Nortasun agirian zehazten den adinak ez du zertan gure gorputzak islatzen duen horrekin bat egin behar. ‘Nature Medicine’ aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa batek egiaztatu ahal izan duenez, bizi garen politika-, gizarte- eta ingurumen-testuinguruak gure zahartzea gure adin kronologikoaren gainetik sei urtera arte bizkortu dezake, gure bizimodua edozein dela ere.

Ikerketak 40 herrialdetako 161.000 pertsona baino gehiagoren datuak aztertu ditu: Latinoamerikako 7, Europako 27, Asiako 4 eta Afrikako 2. Lanak azalarazi duenez, zahartzea ez da norberaren kontu bat; fenomeno kolektibo moldagarria da eta airearen kalitatetik hasi eta egonkortasun demokratikoraino doazen kanpo-faktoreen eraginez alda daiteke.

Fenomeno hori neurtu ahal izateko, nazioarteko ikertzaile-taldeak ‘Adin biokonduktualaren arrakala’ (BBAG ingelesezko siglen arabera) izeneko tresna berri bat garatu du. Tresna horrek pertsona baten adin kronologikoa bere adin biologikoarekin alderatzen du, funtzionamendu kognitiboa, gaitasun funtzionala, hezkuntza-maila eta hainbat osasun-markatzaile bezalako faktoreetatik abiatuta.

Emaitzek agerian utzi dutenez, alde nabarmenak daude eskualdeen artean. Europa, adibidez, zahartze osasungarriaren sailkapenaren buru da eta Egipto eta Hegoafrika, berriz, zahartze azeleratuaren maila altuena izango lituzkete. Asiako eta Latinoamerikako herrialdeak tarteko egoera batean daude eta Europa barruan alde handiak daude ekialdeko herrialdeen eta mendebaldeko eta iparraldeko herrialdeen artean.

Ingurunea erabakigarria da

Azterlanean azaltzen denez, gure adin biologikoa bizi garen munduaren isla da. Arnasten dugun kutsatutako aireak, ezegonkortasun politikoak eta desparekotasuna ez dute bakarrik gizartean orokorrean eragiten eta norbanakoen osasuna zuzenean moldatzen dute estres kronikoko eta inflamazio-mekanismoen bidez.

Harreman hori ulertu ahal izateko, ikerketak ‘exposoma’ izeneko kontzeptua barneratzen du. Kontzeptu horrek bere barne hartzen ditu pertsona batek bere bizitza osoan zehar dituen esposizio fisiko, sozial eta politiko guztiak. Ikuspegi integral horri esker uler daiteke itxuraz elkarri deskonektatuta dauden faktoreek bat egin dezaketela zahartze-prozesua bizkortzeko edo moteltzeko.

Faktore fisikoen artean daude, adibidez, airearen kalitatea eta ingurumenaren kutsadura. Faktore sozialen barruan, berriz, desparekotasun ekonomikoa, genero desparekotasuna eta migrazio-prozesuak daude. Azkenik, elementu soziopolitikoen kasuan, ordezkaritza politikoa, alderdien askatasuna, bozkatzeko eskubidea, hauteskundeen gardentasuna eta erakunde demokratikoen sendotasuna bezalako aldagaiak aztertu dira.

Ikerketak agerian utzi duenez, baldintza kaltegarriei aurre egin behar dieten pertsonek zahartze-konduktual bat azaltzen dute eta hori, batez beste, haien benetako adina baino bospasei urte altuagoa da. Antza denez, fenomeno hori inflamazio kronikoaren eta estresari emandako erantzunen ondorioa da.

Desparekotasuna

Genero-desparekotasuna zahartze-azeleratuan gehien eragiten duen aldagaietako bat da. Izan ere, emakume askok hezkuntzarako, osasun-arretarako eta aukera ekonomikoetarako sarbide mugatua dute. Horrez gain, ordaintzen ez den zaintza-lanen pisu gehiena bere gain erortzen da. Horrek guztiak zahartze biologikoa azkartu dezakeen estres kronikoa eragiten du.

Hala ere, eragin hori ez da emakumeetara mugatzen. Estigmaren, diskriminazioaren eta bazterketaren eraginpean dauden beste genero-gutxiengo batzuek ere gorputz-higadura handiagoa jasaten dute. Gizarte batek desparekotasun sistemikoa onartzen duenean zahartzea bizkortzen duen ingurune estresagarri bat sortzen du.

