Txapela jartzearen ardura daukazu aurten. Ardura polita… Nola bizitzen ari zara une hau, alde horretatik?

–Gozamen bat izaten ari da. Jende asko poztu dela konturatu naiz eta hala adierazi dit, eta poz horren guztiaren ordezkaritza nire gain joango da. Ohore bat da. Ardura txapela irabazi behar duenak dauka, ni lasai noa.

Onarpenetik ere badauka, ez? Orain arte bertsogintzan egin duzun ekarpenaren onarpena, hain zuzen ere.

–Bai. Egindakoa gustora egin izan dut, nire mundua da bertso mundua, eta ez naiz jabetu ezer bereziki garrantzitsurik egin dutenik, orain esan zaidan arte. Azken batean, gustoko lekuan aldaparik ez. Besterik zer behar nuen? Zoriontsu izateko, nahikoa.

Larunbatean Bilbon ikusi zintugun. Azken finalaurrekoa izanda, nabarmena zen zirrara giroan, tentsioa ere bertsolari batzuengan. Nola ikusi zenuen saioa?

–Irrika berezia zegoen oholtzan zegoen leitzar bat tartean, Joanes (Illarregi). Jende mordoa zegoen bera babesten, sekulako bultzada eman zioten. Polita da nafar bat behintzat finalean izatea, guk antolatu ditugun txapelketetan lehenengoa. Elizondon egin zuen saioa eta gero, merezita zeukan Joanesek.

Saioaren hasieran kosta egin zi-tzaion, nabari zen ez zegoela eroso… Ganbarako ariketa iritsi zen arte.

–Bai, erortzeko edo bertan behera amiltzeko arrisku galanta zeukan. Ofiziotan nola hamarreko handian eta zortziko txikian, hiru bertsoetatik bakarrean bakarrik arrazoia borobildu eta beste bietan errepikatu bezala egin zuen… Presioak irentsi egingo zuela ematen zuen baina, ez, ganbarakoan, eta baliteke hori izatea zailena, presioari eutsi, kontzentratu eta ondo egin zuen. Pena Julio Soto hor gelditu dela ate-atean, zer egingo diogu ba.

Askorentzat bizpahiru aulki gehiago jarri beharko litzateke finalean…

–Bai, badira bertsolari batzuk bidean gelditu direnak. Bizkarra (Aitor) ere oso ongi aritu da, errebelazio ikaragarria izan da, eta Oihana Iguaran baita, bikain aritu da. Beste asko ere. Ni inbidiz egon naiz, egundoko saioak egin baititu jendeak. Saioak (Alkaiza) ere sekulako saioa egin zuen Bilbon. Asko gustatu zitzaidan Jon Martinek bere bertsoaldiaren inguruan egin zuen gogoeta. Esaten zuen Gabriel Aresti aipatu gabe ere “Nire aitaren etxea defendituko dut” olerkiko erreferentziak sartu zituela, Otxarkoagako auzoan kokatuz gaia... Ikaragarrizko lana egin zuen bakarkakoan.

Txapelketa guztietan une bereziak egon ohi dira, gogoan iltzatuta gelditzen diren horietakoak. Horietako zeintzuk gelditu zaizkizu barrenean, txapelketa honetan?

–Azkenekoa, Sustraik egin zuen ganbarakoan, “bertsoa Egañak bota du / bai oraindik bizi da bai” puntua ikaragarria izan zen. Gotainekoan Nerea Ibarzabalek eta Oihana Iguaranek ikaragarrizko saioa egin zuten. Donostiko saioan, Eñaut Martikorenaren hamarreko txikia ere izugarria izan zen: kili-kiliak, fobiak eta filiak aipatu zituen eta, bertsoa erori behar zela zirudien arren, ez ba. Publikoa lehertzear egon zen. Eta beste gauza asko: Mendiluzek duen patxada, Beñat Gaztelumendik jendearekin nola konektatu duen, Alaia Martinen jarrera eta maila… Finalean zerbaitengatik daude.

Lehenengo aldiz hiru emakume, lehenengo aldiz nafar bat. Berezia izango da finala, alde horretatik…

–Oso-oso berezia. Hiru emakume sekula ez dira izan finalean, eta ikaragarria izango da bai publikoa erakartzeko bai daukaten mailagatik ere: Maialenena ez da gauza berria, Alaiak ikaragarrizko maila erakutsi du txapelketa osoan eta, Nereak, zer esanik ez. Zortzi bertsolari handi, bikain, daude finalean. Inbidia emateko bertso-lanak egiten dituztenak eta zoratzeko saioa eskainiko dutenak, non eta Iruñean, Nafarroan. Hori ere plus bat izango da.

Bertsozale Elkartetik egin den azken urteotako harrobi lana nabaritu da akaso txapelketa honetan, ezta? Belaunaldi berriak indartsu datozela erakutsi dute.

