Oinez Basoa proiektua 2008an hasi zen gauzatzen, Nafarroa Oinez jaien ondorioei buruzko hausnarketa egin zenean. Izan ere, lorpen onuragarri asko ekarri arren, bestelako eragin kaltegarriak ere badauzka festak, batez ere baliabide naturalen kontsumoak, hondakinen sorrerak eta berotegi efektuko gasen igorpenak eragindako inpaktu ekologikoari dagozkionak. Ikastolok behin arazoaz jabetuta eta gure ingurunea hobetzeko eta eraldatzeko dugun berezko senari segika, kalte horiek konpentsatzeko zerbait egin behar zela ikusten zen jendartearen kezkekin bat etorriz. Esan eta izan; aurrerantzean, urteroko festa handia antolatzen zen lekuan, ingurumen-kalitateko lekuko iraunkor bat utziko zen: baso berri bat. Oinez Basoa, beraz, jasangarritasunari lotutako ekimen bat da, eta jai-eredu iraunkor baterantz joatea du helburu.

Ideia ikastolaren aita zen Patxi Lakuntzaren eskutik etorri zen 2009n Andra Mari Ikastolak berak antolatu zuen Nafarroa Oinezean. Proiektua garatzeko oinarriak eta baldintzak adostu, eta Arbizuko udal lur eremu batean kokatzea erabaki zen. Hasieratik Arbizuko Udalak proiektuari egin zion harrera eta erakutsitako inplikazioa ezin hobeak izan dira.

2009az geroztik, Nafarroa osoan zehar hainbat baso sortu dira Nafarroa Oinez festaren aitzakiarekin, Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Sartaguda-Andosillan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Lizarra-Antzin-Barindanon. Baso hauek, eskualde bakoitzaren ezaugarrien arabera, era askotakoak izan dira: mendebaldekoak, mediterraneoak, ibaiertzekoak zein bestelakoak. Zabortegi bat ordezkatu da, erretako basoak birsortu dira eta espezie babestuak gordetzen lagundu da. Horrez gainera, hegazti eta saguzarrentzako habia-kutxak egin dira eta hegazti-behatokiak ere sortu dira. Proiektuaren 16 urteko ibilbidean landatutako arbolak 51.000 baino gehiago dira.

Arbizuko basoaren garapena

Esan bezala, Andra Mari Ikastolari dagokion Arbizuko basoa da sortu zen lehenengo Oinez Basoa. Udalak utzitako sailetan bederatzi espezietako bost mila eta berrehun zuhaitz landatu ziren orduan eta, horrez gain, anfibioentzako bi putzu sortu ziren, haien habitata hobetzeko eta hegazti migratzaileei ere atseden-gunea eskaintzeko. 2010eko Nafarroa Oinez antolatu zuen Paz de Ziganda Ikastolak, baso bera hobetzen eta garatzen jarraitu zuen. Horrezkero, basoak bere garapena egin du eta ekintzaren ondorioak harrigarriak izan dira, Arbizuko basoa ehundik gora hegazti espezieren gogoko pausaleku bihurtu baita.

Azken Nafarroa Oinezaren testuinguruan Arbizuko Udala, Nafarroa Oinez Fundazioa eta Andra Mari Ikastolaren arteko hitzarmena berritu da. Horren ondorioz, udala, lur eremua uzteaz gain, basoaren garbiketaz eta itxituraren mantenuz arduratuko da, azken lan honetan Etxarri Aranatzeko Udalak eta Unanuko Kontzejuak ere lagunduko dute. Era berean, azken astetan Sakanako enpresak diren Magotteaux, Sakana S.Koop eta Esekirekin babesletza akordioak sinatu dira proiektua diruz laguntzeko. Erakunde eta enpresa hauen elkarlana eta babes ekonomikoari esker hainbat esku-hartze egin da dagoeneko existitzen zen basoan. Batetik, toki batzuetan gehiegi itxi den basoa garbitu, txukundu eta landaketa berria egin da gure ikasleen parte-hartzearekin. Bestetik, enpresek babestutako hiru behatoki integratu eraiki dira bertan bizi diren hegazti ugariak patxadaz aztertzeko eta zirkuitu bat osatu da horien artean ibiltzeko. Lanak burutu ondoren, ikastoletako eta Sakanako eskoletako ikasleen zein hiritar guztien eskura egonen den baliabide natural eta pedagogiko berritua izanen dugu.

Pedagogiaz ari garelarik, Arbizuko Oinez Basoa izanen da Andra Mari Ikastolaren hezkuntza proiektuaren barnean, gure ikasleekin jasangarritasuna eta ardura ekosozioala lantzeko inplementatuko den baliabidea. Gure ikasleek basoa bisitatuko dute, landaketak eginen dituzte, herbarioa osatuko dute, hegaztiak eta bestelako animaliak aztertuko dituzte, ekosistema biziaren garapena abian ikusiko dute eta, azken finean, ingurugiroarekin hiritar arduratsuak izaten eta gure lurra maitatzen ikasiko dute.

Egitasmo hau gauzatzeko laguntza handia jaso da, auzolanean zein era materialean. Ikastolako guraso talde batek adierazitako konpromisoa izugarria da. Aipatutako udal eta kontzejuaren laguntzaz gain, Sakana S.Koop, Eseki eta Magotteaux enpresek egin duten ekarpen ekonomikoak eta milaka herritarrek zuhaitzak babestuz adierazi duten konpromisoak denontzat izango den baso baten sorrera ekarri dute. Horiei guztiei gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu.

Euskara eta lurra dira gure ondorengoei transmititu nahi diegun ondarea. Zuhaitzek basoa osatzen duten bezala, ikastoletan hezten dugun ume bakoitzak euskararen basoa zabaltzen eta sendotzen lagunduko du. Oinez Basoa proiektuaren alde eginez, etorkizun jasangarriagoa, euskaldunagoa eta zoriontsuagoa lortuko dugu gure ondorengoentzat.