donostia - Aspaldian hasiko zineten urduritzen, ala?

-Nik esango nuke Korrika aurkezten dugun momentutik hasten direla nerbioak apur bat dantzan. Baina egia da Korrika gero eta gertuago dagoenean urduritasun hori askoz nabariagoa dela, batik bat azken hamabost egunetan. Hasi arte.

Bi urtean behin izaten da Korrika, baina noiz hasten dira antolaketa lanak?

-Gure lan egiteko modua izaten da: Korrika amaituta, Aste Santuko oporrak hartzen ditugu, behar izaten dugulako, eta gero dator balantzea, beti agertzen baitira hobekuntza arloak, gauza berriak. Eta ondoren, urritik aurrera, bai hasten dela berriro makinaria martxan, hurrengo Korrika nondik nora joango den ikusten. Kontuan hartu behar da, gainera, beti begiratu behar duzula hurrengo urte eta erdian non egon daitekeen euskararen normalizazioa eta horrek ere eskatzen du perspektiba ariketa bat egitea, zer mugimendu ematen den, zer aurreikusten den... Baina esan genezake Korrika bat amaitu eta hurrengoarekin hasten garela.

Aktibazio garaia, ausarta izan behar da, aro berria... Horiek dira zuen aurtengo mezuak. Zerbait sumatzen duzue? Euskaraldiak horretan zerikusirik ba al du?

-Lau urtetik hona, ikusten ari gara euskararen biziberritze prozesu honetan beste lan egiteko modu bat, beste diskurtso batzuk, eta horrek ez du esan nahi lehengoak baztertu egin behar direnik, baizik eta toki batera heldu garela eta orain norabide bat edo bestea hartu behar dugula. 19. Korrikan Euskahaldun leloa aukeratu genuen, asko pentsatuta, eta ahalduntze deia zabaldu genuen. 20. Korrikan esaten genuena zen euskarara oraindik jende asko erakarri egin behar dela eta, guztion artean, euskararekin aurrera egin behar dugula. Leloa BatZuk izan zen. Ordurako ere, Euskaraldia ez, baina horren moduko ariketak eginda zeuden. Bilakaera logiko bat ere ikusi dugu eta orain, 21. Korrikan, badator aktibazio fase bat. Klik egin behar dugu, uste dugulako norbanakoen gogoa, herri gogoa, badagoela eta esanetatik ekintzetara pasa behar da. Horretarako zantzuak ikusi ditugu.

Adibidez?

-Euskaraldiak berak aurrera egiteko bokazioa adierazi du eta hurrengo edizioan non jarriko dituen indarrak esan du; Korrika bera aurkezten ari garen leku askotan eragile berri asko hurbiltzen ari dira: orain arte beste esparru batzuetan lan egiten aritu direnak, baina orain pauso hori eman dutenak. Uste dugu herri gogoa gero eta indartsuago dagoela, herri honen apustua euskaraz bizitzea dela eta bide emankorra eta polita ikusten dugu hemendik aurrera ere.

Sare sozialek gure bizitzan duten eragina ukaezina da. Hauen eskutik etorri beharko du euskararen hedapenak?

-Zalantza barik. Gaur egun, sare sozialetan ez dagoena edo komunikabideetan agertzen ez dena, ematen du ez dela existitzen. Egia da ikusten ez den eran asko eta asko egiten dela ere, baina ukaezina da sare sozialek duten indarra. Eta duten indar hori aintzat hartuta, bertan euskarak presentzia irabaztea garrantzitsua da.

Ez du nahikoa presentziarik?

-Nik uste dut nahikoa baduela baina irabazten joan behar den terreno bat da. Gaur egun oso bisuala delako, eta inor ez garelako bizi sare sozialetatik urruti. Gainera, generazio berriak, adin bat dugunok baino, askoz gehiago bizi dira mundu horretan.

Gazte guztiek, lehen ez bezala, orain badakite euskaraz, behintzat. -Kontua da erabilera dabilela hortxe, muga-mugan.

Aktibatu behar ditugula diozu?

