zumaia - Energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien azoka izan zen atzo goizean protagonista Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazan. Bertan, herritarrek gertutik ezagutzeko aukera izan zuten kon-tsumoa gutxitzeko zein alternatiba edota irtenbide dituzten eskura. “Askok zuzenean plaka fotovoltaikoak zenbat balio duen galdetzen dute”, zioen azokako koordinatzailea den Gloria Moyak. “Horrek esan nahi du jendeari burutik pasatzen zaiola halako instalazio bat ipintzea, errealitate baten aurrean gaudela dagoeneko”, jarraitu zuen.

Usurbilgo Lanbide Eskolak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin elkarlanean antolatutako ekimen bat da Energia Azoka eta jendeari gai hauek ulertzen laguntzeko, eskolako irakasle diren asko bertan izan ziren azalpenak emateko eta dudak argitzeko prest. “Azken finean, ekitaldi asko antola-tzen ditugu teknikariei zuzenduta, baina garrantzitsua da gizarteak bere osotasunean gai hauekiko ezagutzak zabaltzea”, zioen Moyak. Izan ere, eraikuntzaren munduari begiratuz gero, geroz eta gehiago dira aurrera eramaten diren berrikun-tza proiektuak eta horrekin batera, berrikuntza energetikoak datoz.

“Duela urte batzuk oso urruti ikusten genituen gaiak dira baina gaur egun, jendeak kontzientzian dauka aurrezteko oso modu ona dela kon-tsumoa jaistea”, azaldu zuen Moyak. Isolamenduak, izan ere, etxeko kontsumoa murrizten laguntzen du eta koordinatzailearen arabera “geroz eta pertsona gehiago dira etxean obraren bat egin behar badute, honen inguruan informa-tzera datozenak”.

Azokaren beste gune tentagarrienetako bat argiteri eraginkorrarena izan zen. Bonbila zahar eta berriagoen erakusketa bat zirudienak, frogak egitea ahalbidetu zuen. Hauek piztu eta itzaliz, pantailatxo batean berehalako kontsumoa ikus zitekeen eta Moyaren hitzetan “jolas bat dirudien arren, oso erabilgarria da eta jende ugari hurbiltzen da, izan ere, gero dendara joaten garenean oso zaila izaten baita erabaki bat har-tzea inolako informaziorik gabe”.

Jendearengan interesa pizteko helburu nagusiarekin aritu ziren atzo lanean Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleak Zumaiako Beheko Plazan. Bosgarren aldia da halako ekimen zabala kalera eramaten dutela eta hurrengo geltokia Hondarribin izango dela ere jakinarazi zuten. “Limitaziorik handiena legearen aldetik dugu, baina hori aldatzen denean, aldatuko dela ziur, hazkunde-hasiera polit baten aurrean egon daiteke sektorea”, ziurtatu zuen Moyak.