Behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari zergatik den Israel hain krudela, hain ankerra Palestinarekin, zergatik darabiltzan biolentzia eta errepresiorik sofistikatuena arabiarren kontra, jakitun izanik gorrotoa baino ez duela sortarazten palestinarrengan, jakitun izanik arbuioa baino ez duela pizten ez bakarrik palestinar eta gainerako jendarte musulmanengan, baita nazioartean ere.
Jakina da Israelgo gobernuen zein hango armadaren indarkeriazko metodoak lotuta daudela erabat Israel modernoaren beraren sorrerarekin, sortze-urtea Munduko Bigarren Gerra Handia amaitu eta hiru urtera izan zelarik, 1948, hain xuxen. Harrezkeroztik, hamaika liskar, gerrak eta arabiarren lurren bidegabeko jabetzeak baliatuz, gupidagabe zigortu du Palestina Israelek.
Jakin, hori guztia, ongi dakigu. Itsasoz egindako azken gertakari bortitza, joan den astelehenekoa, ezagutzen dugun bezala.
Baina hasierako galderak hortxe segitzen du, oso-osorik: alegia, zergatik jokatzen du horrela Israelek?...
Saia gaitezen erantzuten, bada.
Guztiak ez dira juduak Israelen, baina, bai ordea, gehien-gehienak. Eta egia da, halaber, baldin eta bada historian zehar komunitate jazarri, zanpatu, kolpatu, iraindu, sarraskitu eta ia suntsitua, hori, komunitate horixe, elkarte judua izan dela.
Horrexegatik, zail da ulertzen hainbeste sufritu duen jendarte juduak, nolatan sufriarazten duen hainbeste herri palestinarra, haietaz batere errukitu gabe.
Nire aburuz, beldur patologiko larri batek erabat mendean ditu gizarte israeldarra eta bere agintariak, buru-gaitz hori dutelarik Israel modernoa existitzen denetik.
Erranen nuke hil edo biziko egoeraren antzeko kinka batean bizi direla israeldarrak, izuaz haragoko laborriak guztiz jota, beldur direlarik inguratzen duen mundu arabiarrak ez ote duen zernahi unetan inbaditu, irentsi eta haien identitatea desagerraraziko.
Patologia edo izu-ikara horren erroak sakonak bezain objektiboak dira, Aro Berriaren Historian jarri ditzakegunak. Horra zedarri horietako batzuk. Juduek Europa osoan bizi izandako bazterketa, hilketa, tortura, laido, pertsekuzio eta kanporatzeak; Errusiako progrom (suntsiketa) izenekoak, eta, azkenik, adjektibo guztiak erabilita ere definitzen gaitza den Holokaustoa deritzana. Azken honek, gainera, goia jotzen du juduen kontra inoiz egindako sarraski guztiekin alderatuta.
Arestian erran bezala, Israelgo juduak noiznahi desagertzeko beldur ikaragarri horrekin batera bizi dira, eta horrek eragiten die -Bibliari estuki jarraituz, begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain- hain bortizki, hain krudelki jokatzera.
Aizue, munduko armadarik onena omen da haiena.
Horiek horrela, juduek beldur hori baterako ekintza bidez elkarrekin hausnartu eta hura uxatzen ez duten bitartean nekez aldatuko da deus Israelen, eta, ondorioz, haien barrenaren muinean guztiz sustraituta duten indarkeriazko joera horrek bere horretan jarraituko du, sine die.
Israelen ez dira guztiak izaera horretakoak izanen -nolabait errateagatik, judu naziak-, bestelako jarrerarik badelako ere, ez hain ezagunak. Baiki, hala da: bada israeldarrik ados ez dagoena bere gobernu zein armadarekin; bada mundu arabiarrekiko gatazka molde zibilizatu batez konpondu nahi duenik.
Horiek ez dira gehiengoa, baina horien hitza behar zaie gailendu fosforozko bonba-jaurtitzaileei, bakea lortuko bada inguru hartan.
Bestela, akabo: ez da ez begirik ez hortzik izanen inork inori atera diezaion. Ez eta Bibliarik ere inork leitu eta gortuko duenik.