek uler lezake azken estadio hau dela benetako askatasuna. Beste batek, zorionaren etxea. Ezbairik gabe, gaur, magia duen hitza edo esaldia da eta askatasun kontzeptua beste maila batera igotzen duena.