Ikastola Lagunak: sustraiei lotuta, etorkizuna auzolanean eraikitzen
Tafallako Ikastola Lagunak taldeak ekimen berria aurkeztu du, guraso, ikasle eta langile ohiak bildu eta proiektuari hauspo berria emateko asmoz
Euskal Herri osoko ikastoletan zehar, “Ikastola Lagunak” taldeak aurkezten eta saretzen ari dira pixkanaka, hezkuntza proiektu honen oinarrian dagoen komunitatea saretzeko asmoz. Ekimen honen helburu nagusia argia da: gaur egungo Ikastola posible egiteko ahaleginak egin dituztenen lanaren balioa azpimarratu, ezagutzera eman eta transmisio horri jarraipena ematea.
Tafallan ere, hilabete batzuk daramatza taldeak martxan. Guraso eta irakasle ohiz osatutako talde motor bat dugu, ilusioz gainezka eta ikastolaren egunerokotasunari ekarpenak egiteko gogo biziz. Gure ikastolak 55 urte daramatza Tafalla eta Merindaldeko familiak euskalduntzen, eta bide horretan bidelagun izan garenok ez dugu lotura hori galdu nahi.
Zergatik jaio da Ikastola Laguna? Erronka kolektibo baten zergatiak
Proiektu honetan parte hartzera animatu garenok arrazoi sakonak ditugu. Askotan, gure bizitzako momentu ezberdinetan egon arren badago barruan “ezetz” esaten uzten ez digun zerbait, barrutik bultzatzen gaituen indar bat. Arrazoi horiek hiru zutabe nagusitan banatzen dira:
- Arrazoi emozionalak: Ikastola maite dugulako eta gure familian zein herrian izandako bizipenengatik. Era berean, gure gurasoek, aitona-amonek eta lagunek egindako ahaleginak oihartzun handia du gure baitan. Euren ametsa Euskal Herriak eskola propioa izatea zen, eta lortu zuten; guri dagokigu lan horri laguntzea.
- Eredu sozial eta komunitarioa: Ikastolak herri ekimenetik sortu ziren eta, zailtasunak gaindituz, herriari hezkuntza zerbitzu euskalduna eskaini diote azken larogei urteetan. Irabazi-asmorik gabeko kooperatibak dira, non hezkuntza komunitateak bere gain hartzen duen kudeaketa.
- Arrazoi identitarioak: Ikastolek euskalduntasunaren transmisioa eta iraupena dute xede nagusitzat. Gure herriaren geroa ikastoletan dagoela sentitzen dugun heinean, gure laguntza eta bultzada eman nahi dugu.
Zertarako elkartu gara? Bidelagun izateko eta eredua aldarrikatzeko xedea
Gure asmoa ez da ikastolako organigraman sartzea, ezta lan pedagogikoetan esku hartzea ere. Gure helburua bidelagun izatea da, “ohi” izate horri bizitasuna emanez. Gizartean ikastolekiko dagoen ezagutza falta, gaizki ulertuak edo iritzi okerrak gainditu nahi ditugu. Ikastola “herriak sortutako eta herriak kudeatutako eskola” dela zabaldu nahi dugu, bere berezitasunak —titulartasuna, kooperazioa, autoeraketa— konplexurik gabe aldarrikatuz.
Horrez gain, ekintza zehatzetan lagundu nahi dugu, betiere irakasle eta gurasoen onespenarekin:
- Antolakuntza eta Laguntza: Aiton-amonen eguna antolatu, gabonetako ekintzetan lagundu edota jaietan babesa eman.
- Kultura eta Auzolana: “Auzolan” hitzak gure herrian duen garrantzia ikastolan ere islatu nahi dugu, Oinez-eko abestiak dion bezala: “Lan ta lan auzolan”. Adibidez, Tafallako taldea Garabideko lagunei harrera egiteko bazkaria prestatzeaz arduratu da.
- Transmisioa: Gure garaiko jolasak eta bizipenak haurrei azaldu, gure esperientzia eta jakinduria belaunaldi berrien eskura jartzeko.
Etorkizuneko erronkak: Errealismoa eta lankidetza sarean
Tafallako Ikastola Laguna taldearentzat, 2025-2026 ikasturtea funtsezkoa izango da gure proiektua egonkortzeko. Hona hemen gure erronka nagusiak:
- Talde motorra finkatzea: Tafallan jada martxan gauden kideok gure lanak ongi definitu nahi ditugu, eraginkorragoak izateko eta ikastolaren beharrei hobeto erantzuteko.
- Komunitatea zabaltzea: Ateak zabalik ditugu ikastolako kide izateari utzi arren, ekarpenak egiteko energiaz dauden pertsona guztientzat. Gure helburua “ikastola-zurtz” geratu diren horiei guztiei babesleku eta parte hartzeko gune bat eskaintzea da.
- Eredua babestea eta aldarrikatzea: Ikastolen mugimenduak pairatzen dituen eraso edo gaizki-ulertuen aurrean, antolatuta egon nahi dugu gure eredu herrikoi eta kooperatiboa defendatzeko. Gure lanaz harro gaude eta gizarteari ikastolaren balio diferentzialak ezagutarazteko konpromisoa hartzen dugu.
- Saretzea: Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin eta beste Ikastola Laguna taldeekin harremanak sendotzea, esperientziak partekatzeko eta mugimendu hau nazio mailan indartzeko.
Tafallan jada martxan gaude, gogotsu eta ilusioz beterik. Benito Lertxundik zioen bezala, Euskal Herriak izan duen lorpenik handiena Ikastolak dira, eta guk lorpen horren parte izaten jarraitu nahi dugu.
Bukatzeko, Fermin Balentzia gure Nafarroako bardoak kantatzen duena gogorarazi nahi dugu: “Si canta Tafalla, canta Euskal Herria”. Tafallan gogotsu eta ilusioz beterik lanean hasi gara, eta ziur gaude ilusio hori Euskal Herriko bazter guztietara iritsiko dela. Ametsak betetzeko daudelako... IKASTOLARI BAI!