Zer irakurtzen dute gure ikasleek? Zaletasuna dagoela esan genezake ala derrigorrezko hori besterik ez da irakurtzen dutena? Egia al da gaurko ikasleek ez dakitela irakurtzen? Publikatzen dena ezagutzen al dute? Nola anima ditzakegu irakurtzera?

Hauek eta beste hamaika galdera dira buruan ditugunak irakurketari buruz hausnartzerakoan, irakurketa oso garrantzitsua delako, hori argi dago, ezinbestekoa, bai esparru akademikoan aurrera egiteko eta baita bizitzarako ere. Baina gaia konplexua da, ertz ezberdinak ditu, kezkatzen gaitu. Hori dela eta, irakurketaren erronkari aurre egiteko bidean ari gara aspaldi Arangoiti Ikastolan.

Ez dezagun irakurlea abandonatu!

Askotan, ikasleak haien kabuz irakurtzeko gai direla ikusten dugunean, dekodifikazio prozesua barneratuta dutela uste dugunean, “abandonatu” egiten ditugu eta bakarrik irakurtzeko eskatzen diegu. Zergatik ordurarte gelan edo etxean, elkarrekin gozamen hutsa izan den irakurketa partekatua alboratu? Zergatik ez dugu haiekin irakurriko Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza osoan zehar? Zergatik ez dugu haientzat bozgora irakurtzen jarraituko?

Jar ditzagun liburuak eskura!

Denetarik publikatzen da gaur egun, produkzioa izugarria da, genero ezberdinetako lan ederrak ditugu euskaraz… baina eskura al dituzte ikasleek liburu hauek? Probestu ditzagun gure herri eta hirietako liburutegiak eta gertura ditzagun liburuak ikastolara. Askotariko testuak behar ditugu: komikiak, narrazioa, dibulgazioa, olerkiak, asmakizunak, albumak, jolasteko liburuak… ibil ditzagun eskuz esku, partekatu ditzagun gure iritziak eta irakurketa esperientziak. Nola irakurri bestela ezagutzen ez dena?

Bitartekaritzari bai!

Askotan ahaztu egiten zaigun arren, bitartekariaren figura ezinbestekoa da. Bera da haurrari aukeraketan lagunduko diona. Bera da umearen eta liburuen mundu ezezagunaren artean dagoen zubia. Liburuak aurkeztu, irakurri, partekatu eta ulertzen lagunduko dion erreferentziazko pertsona, irakurle gaztearen alboan dagoena, bitartekaria. Ba al dute ikasleek halako bidelagunik?

Irakurketaren bide honetan pausuz pausu ari gara egiten aurrera, lorgarriak diren helburuak finkatuz eta adostuz, sistematikoki lan eginez, elkarrekin arituz eta hausnartuz. Hurbil gaitezen irakurketara indarberriturik, abenturak, jakintzak, emozioak, aurkikuntzak eta gozamena eskainiko dizkiguten liburuak elkarrekin eztabaidatuz eta gozatuz. Non topatuko ditugu bestela gure bizitzako istorioak?

Etengabean berritzen den liburutegia

Liburutegia dinamizatzeko helburuarekin eta ikasleei liburu ezberdinak eskura jartzeko asmoarekin, Arangoiti Ikastolan maiztasunez aldatzen ditugu liburutegira aldi baterako ekartzen diren liburuak. Liburutegi publikoetako eskola-mailegu handiak probestuz, Arangoitiko irakasleok genero ezberdinak aukeratzen ditugu sistematikoki lanketa ezberdinak burutuz. Iraila eta urrian komikiak izan ziren protagonista ikastolako liburutegian. Azaroa eta abendua, berriz, albumaren hilabeteak izan dira.

Albumak hitzez eta irudiz osaturiko objetu hibrido, aldakor eta malguak dira eta euskal literaturan, azken urteotan, berrikuntza handienetarikoa izan duen generoa dela esan genezake. Dudarik gabe, irakurketan trebatzeko eta gozatzeko ezinbesteko artefaktua.