Gure ikastolan argi daukagu nora goazen jakiteko argi izan behar dugula nondik gatozen. Sakanan kokatutako ikastola gara, horrek ematen dizkigun berezitasunekin: bertako herritarron beharrak eta aniztasuna, bertako kultur ezaugarriak, bertako hizkuntza eta, noski, bertako naturaren berezitasun eta aberastasuna. Dugun horren guztiarekiko atxikimendua izatea ezinbestekoa zaigu.

Euskal kulturaren transmisio lan-tzeko, naturaren inguruko lanketa egiteko, jasangarritasunaren garrantzia azpimarratzeko eta familiak hezkuntza prozesuan modu aktibo batean parte hartzeak duen garrantzia ikustarazteko helburuak buruan, aurtengo ikasturtean ikastolako eremuko zuhaiztiaren landaketari ekin diogu “Haritzaren memoria” deituriko proiektuaren barruan. Egitasmo hori Curriculum Bereziko Unitatearen barruan kokatua dugu duela hainbat ikasturtetatik, aniztasunari erantzun orokor bat emanez, eta gure ikasleen artean berdinen arteko elkarlanak duen balioa indarrean jarriz.

Aurtengoan, baina, proiektua ikastola osora zabaldu dugu, eta disziplinartekotasunetik urteetan zehar jarraipena izango duen proiektu gisa diseinatu dugu. Lehenengo fasea aurtengo ikasturtean gauzatu dugu. ikasleen aurre-ezagutzen aktibatzea, hasierako lanketa eta landaketarekin. Fase horretan familien parte hartzea ezinbestekoa izan zen, eta eskualdeko dermio eta pertsonaia esanguratsuak proposatzeko eskatu genien, esan bezala, etxekoen inplikazioa eta lankidetzan eragin asmoz. Modu horretan, bai etxean, bai ikasgelan, euskal kulturaren lanketa sustatzeko eta aztertzeko aukera izan genuen etxeetatik ekarritako pertsonaia mitologikoen inguruan, eskualdeko erreferenteen inguruan… sakontzeko. Gainera, landaketa abiatzeko beharrezkoak ziren aurrelanak ere familien elkarlanaren bitartez gauzatu ziren: hariztian zuloak egin, hesitze lanak aurrikusi…

Martxoaren erdialdean, hasierako lanketa horien guztien ondoren, hamaika haritz eta hamasei gereziondo landatu genituen maila eta ziklo guztietako ikastalde eta irakasle guztion artean. Ondoren, asteburu berean, familiek auzolanean horiek guztiak hesitu zituzten. Denon artean, beraz, auzolanaren eta elkarlaneren bidez, etorkizuneko hazia erein genuen. Izan ere, paraje zoragarri batean kokatutako ikastola gara. Egunero egunero, haritz artean, geriziondo artean, urritz artean… jolasten dugu. Askotan txantxangorri, orein eta bestelako animalien bisitak ditugu, eta intsektu eta xomorroen inguruan hazteko pribilegioa dugu. Hortaz, aipatutako helburu horiek guztien bitartez, dugun inguruarekiko eta naturarekiko atxikimendua ere landu dugu.

Hurrengo ikasturtean proiektuak jarraipena izango du: ikastalde bakoi-tzak gelari esleitutako zuhaitzaren izenaren inguruko informazioaren inguruko lanketa, hariztian ditugun zuhaitz espezieen ikerketa…Hori guztia komunitate moduan aurrera eramaten jarraituko dugu, informazio guztia partekatuz. Honela, zuhaitz bakoitzaren inguruko txosten osatu sortuko dugu, eta etorkizunean lan hori ikastolako komunitateari eta Sakanako herritarrei eskaintzea eta zabaltzea izango da gure helburua.

Etorkizunean jarri dugu begirada aurtengo ikasturtean Iñigo Aritza Ikastolako komunitate osoan. Herritik jaiotakoak garelako, herriari eta naturari berari egin nahi diogu ekarpena. Haritz artean hazi eta hezi gara, eta gure ondorengoek egungo lanaren ondorioz, hala hazten jarraitzea nahi dugu: Haritzaren memoria.