22 urteko Lide Tantirumairu Ikastolako ikasle ohia da eta Donostiako EASO Politeknikoan Ingurumen Hezkuntza eta Ingurumenaren Kontrola zikloa ikasi zuen. Bertan, naturarekin eta haren zaintzarekin lotutako ezagutzak eskuratu zituen: landare eta animalien ezaugarriak, hondakinen kudeaketa, uraren kontserbazioa eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeko praktika egokiak, bertzeak bertze.
Nola sortu zen ‘Ipuin Ibilbideak’ proiektuaren ideia?
–Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko ikasketak osatzeko praktikak egin behar izan nituen. Lehen urtean, hiru asteko praktikaldia egin nuen Irantzu Pastorrekin, Bidasoako Bide Berdeko ekintzak antolatzen dituen arduradunarekin. Bigarren urteko praktikak luzeagoak izan ziren eta Lesakako Udalean egiteko aukera izan nuen. Han, ikasitakoa aplikatzeaz gain, Itsaso Alcalde turismo teknikaria ezagutu nuen. Berak azaldu zidan bazirela ipuin batean oinarritutako ibilbideak, Igantziko erreka bazterrekoa adibidez. Liburu hori ikusita, Lesakan antzeko proiektu bat sortzeko ideia bururatu zitzaidan: herriko ingurunearekin lotutako ipuinak eta ibilbideak uztartzea. Ideia Itsasori proposatu nion, eta gustuko izan zuenez, elkarrekin ibilbide egokienak aukeratzen eta ipuinak sortzen hasi ginen. Proiektua udalean bertan garatu nuen, praktikaldian.
Nola laguntzen du proiektuak Lesakako natura eta kultura ondarea ezagutarazten?
– Aukera ederra iruditu zitzaidan udako eguraldi ona aprobetxatzeko eta, herriaz gain, bertze zerbait ezagutzeko. Haurrentzat ipuinak eta naturarekin lotutako jarduerak eskaintzeak bisitariak erakartzen laguntzen du, eta herriko erdigunea bakarrik ezagutzeaz gain, ingurunea esploratzera bultzatzen ditu. Proiektuak Lesakako herritarrak ere aktibatu nahi ditu, mendira edo naturara joateko aitzakia emanez eta jolas moduko bat sortuz. Bertzetik, turismo mota jasangarriagoa sustatu nahi da: jendea puntu bakar batean pilatu ordez, Lesakako ingurune osoan zehar esperientzia zabaltzea bilatzen da.
Zerk inspiratu zaitu zehazki ipuinak sortzerakoan?
– Praktikak hasi nituenean, inauteriak pasa berriak ziren, eta Zakuzarrak gogoan nituen. Hori baliatuz, Zakuzarrei buruzko ipuin bat idatzi nuen. Ni ere Zakuzarrez ateratzen naizenez, errazagoa egin zitzaidan azaldu eta transmititzea zer sentitzen den pertsonaia horretan parte hartzean. Horregatik, ipuin hori da niretzat bereziena eta pertsonalena.
Zein irizpide erabili dituzu zehazki 4 ibilbide horiek hautatzeko?
–Lesakan milaka ibilbide egiten ahal diren arren, lau aukeratu behar ziren eta hauek aukeratu nituen: Fraingo itzulia, Bide Berdea, Olazar eta Agiña. Aukeraketa, gehienbat, erraztasunean eta nire ustez politenak edo berezienak zirenen artean egin nuen.
Zure lana Udalaren laguntzarekin osatu da. Nola izan da lankidetza hori zehazki?
–Egia errateko, askatasun handia eman zidaten Udaletik lanean aritzeko; nire ekarpenak egiteko, betiere herriari mesedegarriak izateko asmoz. Nire lana dokumentu batean jasota geratu zen, eta haiek eskaini zuten inprimatzea eta azken emaitza txukun aurkeztea. Hagitz eskertuta nago, nire ideiak aurrera ateratzeko aukera eman zidatelako. Azkenik, aipatzekoa da liburuxkako ilustrazioak Itsasok berak egin dituela.
Zein da QR kode horren funtzio zehatza, eta nola hobetzen du ibilbide parte-hartzailearen esperien-tzia?
–QR kodearen helburua da parte-hartzaileak Wikiloc aplikaziora bideratzea. Mapa fisikoa sortu beharrean, Wikiloc erabiltzea erabaki genuen, mundu mailan gehien erabiltzen den aplikazioetako bat baita. QR kodearen bidez, ibilbidearen inguruko informazio praktikoa eskuratu daiteke, hala nola desnibela edo ibilbidearen iraupena, eta horrek jendea parte hartzera animatzen du. Gainera, ibilbide bakoitzerako liburuxka prestatu da: ibilbidearen azalpena, ipuina eta QR kodea jasotzen ditu, eta horrek esperientzia errazago eta erakargarriago bihurtzen du bisitarientzat.
Parte-hartzaileek pasaportea jaso-tzen dute liburuxkan, ibilbide guztiak egiteko. Nola lortzen da?
–Santiago Bidearen antzerako ibilbide bat sortzea pentsatu genuen, baina modu xumeagoan eta guztiontzat eskuragarri. Ez da derrigorrezkoa ibilbide luzeak egitea; gure helburua da parte hartzaileek esperientzia ahalik eta gehien gozatzea eta, ibilbidea bukatuta, Esploratzailearen diploma jasotzea. Gainera, ideiak eta esperientziak partekatzea funtsezkoa da. Parte hartzaileek euren iritziak, bizipenak eta sentimenduak partekatzea aukera ematen du motibazioa handitzeko eta hobetzeko aukerak identifikatzeko, betiere euren iritzia kontuan hartuz.
Adinaren arabera, 3 edo 4 ibilbide egin ondoren, Ipuin Esploratzailearen Diploma lortzeko aukera dago.
–Sei urte bitartekoek bi ibilbide egin behar dituzte, eta horien artean aukeratzen errazenak Bide Berdea eta Olazar dira, ibilbide lauak direlako. Zazpi eta hamar urte bitartekoentzat hiru ibilbide ezartzen dira, eta hamaika eta hamasei urte bitartekoentzat lau ibilbide. Egitasmo honen helburua jendea, bereziki gaztetxoak, motibatzea da ibilbide hauetara hurbiltzeko. Azkenean, parte hartzaileek diploma bat jasotzen dute, Ipuin Esploratzailearen Diploma, eta diploma honek liburu hau osatu dutela ziurtatzen du.
Nola laguntzen du proiektuak Lesakako turismo eso ezagutza lokal jasangarriaren sustapenean?
–Gure jardunean, etengabe jasangarritasunari buruzko gaiei erreparatzen diegu, azken urteotan turismoaren ardatz nagusietako bat baita: turismo jasangarria. Azken batean, garrantzitsuena ingurua eta bertako bizitza errespetatzea da. Helburua da esperientzia berriak proposatzea, bisitariek herria beste modu batean ezagutu dezaten.