–Nik uste baietz. Txapelketa beti da gaztearen espazioa, hori ez dugu orain deskubrituko, baina oraingo gazte hauek, eta zortzi finalista hauek zehazki, daukaten maila ikaragarria da, gelditzeko etorri dira. Egia da jende batek esaten duela Lazkao Txiki, Joxe Agirre, Lasarte eta horiek joan zirenetik jada ez dituztela bertsolariak ulertzen, eta kitto. Bertsolariaren akatsa baino, meritu kontsideratzen dut nik, azken batean gaurkotasunetik bizi behar du bertsolariak. Desfasatu edo atzean gelditu baldin bagara ez da haien errua. Gazteak gaztea erakartzen du eta hori da helburuetako bat, behintzat.

Bertso mundua gizartearekin batera aldatzen denaren seinale…

–Hori da. Gaurko egunean arrazoiak eta edukiak bota behar dira eta, alde horretatik, zoragarria iruditzen ari zait txapelketa hau. Maila onekoa, gaurkotasunekoa, jende gaztea…

Baita gaiei dagokionez ere, ezta? Txapelketa honetan aipatu den ezaugarrietako bat izan da nola eta nondik proposatzen diren gaiak.

–Oso ausart. Gizartean dagoen gaiek ez diete ihes egin. Hor, bertsolariek zein gai-jartzaileek izugarrizko lana egin dute. Iruditzen zait genero ikuspegitik ere izugarria izan dela. Hor ikusten da bertso-eskoletan egiten den lana. Egundokoa lana iruditzen zait, euskaraz bapatean eta gaurkotasunez egiten den ekintzarik borobilena ateratzen ari da.

Abenduaren 18a iristea besterik ez zaigu gelditzen. Bertsolari bezala egon izan zara zu oholtza horretan, 86an eta 89an. Nola irudikatzen dituzu zortzi finalistak, hemendik Iruñera bidean?

–Saioak izango dituzte batek baino gehiagok finala iritsi baino lehen, baita Finalisten Saioak ondoren ere. Bitartean, iruditzen zait ametsetan bertso asko kantatuko dituztela eta gero, hara joandakoan, ez direla horiekin gogoratu ere egingo, irentsi egingo dituelako egunak. Egun ona izatea nahiko nuke. 13.000 lagunen aurrean dezakeen hura egiteko gai izatea bertsolari bakoitza. Egun txarra izanez gero, han goian, harmailetan dauden lagun horiek gainera datozkizu, ez baduzu asmatzen atzematen da. Eguna luzea da ere, fondo fisiko ona izan behar du pertsonak. Goizekoak bi ordu eta erdi iraungo du, arratsaldean beste hainbeste…

Bertsolariek gozatzen badute, aldiz, publikoak ere gozatuko du.

–Bai, hala da. Gainera bertsolaria, normalean, kantore txarra izan da, gu behintzat hala ginen gehienak. Baina orain kantore oso onak badaude, ironia ederki bukatzen dutenak, bertsoa goitik behera, hasi eta buka betetzen dutenak… Gozatzeko eguna bada. Baina han 13.000 lagunen artean inork ez du hanka sartzerik egin nahi eta horrek tentsio punttu bat jartzen du. Goza dezatela ahal duten moduan, jendeari aurpegira begira kantatzeko adorea izan dezatela, horrek emango du postumetroa. Zortzigarrena ere norbaitek izan beharko du.

Galdera hau erantzungo ez didazunaren susmoa daukat baina, hala ere, hortxe doa. Nori gustatuko li-tzaizuke txapela janztea?

–Kar-kar… Zortzikotea perfektua da, emakumezkoen presentzia, nafarra, bizkaitarra, denetik dauka final honek. Gogokoagoak bai, badauzkat, baina ez bakarra. Esatea ere, alde batetik ez dut nahi eta, bestetik, ez dakit egokia litzatekeen. Edozeini jartzeko prest eta gustora noa. Momentu horretan pozik egonen den jende guztiaren ordezkoa izatea ohore bat izango da niretzat.

Goazen bada, finalaz disfrutatzera.

–Hori da, eta indarra hartzera ere bai. Elkarteak halako astindu bat izaten du txapelketa guztietan, indar xahu-tze ikaragarria da. Baina bertso-eskoletatik ateratzen diren bertsolariak hor ikustea, hainbeste jenderen aurrean, euren bat-batean komunikatzeko gaitasuna demostratu eta jarduteko kapazak direnak… Gizarteari eskaintzen diotena ikaragarria da. Bertsolaritzak gizartegintzan eskaintzen duen pertsona tipoa, euskaraz komunikatzeko eta konektatzeko gaitasuna eta gaurkotasuna daukan pertsona hori, zoragarria da.