Datu ekonomikoek harreman hori berresten dute: diru-sarrera gutxien dituzten herrialdeetan zahartze azeleratuaren patroiak nabarmenagoak dira. Horrek adieraziko luke, nolabait, desparekotasun ekonomikoak beste arrisku-aldagaien biderkatzaile gisa jarduten duela.

Ikerketak ere agerian utzi duenez, efektu hori muga sozioekonomikoez haratago doa, gizarte batean desparekotasunak normalizatzen direnean biztanleria osoari eraginez.

Kalitate demokratikoa eta bizitza-luzera

Ikerketak egin duen aurkikuntza azpimarragarrietako bat kalitate demokratikoaren eta zahartze osasungarriaren arteko lotura da. Izan ere, ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, herritarren botoa eta askatasuna errespetatzen ez dituzten estatuetan bizitzeak gaitasun kognitiboen galera handiagoa eta narriadura fisiko bizkorragoa dakar.

Faktore soziopolitikoek pertsonen adinean eragiten dute. Adibidez, tentsio politikoa altua denean, gobernuak egonkorrak ez direnean edo buruzagien erabakiak zuzenak ez direnean, estresa sor daiteke biztanleen artean. Eta horrelako testuinguruetan osasuna kaltetzen da.

Ildo berean, erakunde demokratikoen ahultzeak, ordezkaritza politikoa mugatzeak eta bozkatzeko eskubidea murrizteak ere zahartze azeleratuan eragiten dute.

Azterlanaren egileen arabera, “gobernuek, nazioarteko erakundeek eta osasun publikoko buruek erabakiak hartu behar dituzte lehenbailehen inguruneak eraldatzeko, kutsadura atmosferikoa gutxitzetik erakunde demokratikoak indartzera arte”.

Demokraziaren eta osasunaren arteko harreman horrek iradokitzen du gizarte parte-hartzaileenek eta ekitatiboenek, bizi-kalitate hobea eskaintzeaz gain, bertako herritarrei gehiago eta hobeto bizitzeko aukera ematen diete.

Osasun publikorako ikuspegi berri bat

Ikerketak zahartze osasuntsurako orain arte izan diren estrategiak birplanteatzeko beharra planteatzen du. Tradizionalki, estrategia horiek norbanakoen bizimodua aldatzean oinarritu dira, baina azterlanak agerian utzi duenez, hori ez da nahikoa.

Izan ere, zahartze osasungarri edo azeleratu bat izatea ez da gizakiok indibidualki hartzen ditugun erabakien edo biologiaren ondorioa. Azterlanak egiaztatu duenez, ingurunearen faktore fisikoak, sozialak eta politikoak ere garrantzitsuak dira. Faktore horiek guztiz ezberdinak dira eskualde eta herrialdeen arabera eta horrek azalduko luke zahartzean diren desparekotasunak.

Hortaz, ikertzaileen ustez esku-hartzeak desparekotasuna sortzen den eremuetan eman beharko lirateke. Horrek, noski, paradigma aldaketa bat eskatzen du: norbanakoen arduratik ardura kolektibora pasatzea.

Ikerketak zahartze osasungarria ingurumenari, gizarteari eta politikari lotuta dagoen fenomeno gisa birdefinitzen du. Egileek nabarmendu dutenez, aurkikuntzek “erantzun politiko inklusiboak eta bidezkoak babestu nahi dituzte, egiturazko ahultasunak arintzeko, ez etiketatzeko edo herrialdeak edo komunitateak zigortzeko”.

Ikuspegi berri hori ezartzeko, ikerketak proposatzen du estatu mailako ‘esposomaren’ datuak sartzea zaintza globalean, zahartze bizkorraren egiturazko bultzatzaileak identifikatzeko eta baliabideen bidezko esleipena gidatzeko.

Mezua garbia da: burmuineko osasuna erantzukizun indibidualtzat hartzeari utzi behar zaio, eta esparru ekologikoagoa hartu behar da kontuan. Gizarte gisa hobeto zahartzeko, zahartzeko hobeak diren gizarteak behar dira.