zizur txikia. Durangoko 2011ko Azokan aurkeztu zenuten "1512 Nafarroa, amets urratua" komikia, gaia ikasgeletan lantzeko unitate didaktikoarekin batera, baina noiz ekin zenion egitasmo honi?
Aurreko ikasturte hasieran ekin genion egitasmoari, zehazki 2010.eko urrian, Martxelo Sotes irakasleak eta biok. 2012ko data garrantzitsua iristear zela ikusita, irakaskuntzaren alorrean gai honi behar bezala heltzeko hutsune bat zegoela konturatu ginen; dagoeneko eskuartean ditugun testu liburuetan ez baita honen berririk jasotzen.
Bestalde, bai Elkar argitaletxean eta baita Ikastolen Elkartean ere, hausnarketa bera egiten zutela jakinda, elkarlanari ekin genion egitasmo hau gauzatzeko.
Urte beteko lan intentsoa izan da, bai Martxelo eta bion artean egindakoa, baita Martintxo Altzueta marrazkilariarena, baina oso aberasgarria. Azken urteetan, aurrera pausu historiografiko asko egon dira eta horietako batzuk behintzat eskolara egokitzea, eta gainera modu erakargarri batean egitea izan da gure helburua.
Komikian, aurretik aipatu ditugun gertaera historiko esanguratsuen kontakizuna egiten da; baina, zein da landu duzuen unitate didaktikoaren egitura?
Hiru atal nagusi ditu. Lehenean, kokapen historiko bat egiten dugu, eta bertan, besteak beste, Nafarroako erresumaren sorrera, gailurra eta gero krisialdia azaltzen dira. Erresumaren unerik hoberena, Antxo III.aren garaia eta 1200. urtean izandako erresumaren mendebaldeko zatiaren konkista.
Bigarren zatian, berriz, zatirik mardulenean, konkista bera jorratzen da, jakina, bere fase ezberdinetan: 1512ko konkista, erresuma berreskuratzeko hiru saiakerak -1512, 1516 eta 1521- eta porrota Noaingo batailan eta Amaiurren.
Eta, azken zatian, orduz geroztik izandako bi Nafarroen bilakaera aztertzen da. Nafarroa Garaiarena alde batetik, espainiar monarkiaren barruan, eta, bestetik, Nafarroa Behereko gortea, mende luze batez independiente izaten jarraitu zuena.
Nolako harrera izan du?
Guk dakigula, oso ona. Durangoko azokan aurkeztu genuen, hura izan zen egitasmoak argia ikusteko data, baina bere benetako dimentsioa datorren ikasturtean hartuko duela iruditzen zaigu, orduan ekingo baitiote hainbat irakaslek gaia ikasgeletan jorratzeari. Durangon oso ongi saldu zen komikia, baita hurrengo hilabeteetan ere, eta bigarren edizioko azken aleak orain liburu dendetan ikus daitezkeenak dira. Alde horretatik, oso pozik gaude; gaiak interesa pizten duela eta benetako hutsunea zegoela ikusi da. Eta, gainera, Nafarroa Garaitik ez ezik, gainontzeko euskal herrialdeetatik ere unitate didaktikoaren eskaerak jasotzen ari gara datorren ikasturterako.
Nafarroan Historiako ikasgaia liskar ezberdinen iturri izan da maiz. Nola ikusten duzu zuk egoera hori guztia?
Nire ustez, hain zuzen historia irakurtzeko eta interpretatzeko moduan dago koska. Besteak beste, egun ezagutzen ditugun arazo askoren jatorria delako Nafarroako Konkista, euskaldunok izan dugun estatu bakarraren desagerpena, alegia. Baina afera hau ez da gure herrian bakarrik gertatzen. Egungo Palestinan, Yugoslabian, edo Afganistanen gertatzen ari dena ulertzeko, ezinbestekoa da haien prozesu historikoak ezagutzea. Hemengo ikasle arruntak, behar bada, badakite zer gertatu zen Navas de Tolosan edo 1942ko Ameriketako konkistan, baina ez dakite zer gertatu zen hemen 1512an, 1516an, 1521ean?
Hutsune hau nolabait beteta dagoela ikusita, zer da egiteke dagoena?
Gainontzeko ikus-entzunezko baliabideak lantzea, adibidez. Gai honi guztiari lotuta zerbait dramatizatua egitea benetan interesgarria izan daitekeela uste dut. Hortxe, hurbil-hurbil ditugu gazteluak, eszenatokiak? Baina, tamalez, jendartearen gehiengoak ez ditu ezagutzen. Bestalde, guk egin duguna bereziki eskolara zuzenduta dago, baina haur eta gazteen aisialdiari begira bestelako gauza batzuk ere egin beharko liratekeela uste dut.
Irakasle lanean ez ezik, bestelako egitasmo berriren batean zabiltza?
Momentu honetan, Elkar argitaletxearekin batera, Nafarroako historiari buruzko beste egitasmo batean elkarlanean ari gara Martintxo Altzueta marrazkilaria eta biok. Oraingoan, ez dugu komiki bat osatuko, baina bai, ordea, ikusmen-kontakizuna. Oso grafikoa izango den lana, egungo gazte eta haurren joerak ikusita, ezinbestekoa baita irudiaren garrantziari erreparatzea.