donostia - Euskararen aldeko aldarrikapena bizi-bizirik dagoela erakutsi zuen atzo, berriro ere, Korrikak. Ipar Euskal Herriko herritarrek hartu zuten lekukoa eta batu ziren lasterketara. Nafarroa Garaitik (Luzaiden eta Ibañetan dantza eta elurra ikusi ondoren) sartu zen Korrika Nafarroa Beherean larunbatetik iganderako egunsentian eta Donibane Garazik harrera beroa egin zion, ordu txikiak izan arren eta eguraldiak lagundu ez bazuen ere. Giroa sortu zuten eta garrasiek eta musikak bete zituzten kaleak.

Donibane Garazi utzita Larzabalerako bidea hartu eta nekazariak eta Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatua izan ziren lekukoa eraman zutenak. Eguna argitzear zenean heldu ziren Maulera eta Zuberoako hiriburuko euskaltzaleak agurtuta, Nafarroa Beherera itzuli ziren Donapaleutik.

Lapurdira ere heldu zen Klika egiteko oihua eta arratsaldean Baionako kaleak zeharkatu zituen.

Ipar Euskal Herriko hiri nagusienak festa giroan jaso zuen lasterketa eta milaka pertsonek zeharkatu zituzten auzo eta kaleak. Musikak, banderek, kartelek eta leloek euskararen aldeko aldarria ozen zabaldu zuten nonahi. Korrikako antolatzaileek esandakoaren arabera, aurtengo XXI. edizioak Ipar Euskal Herrian inoiz izandako babes handiena jaso du erankundeen partez eta 40 udaletik gora dira kilometroa erosi eta lekukoa eraman dutenak euskal hizkuntzarekiko haien konpromisoa adierazteko. Horien artean, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko burua ere izan zen kilometro batez lasterketaren burua atzo.

Atzoko unerik bereziena, agian, 19.00etan heldu zen, Bokaletik Angelura pasa zenean testigua. Miarritze, Donibane Lohizune eta Ziburu ere zeharkatu zituen eta gauerdia pasata lehen bisita egin zuen Gipuzkoara, Irun eta Hondarribia zeharkatu baitzituen berriro ere Berako bidea hartu eta Nafarroan sartu baino lehen. Gaurko eguna Nafarroan egingo du Korrikak gehien bat (Sarara irtenaldi bat egingo badu ere) eta Lesaka, Etxalar, Elizondo, Leitza eta Lekunberri bisitatuko ditu, besteak beste, 23.30erako Eritzegoitira heldu baino lehen.

parte-hartzaile asko Lasterketak lau egun bete ditu dagoeneko eta orain artean parte-hartzaile kopuruarekin oso pozik daude antolatzaileak. Hala ere, oraindik kilometro asko ditu aurretik eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuak ere zain ditu, jendetza bilduko dutenak. Bilbon ostegunean izango da, Donostian ostiral arratsalde osoan zehar eta Gasteizen amaituko du bidea igandean. Orduan irakurriko dute lekukoak Garestik abiatu zenetik daraman mezua. - N.G.

Hoy vuelta a Nafarroa. Korrika despidió ayer Iparralde y tras pasar la muga y tocar Irun y Hondarribia, la carrera volvió a suelo de Nafarroa.

Mañana llega a Araba. Korrika dejará mañana definitivamente Nafarroa. A primera hora del martes llegará a Araba donde pasarán la jornada mientras que el miércoles Korrika llegará a Bizkaia.