Akelarrea eta sua, gau magikoenean
Hernaniarrak goizetik atera ziren kalera sanjoanetaz gozatzeko eta festak asteazkenera arte iraungo du
Jendetza andana bildu zen atzo Hernaniko kaleetan eta batez ere Gudarien plazan arratseko Akelarrearen kalejira eta antzerkia ikusteko, eguraldi apartak animatuta eta larunbata izanik. Benetan gau magikoa bizi zen suaren inguruan. Herritarrek Aurreskua dantzatu eta San Joan kantaita interpretatu zuten.
Baina, hernaniarrak jai gosea ase-tzeko goizeko lehenengo ordutatik atera ziren kalera eta asko izan ziren lehenengo Azeri dantzan parte hartu zuten gazteak.
Eguerdi partean sanjoanei hasiera ofiziala eman zitzaien eta adin guztietako jendea bildu zen plazan. Ttarla dantza taldeak, aurtengo omenduak bere 25. urteurrena ospatzen duelako, udaletxeko banderak jaso, pregoia irakurri eta txupina bota zuen. Jarraian, Hernaniko Txistulari Bandak San Joan Martxa jo zuen eta Kriskitiña taldeak erraldoi eta buruhandien konpartsari lagunduz Triku Triku doinuaren airera dan-tzatu zuen. Gainera, Hernani musika eskola publikoko ikasleen emanaldia izan zen kalez kale.
Arratsaldean, Akelarrea baino lehen, haurren Aurreskua, txoznen irekiera, San Joan erronda Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzaren eskutik, Kantuz eta Ozenki abesba-tzen kontzertua Urbieta kalean, Salbe Nagusia San Joan Bataiatzailearen parrokian eta Hernaniko musika bandaren kalejira San Joan Martxa joz izan ziren.
Gauean kontzertuak eta dantzaldiak egon ziren eta Santa Barbararen danborrada eta Urumea txaranga atera ziren.
Gaur Hernanik bere jai egun nagusia ospatuko du haurren danborradarekin, dantza askatuko txapelketarekin, Hernaniko musika bandaren kontzertuarekin, zezen suzkoekin, Anita Parker taldearen kontzertuarekin eta Larrain dantzarekin, besteak beste.
San Joan jaiek egitarau oparoa izango dute asteazkenera arte.