-Sarritan uste dut gazteen erabilera zalantzan errazegi jartzen dugula eta nik esango nuke gazteek erabili egiten dutela ahal den neurrian eta ahal den guztietan. Dena dela, gizarteak osotasunean erdaraz funtzionatzen du eta ispilu hori badaukate, zaila da beraiei eskatzea. Hemen erronka bat dugu: hezkuntza politika integrala eta arlo guztiak aintzat hartuko dituena. Adibidez, gazte horiek hemendik gutxira lan mundura salto egingo dute. Lan munduan zer egoera aurkituko duten, horrek markatuko du euren hizkuntza ohiturak zeintzuk izango diren. Orduan, oso garrantzi-tsua da lan mundua euskalduntzea. Eta uste dut badaukagula hurrengo urteetan erronka polita eta ondo egiten bada, euskararen partida irabazteko pauso inportante bat emanda egongo da. Ezin dugu onartu gazte hauek lan mundura hurbiltzen direnean erdarazko zirkuluetan sartzea. Horrelako gauzak naturaltasun osoz egin behar dira, ikus dezaten ikasi duten hori erabili egiten dela.

Zu Elorriokoa zara, baina Bilbon lan egiten duzu. Hirietan oraindik kostatzen zaio euskarari burua jasotzea.

-Bai, baina esango nuke sarritan aurreiritzi batekin funtzionatzen dugula. Eta gaztelaniara jotzen dugula askotan, badaezpada. Egia da gauza asko daudela hor. Paisaia linguistikoa, adibidez, Bilbon asko ikusten dut gaztelaniaz edo ingelesez dagoela. Gutxiago entzuten da euskara, baina azken urteetan esan behar da aurrerapausoak ikusi ditugula. Espazio horiek irabazi egin behar dira. Pausoak eman behar ditugu eta horretarako sentsibilizazio kanpaina guztiak beharrezkoak dira. Egin behar dena da denok koherentziarekin jokatu; eta denok esaten dudanean, denok esan nahi dut. Administrazioa eta beste guztiak. Euskara prestigiatzeko modurik onena erabiltzea da. Aukera guztietan. Sarritan, dakigunok ezin dugu erabili, aurrean daukagunak ez dakielako eta horrelako gauzei buelta bat eman behar zaie. Prestigioa hortik etorriko da, egunerokotasunean txertatuta, normaltasun eta naturaltasun osoz.

Espazioak irabazteaz hitz egin duzu, sozialak eta fisikoak ere bai. Iaz Iruñean bukatu eta aurten Nafarroan hasiko da Korrika, Garesen. Nafarroaz hitz egin dezagun. Zein da egungo egoera?

-Aldaketa politikoak aldaketak ekarri ditu euskararen arloan. Azken urteetan euskara Nafarroan zokoratuta egon da nolabait. Aldaketa politikoak ekarri ditu, zalantza barik, gauzak on bidean jartzea, baina arantza handi bat geratzen zaigu lau urte pasa eta gero: Euskararen Legea zegoen moduan geratzea. Guk, AEK-n, ez dugu ulertzen zelan egon litekeen horrelako zatiketa bat hizkuntza eskubideak zonaldeka banatuta, Nafarroako hizkuntza euskara ere denean. Arantza hori hor dago eta aldaketak (politikoak) jarraituko duelakoan, uste dut Euskararen Legea aldatzea egin beharreko kontua dela. Bestela, oraindik ere Nafarroako diru laguntzak ez nahikoak izaten jarrai-tzen dute. Baina lehen zero egonda...

‘Txute’ bat izan da, beraz.

-Hobekuntza guztiak txalotu behar direla, horretan ez dago zalantzarik, baina hortxe geratzen zaigu esan dizudan arantza. Baina esan duguna, herri gogoa badago.

Nafarroan ere bai?

-Bai. Badago euskaraz bizitzeko gogoa eta nahia. Ikasle kopurua ere Nafarroako gure euskaltegietan eta bestelakoetan gora egiten ari da.

Iruñea inguruan gehien?

-Orokorra da. Eta normalizazio planak egotea oso garrantzitsua da. Adibidez, Osasuna futbol klubak euskararen normalizazio plan bat izatea, eta euskarari aukera ematea, Nafarroako hizkuntza den heinean. Uste dut horiek direla adierazle batzuk esaten dutenak Nafarroan euskaraz bizitzeko nahia badagoela.

