Ioritz Villabonako Oinkari dantza taldeko kide gaztea, Lesakarra eta Tantitumairu Ikastolako ikasle ohia da, bertzeak bertze. Dantzarekiko duen konpromiso sendoaz, txikitako bizipenetaz eta bertze hainbat kontuetaz aritu zaigu gaurkoan.

Ongi etorri. Noiz piztu zitzaizun dantzarako grina?

–Txiki txikititatik ibili naiz dantza munduan. Dena den, bortzgarren mailan ohartu nintzen benetan dantza egin nahi nuela eta DBH 2.mailan Villabonara joan nintzen bertze dantza mota ezberdinak probatzeko, Euskal dantzaz gain.

Norbaitek piztu zizun dantzarako gogoa?

–Bai, nire amak. Txikitatik ikusi dut nire ama dantzan da eta berak dantza probatzeko erraten zidan, gustoko nuen edo ez jakiteko.

Noiz hasi zinen dantzan?

–Bortz urtekin hasi nintzen dantzan, hemen, Tantirumairu ikastolan.

Tantirumairu dantza taldean hasi zinen. Gustura ibili zinen dantzan hasieratik?

–Bai, betitik gogoko izan dut dantza egitea. Hortaz gain, jolasak ere egiten genituen eta gustura joaten nintzen dantzara. Txikitan tantirumairu ikastolako gimnasioan egoten ginen, hemen bertan. Urte batzuk beranduago, Harriondora mugitu ginen.

Zutaz gain, ba al zegoen beste mutilik zure dantza taldean?

–Txikitan bai, aunitz ginen taldean. Gaur egun, ordea, mutil bakarra naiz Lesakako taldean. Villabonan berriz, aurten taldekide berriak sartu dira eta mutil kopurua handiagoa da.

Gaur egun Oinkari dantza taldean zabiltza dantzan. Zergatik hartu zenuen Lesakatik kanpora joateko erabakia?

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila bukatzerakoan, nire amak beraien ikasturte amaierako emanaldia ikustera joateko erran zidan. Aunitz gustatu zitzaizkidan bertan ikusitako dantza eta koreografiak! Taldekide batzuk ezagutzen nituen eta azkenean, bertara joateko erabakia hartu nuen.

Zer nolako harrera jaso zenuen talde berrian?

–Talde berrira iritsi nintzenean, taldekide gutxi batzuk ezagutzen nituen arren, denborarekin ingurukoen kuadrila eta lagunak ezagutzeko aukera izan nuen. Txapelketek ere, taldekideekin denbora gehiago pasatzea eta elkar hobeto ezagutzea ahalbidetu didate, eta horri esker orain hobeto moldatzen naiz beraiekin.

Bakarka, binaka edo taldean gustuko duzu dantzatzea?

–Bakarka zein binaka dantzatzea gustoko ditut baina, taldean dantzatzea nahiago dut, besteekin elkarlanean aritzea atsegin dudalako.

Abenduan Oinkariko kideekin Arabako koreografia txapelketa irabazi zenuten. Zorionak! Nork sortu zuen zuen koreografia? Zer kontatu nahi zenuten dantza horrekin?

–Koreografia talde-lanean sortutako emaitza izan zen. Txapelketan izena eman ondotik, taldekide batzuen artean ideia adostu genuen eta, ondoren, taldekide guztien artean moldatu genuen. Dantzaren mugimenduak ongi egokitzen ez zirela ikusten genuen bakoitzean, aldaketak egiten genituen. Koreografia horren bidez, gure entsaioak nolakoak ziren adierazten saiatu ginen.

Berriz hasi beharko bazina, bide bera hartuko zenuke?

–Bai, zalantzarik gabe! Bide bera hartuko nuke! Izan ere, zenbaitetan dantzan zazpi ordu aritu eta gero gehiago nahi izaten dut. Astebetez dantzatu gabe egon eta gero, bueltatzeko irrikitan nago!