Gehienok lanera buelta egin dugun honetan, munduan bi pertsona mota daudela ondorioztatu dut. Alde batetik, badira bizitzako oporrik onenak egiten dituztenak, nahiz eta ondoko herrixkan pasa uda, eta bestetik munduari bi bira eman arren apenas kontatuko dizutenak. Opor-lekuak ez du zerikusirik lehenengo taldean edo bigarrenean sailkatzeko garaian, oporraldi horretatik ateratzen den irakurketa da berez bereiziko dituena.

Lehenengo taldekoek beti pasatzen dute ondo, berdin da itsasontzia ondoratu, furgoneta izorratu edo bizitzako hainbat artetan eskarmentu handia duen batek iruzur egin badie ere, sekulako oporraldia izan dute, itzela. Onartu behar zaie esperientzia guztiek irakasten digutela zerbait, eta ez duela denak bikain atera beharrik benetan ongi pasatzeko, baina denak ezin du zoragarria izan beti, halabeharrez.

Beste taldean, aldiz, kontrako jarrera dutenak daude. Talde honetakoek irakurketa neutroak egiten dituzte bai Willy Fogen bidaia egin, bai Aupa Etxebesterena egin badute ere. Zer moduz oporrak? Ongi. Ez xehetasun ez ezer, ez bizipoz eta ez desastre. Ongi. Eta puntu. Egia onartzearren, hauen neutraltasuna ez da soilik potrojorran egoten garen garai honetara mugatzen, beti daude ez kontent ez triste. Euromillones tokatu omen zaizu! eta erantzuna: Bai, ongi. Izorrai.

Bi espezie horien artean, bai batean eta bai bestean, nahiz eta gehienetan lehenengo taldekoekin maizago gertatu, egon diren tokien izenak ahaztu edo asmatzeko joera ere egoten da. Egia da, askotan, hizkuntzak direla eta, tokien izenak zail samarrak suertatzen direla ahoskatzeko, edo hobeki esanda gure ahoskerara egokitzen ditugula, egunerokoan deklaton, porrabentura edo gogle esaten dugun modu berean. Adibidez, ezagun batek oporrak Txironan pasa zituen Gironan beharrean, eta beste batek ez zekien Split-en egon eta Spritz edan zuen, edo alderantziz.

Meza moduan jarriko naiz, eta ez ezazue gorrotatu hurkoa bere oporraldi osoko argazkiak erakusteagatik, ez sutu dena ondo atera zaielako, ziur zerbait espero ez bezala joan zaiela, baina hor dago koska, horri buelta ematen jakiten. Ez haserretu ere detailerik ematen ez duenarekin, horrelakoxeak gara batzuk. Beste batzuek, adibidez, garrantzia handiagoa emango diote agian hartzen dituzten garagardo edo ardo txuri kopuruari, ikusitako eskulturei baino. Ez sentitu epaituak oporraldiko momenturen batean gure printzipioren bat birrindu dugulako, kilo bat edo bost gehitu dizkiogulako gerri bueltari. Urte guztiko zurrunbiloaren ihesbide bezala aurkezten zaizkigu oporrak, eta normala beraz ahalik eta kilometro gehien egin nahi izatea ihesaldi horretan, edo urte guztian gure buruari debekatzen dizkiogunak baimentzea. Berriz ere izango dugu errutinaz nazkatzeko beta, lasai horregatik.