iruñea - Aurreko ikasturtean hasitako harremanari jarraituz, 2018-2019 ikasturtean ere Jaso Ikastolako eta Baionako Estitxu Robles Colegioko DBH1. mailako ikasleok, elkarren artean ezagutzeko eta elkarrekin bizitzeko aukera izan dugu.

Ekimen honek helburu du, batetik, egoera formaletan zein informaletan ikasleen euskararen erabilera sustatzea, eta bestetik, elkartruke honetan suertatzen diren hainbat egoeratan bestelako konpetentziak garatzea, hala nola, hezkuntza kooperatiboa, lankidetza, autonomia eta ardura...eta nola ez, hain gertu baina askotan hain ezezaguna dugun iparraldeko kideen ohiturak eta historia ezagutzea.

Egunez egun Elkartrukea apirilaren 1etik 5era izan da. Astelehenetik asteazkenera Jasoko ikasleak Baionan izan gara eta han izan gara hiru egunez. Goizetan, elkar ezagutzeko hainbat jarduera prestatu zizkiguten. Tailerrak, adibidez, esku pilota nola egiten den...arras interesgarria. Bestetik, Baiona hiria ezagutzeko parada ere izan genuen hirian barna egindako bixitaren bidez, eta baita Herriko Etxean eman ziguten azalpenen bidez ere. Ez dezagun ahaztu Baiona eta Iruñea elkarrekin kidetutako bi hiri ditugula.

Azkenik, hirugarren egunean itzulera egiteko ordua. Bidean, Donostiako Eureka Zientzia Museoan egin genuen geldialdia eta handik, Iruñera.

Beraz, asteazkenetik ostiralera Jason eta Iruñean elkarrekin egoteko aukera izan dugu. Iruñean, nola ez, gure hiria ezagutzeko parada eskaini diegu: harresiak, alde zaharra, udaletxean ere hitzordua izan genuen. Ikastolan bertan gara-tzen ditugun hainbat proiektuen berri ere eman genien, besteak beste Paris 365 jantokiarekin dugun proiektua. Izan ere, bertan hartu genuen hamaiketakoa eta biziki eskertu ziguten gure bixita.

Bai Baionan eta bai Iruñean, arratsaldez elkarrekin “kuadrillan” ateratzeko planak egin ditugu, gure arteko harremanak sendotzeko eta noski, hogeita lau orduz euskaraz aritzeko. Familien etxeetan “bizi” gara aste honetan zehar eta bertan afaldu, lo egin...gure arteko harreman sendotzeaz gain, elkar hobeto ezagutzeko aukera eman digu elkarrekin bizitzeak.

Eta azken eguna iritsi zitzaigun, ostirala, Korrika txiki egunarekin agurtu genituen. Hurrengo ikasturterarte, besterik ez.