Astelehenean inauguratu zuten Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskara ibiltaria, hizkuntzekin jostatzeko erakusketa interaktiboa, Berako kultur etxean. Erakusketa interaktibo honen abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) da eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu. Hala, Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria, EHHA egitasmoko zuzendariak aurkezpenean adierazi zuenez, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa XX. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zuten ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten, 319 berriemaile eta 2.857 galdera, 1987 eta 1992 artean, 5.000 ordutik gora elkarrizketaren bidez grabatzeko. Orain, erakusketa honek, euskara zentzumen guztiekin gozatzeko aukera eskaintzen du; ikusmenaz gain, entzun, uki, dastatu eta usaindu daitezkeen elementuak ere jasotzen baititu.

Sagrario Aleman, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak adierazi zuenez, “euskalkia bizirik dagoen eskualde honetako herritarrek inguruko euskalkiekin dituzten diferentziak nabarmentzeko balioko du erakusketak”. Hala, abenduaren 8ra arte zabalik egonen den erakusketa bisitatzeko gonbita egin zien herritar guztiei.

Aritz Abaroak, EHHA egitasmoko teknikariak, zenbait azalpen eman zituen.

Herri hizkeren aberastasuna, hain zuzen, izan zen Javier Arakama Urtiaga, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak inaugurazio ekitaldian goraipatu zuen ardatzetako bat.“Ikerketen ondoriozko jakintza zabaltzea oinarri duten egitasmoek lekua izaten dute Nafarroako Gobernuak urtero Euskaltzaindiarekin sinatu ohi duen hitzarmenean, eta horrela jarraitu nahiko genuke” nabarmendu zuen.

Maitane Bueno Zabalza, Laboral kutxako eskualdeko zuzendariak ere, Euskaltzaindiaren ibilbidea goraipatu zuen, akademiarekin lankidetzan jarraitzeko asmoa adieraziz.

Erakusketa hau 2019. urteaz geroztik, Beran antolatzen den Uscaldunac garen ezquero ekimenean kokatzen da. Aitor Elexpuru, Berako alkateak azaldu zuenez, esaldi honek Berako udal artxiboan dagoen 1822ko dokumentu bati ematen dio hasiera. Aurten, ekimen honen baitan, Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk emanaldia izanen da abenduaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Etxean.

Erakusketaren aurkezpena Berako kultur etxean.

Horretarako, inguruko ikastetxeetako eta elkarteetako 500 bat lagunek hitzordua dute bisita gidatua egiteko. Bertzalde, herritarrendako bisita gidatu irekia azaroaren 29an izanen da, 19:00etan.