Bere burua abertzaletzat duen, EAJko kide den pertsona baten printzipio-kontua besterik ez da adieraziko dudana. Euskadin, bere emakume eta gizonengan sinesten duen pertsona batenak hain zuzen. Jeltzale honen ustez, politikan helburuak ezartzea garrantzitsua bada, agian garrantzitsuagoa aldez aurretik planteatutako helburu horietara pixkanaka hurbiltzeko bidea ezartzea. Helburu horiek ez dira zuria edo beltza, dena edo ezer ez, behin betiko sokatira. Zeren tontorrera modu askotara irits daitekeela uste dutenetakoa naiz. Elkarrekin biziko diren kide izatearen sentimendu desberdinez osatutako Euskadi bat nahi duten horietakoa. Nago Euskadiko herritarren borondate demokratikoa elkarrekiko bizikidetzaren oinarri izango dela, eta ezberdinen arteko akordio zabalek etorkizuneko erronkei aurre egiteko balioko dutela. Uste dut beraz, negoziazioa, ez debekatzea, ezta inposatzea ere, erabakitzeko eskubidea eta bizikidetza eta aldebikotasun erreala eta errespetuzkoa, Euskadi eta Espainiaren artean bide eta harreman adostu eta adeitsua beraz, bide zuzen, egoki eta bakarra dela. Ziur jarraituko dugula izaten, ez bakarrik proiektua eta irtenbideak sortu eta eraiki(ko) ditugulako, baizik eta etorkizunari hauspoa, haizea, kemena eta itxaropena eman nahi diogulako. Ilusioa pizten dit Euskadik, auzolanean eraikitzen dugun aberriak. Pragmatismoa gustukoa dut. Printzipioak ez ditut koiunturarekin nahasten. Euskal nazioa aurrera egiten, eraikitzen eta modu solidarioan hobetzen ikuspegi zabalarekin amesten dut. Politikaren erdigunean atxikimendu askea jarri, baina gehiengo handirik gabe ezin dela ezer jaso uste duten horietakoa nauzue. Euskadirengan konfiantza dut, bere herritarren eta haren espiritu ekintzailearengan, euskaldun dugun nortasunarengan. Gure jendearen balioa estimatzen dut, baita oraina eta etorkizuna marrazteko dugun eskubidean ere. Eta urrats seguruz eta begirada luzearekin integratzeko, inklusibo izateko eta negoziatzeko dugun gaitasun adimentsu eta ausartean. Dut, dugu.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
