Ikasgelen digitalizazioak CO2 isuriak 80 aldiz biderkatzen du
Ekologistak Martxanen txosten batek azaltzen duenez, liburuen ordez tabletak erabiltzeak ikastetxeen ingurumen-aztarna izugarri igotzen du
Ikasgeletan, liburuen ordez, tabletak erabiltzeak CO2 isuriak 80 aldiz biderkatzen ditu eta ikastetxeen aztarna hidrikoa 11 aldiz biderkatzen du. Hori da, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan elkarteak argitaratu berri duen eta hezkuntza-digitalizazioaren izaera ekologikoa zalantzan jartzen duen txosten batek azaltzen duena. Bertan jasotzen denez, 2021 eta 2024 artean, ‘Educaen Digital’ programaren bidez banatu ziren 800.000 gailuek 560.000 tona CO2 eragin zituzten. Azpiegitura digital osoaren mantentze-lanak aintzat hartzen badira, kopuru hori milioi bat tonatik gorakoa izan daiteke.
“Eskola osasungarria” izeneko kanpainaren barruan aurkeztu den Consecuencia sambientales de la digitalización escolar izenburuko txostenak, paper-kontsumoa saihesten dutelakogailu digitalek ingurumen-inpaktua murrizten dutelako ustea ezeztatzen du.Izan ere, txostenak, paperaren kontsumoaz aztertzeaz gain, liburuen eta gailu elektronikoen ekoizpen prozesuan ohi diren faktore guztiak aztertzen ditu: erabilitako energia, isuriak, kontsumitutako ura eta osagaiak birziklatzeko aukera.
Datuek erakusten dutenez, ordenagailu eramangarri baten ekoizpenean eta balio-bizitzan 700 kilo CO2 sortzen dira. Bost testu libururen kasuan, berriz, sortutako isuriak 8,59 kilo baino ez dira. Gailu elektronikoak erabili ahal izateko beharrezkoak diren sareen, datu-zentroen eta konektibitatearen mantentze-lanak kontuan hartzen badira, alde hori are handiagoa da. Gainera, digitalizazio-politik horrek zabor elektronikoaren arazoa ere areagotzen du, gailu horien birziklatze-tasa oso baxua izan ohi delako eta osagaiak ez direlako oso biodegradagarriak.
Txostenean zehazten denez, ordenagailu eramangarri baten fabrikazioak eta erabilera elektrikoak 300 kilo erregai eskatzen dute, eta bost testuliburu ekoizteak, berriz, 8,59 kilo CO2 baino ez. Alde hori are nabarmenagoa da ur-kontsumoaren kasuan: ordenagailu eramangarri baten ekoizpenean 1.500 litro ur inguru erabiltzen diren bitartean, bost testu liburu ekoizteko nahikoa da 137 litrorekin.
Ekologistak Martxanek egin duen aintzatespen horretan kontuan hartu dira, besteak beste, inprimaketarako erabilitako energia-kontsumoaren isuriak (200 gramo CO2), tinta ekoiztean sortutako isuriak (1.000 gramo) eta 200 orriren erabilerak sortutakoak (518 gramo). Guztira, testu liburu batek 1,718 gramo CO2 sortzen ditu. Kopuru hori bider bost egin beharko litzateke ikasle batek ikasturte batean, batez beste, erabili ohi dituen liburu kopuruarekin bat egiteko.
Zabor elektronikoa
Ekologistak Martxanek salatzen duenez, arazoa larriagotzen da gailu elektronikoak beren balio-bizitzaren amaierara iristen direnean. Izan ere, liburuan ia bere osotasunean birziklatu ahal diren bitartean, ordenagailuak eta tabletak birziklatzea oso konplexua da. Gailu bakoitzean 70 mineral ezberdin aurki daitezke, baita lortzea oso zailak diren lur arraroak barne. Horiek guztiak lortzeak ingurumen-inpaktu oso handia du.
Eskoletan erabiltzen diren tabletak 2030erako aurreikusita dauden bederatzi milioi tona hondakin digitalei gehituko zaizkie. Zabor horrekin guztiarekin 40 tonako 225.000 kamioi bete daitezke. Kamioi kopuru hori ilara bakar batean jarriko balira, Iruña eta Errusiako San Petersburgo artean den distantzia beteko lukete. Hondakin horien guztien % 80 ingurukzentral termikoetan, zabortegietan edo Hegoalde Globaleko herrialderen batean amaitzen du. Azken horietan osasun- eta ingurumen-arazo handiak eragiten dituzte.
Txostenean jasotzen denez, gailu elektronikoen ekoizpenak duen aztarna ekologikoaz gain, bada aintzat hartu beharko litzatekeen beste arazo bat. izan ere, gailu horien ekoizpen prozesuan izan ohi diren lan-baldintzak, normalean, ez dira oso egokiak eta horrek arazo etiko bat ere eragiten du.