Ez dakit harritu zintuen Castroko Udalak egindako eskaerak euskaltegi bat irekitzeko. Zer iritzi duzu?

-Etortzen zaidana burura da Castron bizkaitar asko bizi direla eta bizkaitar asko bizi diren heinean, bertako biztanleak, bizkaitarrak eta betidanik Castrokoak izan direnak, euskara ikasteko edo ezagutzeko beharra sentitu dutela. Eta hori ona da. Eta gainera, kontu natural bat ere ikusi nuen: izan ere, gure Ezkerraldeko euskaltegietan edo Bilboko euskaltegietan badago Castron bizi den jendea. Pasa den udan berbalagun talde bat izan genuen bertan, Castroko jendeak eskatuta. Muga-mugan dagoen herri bat izanda, alde batetik bertan bizi diren euskaldunek ikusi dute bertan euskara ikasteko aukera; eta Castrokoek ere ikusi dute euskara ezagutzea intzentibo bat izan daitekeela.

Administrazioak ez dira muga zuentzat, ala? Akaso oztopo bai, baina muga ez?

-Ez, ez. Muga inondik inora ez. Guk euskaltegiak ditugu Baionan, Iruñean eta Bilbon. Administrazio ezberdinekin lan egiten dugu euskararen arloan eta beste arlo batzuetan ere bai; hiru administrazio nagusiek lan egiten dute elkarrekin eta protokolo batzuk dituzte sinatuta. Nik uste dut euskarak gainditu egiten dituela muga administratibo zehatz horiek. Guk, behintzat, AEK sortu zenean, Euskal Herrian lan egiteko bokazioa genuen. Aurreko kanpainan esaten genuen moduan, euskara non, AEK bertan. Guk gainera euskaltegi fisikoez gain, munduan zehar dauden ikasle asko baditugu. Mugak aspaldian daude gaindituta.

Atzerrian dauden zenbait euskaldunek ere Korrika modukoak antolatzen dituzte.

-Gaur egun, euskal etxeen bitartez eta Etxepare Institutuarekin sinatuta dugun protokolo baten bitartez, oso mugimendu polita sortzen ari da. Bideo asko heltzen dira. Horrek euskara munduan zabaltzeko beste aitzakia bat ematen du eta munduan kokatzen gaitu. Eta, tarteka, etortzen zaizkigu zenbait eskaera, Asiatik, adibidez, Taiwaneko telebista batek egindakoa. Euskal industria munduan ezaguna den neurrian, Korrika ere bada marka bat ezaguna dena.

Castro Urdiales edo beste edozein tokian, Euskal Herritik kanpo, Korrika abiatzea edo iristea posible ikusten al duzu etorkizunean?

-Beno (barre egiten du)... Guk beti esan dugu, euskara non, AEK bertan eta Castroko adibidearekin jarraituta, Udalak aurrera jarraituko balu eta gurekin harramentan jarriko balitz, gu proposamena aztertzeko beti gaude prest. Gu horretarako gaude, euskara irakasteko eta euskararen erabilera zenbat eta handiago izan, hobeto.

Eta aukera guztiak aztertzeko?

-Kontuan izan, euskal etxeek euskara klaseak ematen dituztela jadanik Valentzian, Madrilen, Bartzelonan..., eta gainera ikasle kopuru politarekin.

Orain dela bi urte hiriburuetako alkateak korrika jarri zenituzten...

-Lehenengo aldia izan zen, lehenengo aldiz hiriburuetako alkateak euskaldunak zirelako; hori oso gauza ona da. Lehen komentatu dut: esanetatik ekintzetara pasatu behar da. Adibidez: alkate izateko euskalduna izan behar zara. Hau da, bi hizkun-tza jakin behar dituzu. Inork ez du erderaz ez dakien alkatea jartzen, ezta? Ba gauza bera egin liteke euskararekin.

Desio bat eskatu nahi baduzu?

-Eskerrak eman nahi dizkiet lagun-tzen diguten guztiei. Eragile eta jendeari klika egiteko eskatu nahi diet eta gaur euskararen normalizazioan ametsak izan daitezkeenak egunen batean errealitate bihurtzeko bidean jarri behar dugula esan nahi nuke.