ordizia - Gauza jakina da Ordizian asteazken goizero egiten den azokak indar handia duela. Historia ere halakoxea du, eta urte asko darama-tzate bertako ekoizleek produkturik onenak azokara eramaten. Hala ere, egungo gizarteak eta dituen erosketa ohiturak aldatu egin dira eta horretaz jabetuta, Ordiziako Udalak, Elika, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioarekin elkarlanean Ordizialab proiektu berria jarri dute martxan, Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatearen hitzetan, “azoka berpizteko helburuarekin”. Bide horretan, Ordiziako bihotz eta hiri ekonomiaren eta honen merkataritza erdigunearen errekuperaziorako motor gisa funtzionatuko duela nabarmendu du Santamariak; “espazio komertziala, bizitzeko, erosketak egiteko eta gozatzeko lekua bihurtuz”. Hiri espazioaren berreskuratzea bultzatu nahi da horrela, herritarren eta merkataritzaren jarduerarako, azoka abiapuntu hartuta. Azokaren, merkataritzaren eta espazioen modernizazioa eta hobekuntza aurkitu nahi ditu egitasmo honek, “herriko nortasunaren eta memoriaren balioetatik, jasangarritasuna, gertutasuna, kalitatea eta lurraldearekiko konpromisoa bultzatuz”.

parte hartzea Herriko merkatariekin elkarbanatuko dute datozen asteetan egitasmoa, hausnarketa prozesu bat hasiz, izan ere, eragile desberdinen ikuspegiak barneratu nahi dituzte Ordizialab-en eta ondoren, iri-tziak jaso eta ekintza plan partekatu batean jaso. Parte hartze hori ahalbidetzeko, ekoizle, baserritar, ikastetxe, elkarte eta industria sareak, merkatariak, ostalariak eta ekarpenak egin nahi dituztenekin kontatu nahi dute, norberak bere ikuspegia eta iritziak emateko. Hala, Ordiziako Udaleko webgunean, www.ordizia.eus, gune bat zabalduko da eta bertatik ordizialab@ikertalde.com helbide elektronikora mezuak bidaltzeko aukera eskainiko da. Horrez gain, D’elikatuzen edota Merkataritza eta Ordizian elkarteko bulegoan jarriko diren kutxetan papelean ere egin ahalko dira gaiaren inguruko iradokizunak.

Hurrengo urratsean, alkateak aurreratu duenez, foroak jarriko dira lanean; hasiera batean sektoreka eta elkartuta gero, “Ordiziako azokari eta ekonomiari buruz eztabaidatzeko, elkarlanean helburu baten inguruan lan egiteko. Ordiziaren nortasunarentzat garrantzitsua dena elkarren artean erabakitzeko”.