iruñea - Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira ospatutako XXIII. Jagon Jardunaldiaren baitan, Europa mailan hizkuntza gutxituen sustapen eta defentsaren alorrean lan egiten duten hainbat erakunde akademikok, elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Iruñeko Baluarte aretoan. Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak azaldu moduan, “Euskaltzaindiaren ekimenez, Europako hizkuntza gutxituak jagoten jardunten duten horien egoera nahiz gizarte eta hizkuntza bilakaera ikertzen duten erakunde akademikoak elkarlanean aritzeko lankidetzarako esparru-hitzaremena lantzen ari gara aspaldian”. Atzoko agerraldia eta hitzarmenaren sinadura, hartara, erakunde hauen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jarduteko lehenengo urrats ofiziala izan zen.

Euskaltzaindiako lehendakariak argitu moduan, “hitzarmena irekia da”, eta etorkizunean akademia eta erakunde gehiagoren atxikimendua bilatzea izanen du erronka.

Ostegunean abiatu zen jardunaldian zehar, behin baino gehiagotan agertu zen arlo honetan lan egiten duten erakunde desberdinen arteko elkarlanaren beharra, eta atzoko saioari itxiera eman zion ekitaldiak, hain zuzen, hori islatu nahi izan zuen: elkarlana, aurrera egiteko bide nagusi bezala.

Erakunde guzti hauen xedea, Euskaltzaindiako ordezkari nagusiak azaldu moduan, eremu urriko hizkuntzen batasuna bermatzea da, hizkuntza horien ikerketa sustatuz, lexikoaren eta gramatikaren araudia ezarriz eta eguneratuz, eta hizkuntzen gizarte-bilakaeran arreta jarriz. “Xede eta helburuetan bat datozenez”, gehitu zuen Urrutiak, “elkarren arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jardun nahi da, esperientziak, ikerketa proiektuak eta baterako argitalpenak trukatzen”. Horretarako, hitzarmenak ezartzen duen lehenengo urratsa lankidetzarako oinarriak eta tresnak ezartzea da, nork bere ardurapeko hizkuntzei buruzko azterlanak eta ikerketa-proiektuak batera garatzeko, beharrezko baliabideak trukatzeko, erakunde bakoitzak ikerketa-proiektuetan erabiltzen dituen metodoak ezagutzera emateko, interes orokorreko argitalpenetan elkarlana sustatzeko, aspiegitura digitala eta tresnak garatzeko edota hizkuntzei buruzko jardunaldi eta mintegiak antolatzeko.

Hitzarmenaren helburu nagusietako bat, bestalde, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sare bat eratzea da, Europa mailan. “Aldi berean, xedea Europar Batasuneko erakundeek hizkuntza-komunitateen ordezkaritza aitortzea” da, hizkuntza-aniztasunari buruzko jakintza eta begirunea bultzatu ahal izateko. - M.M.P.