Erronkariko eskola, horrela deitzen diogu guk, berezia da eskola bat baino gehiago delako. Batetik HHko txikiak daude, gero gu gaude LHkoak eta, gainera, DBHko handiak daude 16 urte ere izan ditzaketenak. Hori bai, gutxi gara. Guztira 75 ikasle. Kontuak aterata, 5 ikasle gela bakoitzeko izanen ginateke. Gutxiegi imajinatuko duzuenez, eta horregatik 3 gela batera biltzen gara talde polita egiteko. Esate baterako, LH 4-5-6 gela batean gaude elkarrekin. Horrelakoak dira, bai, herrietako eskola asko.

Leihotik ikusten duguna

Leihotik ez dugu ez etxerik ez karrikarik ikusten. Basoa ikusten dugu, oihan handi bat Txapardoia deitzen dena. Izen hori dauka haritzez beteta egon zelako lehen. Baina pinua da nagusi gaur egun. Erronkaribarko pinua da, hemen ere lerra esaten diogun hori. Maite ditugu pinudiak Erronkaribarren gure familiei beti lagundu egin dietelako.

Horiei esker gure etxeak egin ditugu, lana izan dugu eta horiei esker gure paisaia ederra da. Horregatik guztiagatik ahalik eta hobekien zaintzen ditugu pinudiak. Eta ibaia ere ikusten dugu eta ura maite duten zuhaitzak ere bai: lizarrak, txipuak, hurritzak, astigarrak…

Gure gelak

Gure gelak, hori bai, “normalak” dira. Mahaiak, aulkiak, pantailak, chromebookak… Eta hor egoten gara, ikasle guztiak bezala, goizez eta puska bat ere arratsaldez bazkaldu eta gero.

Eta horrek pena pixka bat ematen digu, ze zuhaitzez inguratuta egon arren, gure gelek paretak dituztelako eta gure eskolak hesi handi bat ibaiaren kontra. Hau da, ematen du gure eskolak ezetz esaten diola basoari, ez dadila sartu gurekin jolastera eskatzen diola. Eta hori ez da egia. Eta horregatik erabaki dugu nahi dugula eskola eta basoa batu Eskolako zaltua deitzen diogun ideia batean.

Eskolako zaltua

Eskolatik ibaira 100 metro daude. Eta erdian, imaginatuko duzuenez, zuhaitzak ditugu. Ba, erabaki dugu zuhaitz horien artean hiru ikasgela eraiki nahi ditugula. Paretarik gabe noski. Teilatua badugu, lizarren adaburuak izanen dira, eta zorua ere bai, urtero berrituko den horbelaz egina. Gure esku geratzen dira mahaiak eta hala moduzko aulkiak jartzea -pinudiak utziko dizkigu enbor onak, ziur gaude horretaz. Gainera, txori eta animalien behatoki bat izanen dugu. Guri begira sumatzen ditugun azeri, lepazuri, basakatu, orkatz, basurde eta igarabak guk ere ikusi ahal izateko; eta putzu edo idoi bat moldatuko dugu bertako ekosistemaz ongi jabetu gaitezen.

Serio abiatu gara kontu honekin eta jada ibili gara eremua ongi aztertzen herriko basozainekin eta ingurugiro teknikariekin. Laster izanen ditugu gure geletan Erronkaribarko adinekoen bisita, eta kontatuko digute haiek ere nola ematen zituzten klaseak, eta zer egiten zuten ibaian eta basoan. Adineko jendeak oso gauza diferenteak egiten zituelako garai horietan, batzuk benetan harrigarriak. Eta gure familiekin ere elkartuko gara, denon artean ideia eta iradokizun gehiago biltzeko.

Antza denez, proiektu osoa garatzeko dirua ere behar da. Oraingo honetan ez diegu pinuei dirua eskatuko, baizik eta Europari. Gure ideia Erasmus+ izena duen izakiari eskatuko diogu.

Zuentzat ere izanen da!

Bai! Dena ongi ateratzen bazaigu gelak ez ditugu guretzat bakarrik nahi. Imajinatzen duzue Erronkaribarrera irteera bat egiten duzuela -benetan polita da- Belagua ikusi Pirinio osoarekin- eta gelditzen zaretela gure Erronkariko eskolan eta hor klasea elkarrekin ematen dugula zuhaitzen artean eta erreka ondoan?

Dena prest dugunean, abisatuko dizuegu bai. Agian, hemendik gutxira elkarrekin lan egin dezakegu Erronkariko Eskolako Zaltuan. Hemen toki asko –eta gogo gehiago– dugu zuekin partekatzeko!