Hasi da bertso lehia. Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo bi saioak asteburuan jokatu ziren, Getxon larunbatean eta Arrasaten igandean, eta dagoeneko bi bertsolarik eskuratu dute hurrengo faserako pase zuzena: Alaia Martinek, Getxon irabazita; eta Joanes Illarregik, Arrasaten garaipena eskuratuta. Biak ala biak Elizondon urriaren 22an jokatuko den finalaurrekoan arituko dira, txapelketaren aurreko edizioko finalista izandako Unai Agirrerekin batera.

Pandemia tartean urtebeteko atzerapenarekin hasi den txapelketa gogotsu hartu dute bertsozaleek ere. Asteburuko saioak lepo bete ziren, izan ere. Getxoko Muxikebarri zentroan 600 lagun inguru bildu ziren Imanol Artola Arretxe Felix-ek gidatutako saioa jarrai-tzeko. Oholtzan, Oihana Bartra Arenas, Nerea Elustondo Plazaola, Agin Laburu Rezola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi eta Alaia Martin Etxebeste aritu ziren.

Ariketa puntuagarriak eginda, Alaia Martin izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria (738). Haren ondotik geratu ziren Nerea Elustondo 695rekin, Agin Laburu 685rekin, Oihana Bartra 653,5ekin, Unai Mendizabal 635ekin eta Peru Abarrategi 627rekin. Horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.

Ofiziotan aritu ziren bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Gaia emanda puntuari hiru aldiz erantzun eta gero, ofiziotan aritu ziren berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lanari ekin zioten: “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”. Hiruna bertso bota zizkioten gaiari sei bertsolariek.

Larunbatean Arrasateko Amaia antzokian jokatutako saiorako sarrera guztiak ere agortu ziren. 700 zale inguru bildu ziren Miren Amuriza Plaza, Iñaki Apalategi Astigarraga, Xabat Illarregi Martzol, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol eta Gorka Pagonabarraga Agorria bertsolariek eskainitako saioa jarraitzeko. Ander Aranburuk jarri zituen gaiak.

Saio puntuagarria amaituta, Joanes Illarregik eskuratu zituen puntu gehien, eta harten atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).

Finaleko sarrerak, agortuta

Dagoeneko agortu dira abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den final handirako sarrerak, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. Gainontzeko saioetako sarrerak oraindik eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian. Halaber, elkartetik aditzera eman duten bezala, sarri jarriko dira salgai finalera joateko autobus eta bazkari txartelak. Horiek ere atari berean erosi ahal izango dira.