Erakunde ekologistaren ustez, digitalaren aldeko politika hori ez dator bat LOMLOEn jasotako oinarriekin. Horien arabera, ikastetxeek ingurumena zaintzeko ardura hartu beharko lukete eta, horrez gain, legeak ingurumen-jasangarritasunaren, birziklapenaren eta berdeguneekin kontaktuan egotearen kultura sustatzen du, eta helburu horiek aurrez aurre talka egiten dute ikasgeletan teknologia masiboki hedatzearekin.
Europar fondoak
NextGeneration fondoei esker “Educaen Digital” programaren barruan banatu diren 800.000 gailuek, isuriak nabarmen igotzeaz gain, huts egin dute hezkuntza-ikuspegitik. Egiaztatu ahal izan denez, baldintza onetan zeuden milaka pantaila ordezkatuak izan dira eta zaborrera bota dira inolako etekin-planik gabe. Ekologistek salatzen dutenez, ikastetxeei ez zaie galdetu aldaketa horien guztien beharraren inguruan.
Politika hori ez dator bat Espainiako Gazteria eta Haurren Ministerioaren adituen batzordeak emandako gomendioekin; izan ere, batzorde horrek aholkatzen du ikastetxeei kontsulta egitea ordezkapen teknologikoak egin aurretik. Erabili diren diru kopuru itzelek, bereziki, mesede egin dieta teknologia sektoreko enpresei, baina ez hainbeste ikasleei.
Ekologistak Martxan elkarteko bozeramale Julio Carmonak azaltzen duenez, “premiazkoa da, irizpide zientifikoan eta adituen eta osasun-elkarteen gomendioetan oinarrituta, ikastetxeetan leuntze digitalari aurre egitea”. Carmonaren hitzetan, eskola-digitalizazioaren ondorioz “ikasleen ikaskuntza-gaitasunak eta emaitza akademikoak urratu dira, baita sarrera goiztiarrari lotutako osasun- eta garapen-arazoak sortu ere”.
Txostenean salatzen denez, inbertsio horren onuradun nagusiak teknologia esparruan eta horretara lotutako zerbitzuetan lan egiten duten enpresak izan dira. Ikasleen kasuan, berriz, gazteek harremanak ardatz dituzten inguruneetan ikasteko aukera galdu dute.
Gaitasun digitala gailurik gabe
Elkarte ekologistak gaitasun digitalaren kontzeptua birformulatzea eskatzen du ikasleek gizarte teknologikorako beharrezkoak diren gaitasunak eskura ditzaten, baina, halabeharrez, erabiltzaile digitalak izan gabe. Haien ustez, gaitasun digitalak ez du derrigorrez eskatzen ikasle bakoitzak gailu pertsonal bat izatea. Ostera, helburuakgaitasun kognitibo, fisiko eta emozionaletarako oinarri sendo bat bermatzea izan beharko luke.
Birformulazio hori beharrezkoa egiten da ebidentzia zientifikoak berak zalantzan jartzen duenean digitalizazio goiztiarraren hezkuntza-onurak. Txostenean jasotzen denez, pantailetarako sarbide goiztiarrak efektu negatiboa izan du ikaskuntzarako gaitasunetan eta emaitza akademikoetan. Horrez gain, osasun –eta garapen– arazoak ere eragin ditu.
Gainera, digitalizazioaren aldeko apustu horrek ezerezean uzten du hainbat ikastetxetan aztarna ekologikoa murrizteko garatzen dituzten hainbat ekimen, hala nola, ontzien murrizketa jolas-orduetan, komunetan ur-kontsumoa murrizteko neurriak edo papera banatzeko neurriak. Txostenaren arabera, ekologiaren aldeko edozein ekimen anekdotiko bihurtzen da aztarna digitala bere osotasunean hartzen ez bada. Hortaz, haurrek ere jakin behar dute teknologia digitalak planeta kaltetzen duela.
Frantziako The Shift Project adituen panelaren arabera, zuhurtzia-printzipioaren aplikazioak trantsizio digitala nola garatzen den zalantzan jartzera eraman beharko luke. Eskola-digitalizazioaren hedapenak alde batera utzi ditu ingurumen-inpaktu gero eta handiagoa eta ikaskuntzetan dituen ondorio negatiboak.
Hezkuntza-eredu berri bat
Txostengileen ustez, ikastetxeak behartuta daude programen eta plataformen erabilerara lotutako gaitasun digitalaren definizio zaharkitu bat betetzera. Hortaz, ebidentzia zientifikoan oinarritutako ikuspegi berri bat eskatzen dute, digitalaren pisua leuntzeko eta ikastetxeen ingurumen-aztarna murrizteko.
Erakundearen ustez, teknologia digitalak sortzen duen ingurumen-degradazioari buruz haurrei irakastea eta austeritate digitala balio ukaezin gisa sustatzea funtsezkoa da egungo erronka klimatikoekin koherentea den hezkuntza batean.