Donostia- Eusko Jaurlaritzak Donostiako Parte Zaharra eta Kaia Kultura Ondasun kalifikatzeko dekretua onartu du, Monumentu Multzo kategorian. Eneko Goia alkateak adierazi duenez "hiriarentzat oso berri ona da, batez ere, benetan erdigunea den leku bat merezi duen garrantzia hartzen duelako eta etorkizunari begira, behar duen babesa jaso duelako gure ondare honek"

Alkateak azpimarratu duenez "asko kostatu da, gehiegi, segur aski. Lehen saioak 1987an egin baziren ere, ezinezkoa izan zen Udalaren eta Jaurlaritzaren artean batera aurrera egin ahal izatea".

Goiak aditzera eman duenez "guk garbi ikusten genuen legealdi honetan kalifikazio hau lortu behar genuela bai ala bai, eta horri ekin genion aurreko urteko apirilaren 11n". Urtebete ondoren, kalifikazio honi esker "Donostiako gune berezi hauek balioan jarriko ditu eta batez ere, etorkizunari begira behar den moduan babestuko duena".

Dekretuak jaso duenez, "arkitekturaren ikuspegitik, hirigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik multzo honek balio batzuk ditu. Kalearen trazan eta multzoaren homogeneotasunean islatzen da hori, eta azken ezaugarri honek balioa ematen die eraikinei, horietako batzuk banaka apalagoak izan ahal badira ere. Eraikuntza bikainen kalitate arkitektonikoak, ikuskera neoklasikoa duen arkitektura erresidentzialaren diseinu harmoniatsuak eta 1813 baino lehenagoko eraikinek ere kontuan hartu beharreko balioak dituzte".