EZINBESTEKOA zen pantailaren aurrean egotea. Final handi bat bizitzekoak ginen. Partidan zehar, kirioak dantzan izan ostean, azken minutuak hurbildu ziren, eta penalti batekin, leherketaren unea heldu zen azkenik. Poza zabaldu zen gero. Finalean Mallorca garaitu zuen Athleticek, Espainiako Kopa irabazi eta Bilbora ekartzea lortu du talde zuri-gorriak.

Ez naiz zale amorratu horietariko bat, zale esporadikoa naiz ni, eta futbolari betertzez begiratzen diot beti, ez baitut asko ulertzen. Inoiz esan dut, laukizuzen berde horren barruko estrategiak ez ditut ezagutzen; gaur egungo jokalari gazteen izenak ere ahaztu egiten ditut modu lotsagarrian, edota aurpegiak nahastu; defentsaren inguruan edo hegaletatik egin behar diren erasoen zergatietan galtzen naiz; eta jokatu beharreko titulu, kopa, play-off edo dena delakoa azaltzen dizkidatenean harridura aurpegia jartzen dut.

Baina halarik ere, asteburu honetan bizi izan dugunak ez dauka preziorik, eta odolean kolore horiek eramaten dituenarentzat, zer esanik ez. Lagunak izan ditut Sevillan, eta ez daukate hitzik han gertatu dena deskribatzeko.

Nire Athletic garai zaharreko taldea izan zen, aurreko kopa hura eskuratu zutenen jokalariek osatua. Edota zaharragoak zirenak, tartean irudietan ikusi nuen Iribar handia.

Gogoan dut, nerabe nintzela, aitaren eskutik San Mamesera joan nintzen lehen aldia. Itzela iruditu zitzaidan. Harrituta lotu nintzen bertan zegoen giro paregabeaz. Une bihotz-erdiragarriena zen norbaitek Athleeeeeeetic! oihua botatzen zuenean, eta jende guztiak Euuup! erantzuten zuenean. Liluraturik lotu nintzen.

Agian gaurko egunak aproposak dira oihu horren sorrera zein den esateko. Bada, Jose Ramon Madariagak, Txamona ezizenez ezaguna zenak, aspaldian Miserikordiako tribunatik gero hain hurbileko gertatzen zaigun, eta toki orotan entzuten den Athleeeeeeetic! oihu hura botatzen zuen lehena izan zen.

Gaurko egunetan, puztuta egongo zen, eta inolako zalantzarik gabe, Athleeeeeeetic! botako luke pozaren pozez. Nire aitak.