Aurten, Irulegiko 6. mailako ikasleak proiektuka lanean ari dira. Lehenengo hiruhilekoan XX. mendeko gertaerak lantzeko proiektu berezi bat egin dute. Lehenengo hiruhilekoan, zazpi taldetan banatu ziren, eta talde bakoitzak garai horretako gertaera bat aukeratu zuen: Frankismoa, Bigarren Mundu Gerra, Gerra Hotza, Gerra Zibila, hippien mugimendua, ideologiak eta 1900-1930 aldia.
Lehenik eta behin, irakasleek gai bakoitza azaldu zuten, eta ikasleek interneten informazioa bilatu eta dokumentu batean bildu zuten. Hurrengo urratsean, talde bakoitzak jasotako informazioarekin, gertaerabakoitzaren gidoia prestatu eta ikasten hasi ziren. Behin prest zeudenean, eszenak grabatzen hasi ziren. Grabaketa batzuk errazagoak izan ziren, baina beste batzuk gehiago kostatu zitzaizkien. Eszenografia aberasteko, etxetik materiala ekarri eta eskulanak ere egin zituzten.
Behin eszenak grabatuta, irakasleak edizio lana egin zuen, musika gehitu eta azkenik pelikula sortu zuen. Proiektu honek ikasleei antzezten, chroma erabiltzen eta talde-lanean aritzen ikasteko aukera eman zien. Pelikula abenduan estreinatu zuten, eta orain driven ikus daiteke. Ikasleen hitzetan, esperientzia paregabea izan da, asko gozatu eta ikasi baitute. Bigarren hiruhilekoan bidaia agentzia bat sortzeko proiektua garatu dute. Helburua, lurralde ezberdinen inguruko ikerketa egitea eta bidaia bat antolatzea izan da.
Lehenik, ikasle bakoitzak logo bat diseinatu zuen, eta guztien artean bat aukeratu zuten bidaia agentziarako. Ondoren, talde bakoitzak lurralde bat hautatu eta bertako informazioa bildu zuten, hala nola hegaldien prezioak, hotelak, gastronomia, afariak eta bestelako zerbitzuak. Informazio hori agentziaren plataformara igo zuten eta 9 eguneko bidaia-plangintza osatu zuten.
Jarraian, Excel erabiliz, gastuak eta prezioak kalkulatu zituzten. Horren ostean, Google Sites erabiliz webgune bat sortu zuten, eta bertan talde bakoitzak lurraldeari buruzko edukiak txertatu zituen: errezeta tipiko bat, bidaia-plangintza, ekosistema bat eta bitxikeriak.
Proiektuaren azken fasean, zementuzko maketa batzuk eraiki zituzten eta, horrez gain, talde bakoitzak bere lurraldeko janari tipiko bat aukeratu zuen. Errezeta bilatu, materialak etxetik ekarri eta klasean sukaldatu zuten. Egindako janaria jantokira joan ordez gelan bertan dastatu zuten.
Ikasleek proiektu hau oso interesgarria eta aberasgarria izan dela adierazi dute, hainbat trebetasun garatzeko aukera izan baitute, hala nola talde-lana, informazioaren kudeaketa, kalkuluak eta sukaldaritza.