Bertsolari Txapelketa Nagusiak hitzordu bikoitza du asteburu honetan, Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen jokatuko baitira lehen saioko bi saio. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Gotaine-Irabarneko herriko gelan jokatuko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa. Gainerako saioak bezala, Gotaine-Irabarnekoa ere arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Ane Labaka Mayoz, Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarren dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Aritz Bidegain Airek aurkeztuko du saioa.

Saioko garailea zuzenean pasako da Irunen azaroaren 5ean ospatuko den finalaurrekora. Bertan, harekin batera arituko dira Sustrai Colina, Donostian jokatuko den final-laurdeneko irabazlea eta beste hiru bertsolari, puntuazio bidez sailkatuko direnak.

Asteburuko bigarren hitzordua Gasteizen izango da, igandean. Bertan kantatuko duen seikoa honakoa izango da: Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Oier Azkarraga Grajalesek egingo ditu aurkezle lanak. Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan izango da saioa, 17:00etan hasita.

Garaipena eskuratuko duen bertsolariak urriaren 29an Donibane Garazin jokatuko den finalaurrekorako pase zuzena eskuratuko du. Bertan, azken txapelketako finalista izandako Amets Arzallusekin eta puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolarirekin aurkituko da.

Lehenengo fasean osoan bezala hurrengo epaile taldea ariko da lanean: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Sarrerak, eskuragai

Gotaine-Irabarnen zein Gasteizen 15:00etan irekiko da leihatila eta 16:00etan, berriz, aretoetako atea. Interneteko salmentari dagokionez, ohiko moduan, sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.

Saioak

  • Gotaine-Irabarneko Herriko gelan, gaur, 17:00etan. Ane Labaka, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart.
  • Gasteizko Maria de Maeztu entzunaretoan, bihar, 17:00etan. Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia.