ordizia - Ordizian kokatuta dagoen Goierri Eskolak Segurtasun, Osasun eta Ingurumen gela inauguratu berri du. Proiektuaren helburua da ikasleen formakuntzarako baliabide eraginkorra izatea lan esparruan segurtasuna eta osasuna, ingurumenaren babesa edota garapen jasangarria lantzeko. Inaugurazio ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Rikar Lamadrid, izan zen, Osalango, Quirón Prevención eta Su Eskolako ordezkariekin batera.

Guztiek nabarmendu zuten segurtasun esparruan gaur egungo ikasleak, alegia, etorkizuneko langileak, izan behar duten kontzientziaren garrantzia handia izan behar dela beti, nahiz eta azken urteetan asko aurreratu den gaiaren inguruan. “Duela urte batzuk ez zen horrela pentsatzen: enpresariarentzat kostua zen segurtasuna garatzea eta langilearentzat, aldiz, tontakeria bat. Gaur egun hori ez da horrela ikusten eta ondoen ikusten diren eta ondoen doazen enpresak Europa mailan oso serio hartzen dute gai hau”, azaldu zuen Lamadridek.

Martxan jarritako gela berriarekin, hain justu, horixe da bilatzen dutena, ikasleak behar bezalako prestakuntza jaso eta izatea segurtasun gaietan. Horretarako, material bibliografikoz, baliabide ezberdinez eta ekipamenduz hornitu dute gunea eta ikasleek bertara jotzeko aukera izango dute aurrerantzean, dagoeneko gela martxan baitago.

“Giltzarria da formakuntzan teoriatik praktikara jauzi egitea, eragile ezberdinen arteko sinergiak batuz, hala nola, administrazioa, enpresak eta hezkuntza zentroak, beti ere segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren kultura sustatzeko”, agertu du Goierri Eskolako arduraduna den Jose Manuel Hernandezek.

Proiektu berri hau Kutxa Fundazioak finantzatu du baina, hala ere, beste hainbat erakunderen babesa ere jaso dute.

Hala, Goierri Eskolako ikasleek segurtasunak duen garrantziaz ohartuko dira eta ikasitakoa martxan jartzeko aukera izango dute eskolan bertan estreinatu berri den gunean.