Síguenos en redes sociales:

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Helena Taberna zinemagilea saritu du

NIEko ordezkariek altsasuarraren 'ausardia eta konpromisoa' nabarmendu zuten

Nafarroako Ikastolen Elkarteak Helena Taberna zinemagilea saritu duUnai Beroiz

iruñea - Helena Taberna zinemagile altsasuarrak Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero ematen duen NIE saria jaso zuen atzo, "euskararen, euskal kulturaren, emakumearen, memoria historikoaren eta, orokorrean, zinemaren bitartez, gizartea eraldatzearen alde egindako lanarengatik", sariaren emanaldian aditzera eman zuten bezala. Artistaren senide, lagun zein alor publikoko aurpegi ezagun asko bildu zituen sari-banaketa hunkigarrian, Tabernak saria eskertzeko parada ere izan zuen: "Nire lanaren sustraietan euskara dago eta baita nire bihotzean ere. Beraz, erabat emozionaturik saria jasotzen dut eta eskerrak eman dizkizuet berriro ere".

Elena Zabaletak eta Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendariak hurrenez hurren, artista altsasuarraren ibilbidea goraipatu zuten. "Bere printzipioekiko leial mantendu den emakumea izan da: Nafarroa jaioterritik kontzientzia euskalduna, konpromiso feminista eta bere identitatetik publikoarengana iristeko nahia, leuntasuna, gizatasuna, koherentzia eta indarra uztartzeko gai izan delarik".

Gonbidatuei ongi-etorria eman eta lehenengo esker eta goraipamen hitzak erran ondoren, Paz de Ziganda Ikastolako abesbatzak zein dan-tza-taldeak euren emanaldia eskaini zuten. Halaber, Ion Barbarin eta Ainhoa Egizabal aktoreek dantza pieza txiki bat eskaintzeko parada ere izan zuten. Bertaratu zirenek euren babesa eskaini nahi izan zioten omenduari. Senide hurbilenez aparte, ez ziren faltatu Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Itziar Gómez Nafarroako Gobernuko kontseilaria edota Carlos Garaikoetxea lehendakaria, hala nola NIE-ko lehendakari ohiak eta Nafarroako ikastoletako ordezkaritza zabala ere.

Antolatzaileek aditzera eman duten bezala, sariak ez dakar diru-kopururik eta euskal kulturari ekarpen nabarmenak egiten dizkioten pertsonei onarpena adieraztea du helburu nagusi. Hala, Tabernak Faustino Aizkorbe artistaren eskultura bat jaso zuen sari bezala atzokoan.

Zinemagile ausarta Zabaletak berak nabarmendu zuen bezala, Taberna "emakume ausarta" izan da zinemagintzaren alorrean, "ikuslea egiara hurbiltzeko eta hausnarketarako elementuak aurkitzeko asmoarekin, bere lanetan gizartearen gai gataskatsuenak ere jorratu dituena". 1990eko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbide profesionala zuzendari altsasuarrak, dokumentalen eta fikzioaren alorrean. Bere lehenengo luzemetraila Yoyes (2000) izan zen, Ana Torrentek protagonizatutakoa, ETAk zigortutako eragilearen ingurukoa. Askotan erretratu ditu emakumeak, izan indarkeri matxistaren ikuspegitik -Nagore (2010)- edota etorkinen aurpegi feminizatua erakusten -Extranjeras (2013)-. Gerra zibila eta memoria historikoa izan zuen mintzagai La buena nueva filmean. Aurtengo urrian estreinatu du bere azken lana Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioan, Varados dokumentala, errefuxiatuen egoera gogorra hizpide duena.

Halaber, NIE-ko lehendakariak Tabernak bere filmografiarekin lotutako hezkuntza-unitate didaktikoak sortzeko lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, "hezkuntza-balioen inguruan ekarpen garrantzitsua baita gizarteari begira".

un premio "muy especial"

Euskara y arte. La cineasta Helena Taberna recibió el reconocimiento de NIE emocionada, con lágrimas en los ojos y arropada por familiares, amigos y amigas que quisieron acompañarla en un acto "muy especial" para ella. "Nací en Altsasua en un tiempo donde el euskara estaba prohibido", recordó. "Hoy tenemos la enorme suerte de tener un espacio donde se une el euskara con el arte, con la cultura, con algo que nos llena de gozo. Porque el ser humano cuanto más indaga en el pensamiento y en la creación, más humano se hace". El premio que la Federación de Ikastolas de Navarra (NIE) otorga cada año tiene como objetivo principal reconocer a aquellas personas que, en su trayectoria profesional, han realizado una aportación relevante al euskara y a la cultura vasca. Un premio que, como explican desde NIE, no conlleva una compensación económica pero sí un reconocimiento publico y social del artista.