Bi ikastolen arteko hartu-emana eta elkarlana indartzeko asmoz, azken asteotan topaketa bereziak egin dituzte San Fermin eta Erentzun ikastolek. Bisita truke hau hurrengo Nafarroa Oinez elkarrekin antolatzeko bidean kokatzen da, eta ikasleen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea izan da.

Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean egin ziren Erentzun Ikastolako jardunaldiak. Lehen egunean, Zizur Txikiko ikastolako LH3ko 50 ikasleek Erentzungo LH3 eta LH6ko ikasleekin parte hartu zuten topaketan; bigarren egunean, berriz, LH4 eta LH5eko ikasleekin elkartu ziren. Erentzun Ikastolako ikasleek harrera beroa egin zieten bisitariei, eta elkarrekin egun osoko egitarauaz gozatu zuten.

Lehenik, ikastola eta bertako txokoak ezagutu zituzten eta, ondoren, hamaiketakoa partekatu eta elkar ezagutzeko jolasak egin. Jardunaldiari amaiera emateko, Vianako alde zaharrean barrena gynkhana berezi bat antolatu zuten, herriko historia eta ondarea ezagutzeko helburuarekin. Ikasleek “Vianako pasaportea” zigiluz bete behar izan zuten, Donejakue bidean erromesek egiten duten antzera, izan ere, bide historikoa Vianatik igarotzen baita. Froga bakoitza gainditzean, Oinezeko logodun zigilua jasotzen zuten.

Bisiten trukea amaitzeko, Erentzun Ikastolako ikasleak San Fermin Ikastolara joan ziren maiatzaren hasieran. Bertan, ikastola ezagutzeaz gainera, bazkari eder batez gozatu, gynkhana batean parte hartu eta Oinezeko abestiekin osatutako bingo musikatuan aritu ziren. Giro ezin hobean bizi izan zuten eguna, eta ikasle zein irakasleek elkarlanaren eta euskal kulturaren inguruko esperientzia aberasgarria partekatu zuten.

ARTEA OINEZ 26 erakusketa Vianan izango da ikusgai ekainaren 7ra arte

ARTEA OINEZ 26 erakusketak geldialdia egingo du aurten Vianan, formatu paralelo baten baitan herrirako propio prestatutako proposamen artistikoarekin. Erakusketa Vianako Kultur Etxean dago ikusgai ekainaren 7ra arte, eta Nafarroako zein Euskal Herriko arte garaikidearen aniztasuna eta sormenaren indarra biltzen ditu.

Bidean bat gara” lelopean antolatutako erakusketak bidaia du ardatz nagusi. Bidaiaren ideia ez da soilik mugimendu fisiko gisa aurkezten; aitzitik, memoria, identitatea eta esperientziak lotzen dituen prozesu emozional eta sinboliko gisa ulertzen da. Denborak markatutako bideek arrastoa uzten dute, eta erakusketako obrek bizitakoaren, oroimenaren eta absentziaren inguruko hausnarketa proposatzen dute.

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta Oinez Artea erakusketaren komisarioaren hitzetan, erakusketak ikuslea “pausatzera eta irudiez gozatzera” gonbidatzen du, gaur egun nagusi diren presaren eta berehalako kontsumoaren dinamikatik aldenduz. Erakusketaren bidez, bidaia materialaz harago doan hausnarketa kolektiboa eraikitzen da, galera, pertenentzia edo oroitzapenen berreraikuntza bezalako gaietara zabalduz.

Vianako erakusketak 12 artistaren lanak biltzen ditu —5 emakume eta 7 gizon—, eta bertan belaunaldi, estilo eta hizkuntza artistiko desberdinak elkartzen dira. Aniztasun horrek gaur egungo munduari buruzko 12 begirada eskaintzen ditu, feminismoa, memoria, jasangarritasuna edo bizi garen espazioen arkitektura bezalako gaiak landuz.

Antolatzaileen arabera, erakusketak lotura zuzena du Ikastolen hezkuntza proiektuarekin ere. Izan ere, arteak eta hezkuntzak mundua beste modu batera begiratzeko gaitasuna partekatzen dute: espiritu kritikoa, sentsibilitatea, konpromisoa eta aniztasunarekiko errespetua sustatzeko tresnak dira biak.

ARTEA OINEZ 26k, horrela, arte garaikidearen bidez hausnarketarako eta elkargunerako espazio bat eskaini nahi du, herritarrak, arlo honetan ere, “Bidean Bat Gara” egitera gonbidatuz.