Ligatzeko lehen teknika haiek gogoan badituzue, klasikoetan klasikoena izan ohi zen zigarro bat edo sua eska-tzearena. Garaiak aldatu dira, zorionez edo tamalez, eta tabernetan erre ezin denez, beste estrategia batzuk garatu behar izan ditugu gizakiok. Tinderra, akaso, horregatik asmatuko zuten, gauzak errazteko edo, baina ez zen horren beharrik, euskaldunok ligatzen kaxkar jarraitzen dugu ziur aski, eta ke arteko parrandak ez dira desagertu.

Inauteriak direla eta makina bat jende etxeratuko zen behar baino beranduago. Ordu horretan, pertsona baino jende gehiago izaten da egia esan. Bada, mozorroa kentzerakoan, agian baten batek, nire antzera, nabarituko zuen ez soilik etxetik atera zuen perfume usaia aspaldi galdua zuela, baina baita tabako usain latza gainean zuela ere. Horretarako bi aukera planteatzen dira: Batetik norbera edo ingurukoak oso erretzaileak izatea eta gure herrialde tropikal honetan oso eguraldi ona egiten duenez orokorrean, denbora guztia kalean pasa izana, eta zorte txar apur batekin kiratsa gainean jantzi izana. Edo bigarren aukera; taberna barruan egon, eta kristo guztiak bertan lasai erretzea da. Besteen besape-usaina guregana lasai iristea ez da gure eskubide izango nonbait, baina norberak sudur puntan jartzen zaion tokian, debekatuta egon ala ez, zigarro bat erretzea, hori bai, eskubide unibertsal izango da. Eta artean gu konturatu gabe.

Pare bat taberna pasa ostean etxeratzerakoan arroparen usaina zaborretara ez botatzeko modukoa izatearen plazera atzerrian bizi nintzela ezagutu nuen. Eta oso ideia ona iruditu zitzaidan egia esan, inportatzeko modukoa, nahiz eta artean erretzailea nintzen. Erretzailea bai, baina horren tontoa ere ez. Ez dut sinesten inork biharamunean bezperako edozein jaka hartu eta kiratsa gustuz hartuko duenik. Ez dut sinetsi nahi ere norbaitek ho-tzean pentsatu dezakeenik bere keak besteei kalte egiten diela konturatu eta bere horretan jarraitu ahal duenik. Agian batek pentsatzen du libre dela nahi duen tokian erretzeko, kontuan ere hartu gabe inguruan haurdun dagoen emakumerik, gaixotasunen bat duen pertsonarik edo sinpleago jarrita, zure kea aguantatu nahi ez duenik egon daitekeela. Agian erretzaileak esango du izorra daitezela, baina ez, izorra dadila bera, eta atera dadila kalera hotza pasatzera.

Ulergaitza egiten zait gurean horrelako gauzak onartzea. Ez ditugu azken hamarkadetan inposaketa hainbat onartu herri bezala, ez dugu onartzen gure hizkuntza zapaltzea, ez kultura, ez ezer. Aldarri dugu aste honetan bai eta hurrengoan ere bai bata ez bada bestea, eta arrazoiarekin gainera, kexatzen ez denak ez baitu inoiz ezer lortuko; eta, aldiz, beste kasu batzuetan, badirudi onar-tzen ditugula horrelako urraketak muturrean, eta hamarkada bat izango da Tasio filmeko txondorrak baina ke gehiago bota-tzen dutela zenbaitek gure aurpegira trukean erantzun txarrik jaso gabe, norberaren askatasuna kasu honetan ere ez legoke besteonaren gainetik. Ez horixe.