Italiako Foligno herrian (Umbria) kokatua dagoen Istituto Comprensivo Belfiore Foligno-5 eskolarekin dihardugu elkarlanean. Musika eta dantzen inguruan egituratutako proiektua bada ere, haratago doa; Izan ere, kultura, ohitura eta hizkuntzen elkar-ezagutza sustatzea da azken helburua. Azken finean, aniztasunak aberasten gaituela du oinarri. Ikastolako ikasle talde batak hainbat hilabetetan aritu gara lan eta lan, kantak eta dantzak prestatzen. Joan den martxoaren 30ean Italiara abiatu ginen ilusioz beterik DBHko eta Batxilergoko 30 ikasle eta 3 irakasle. Bertan egindako astebeteko egonaldiak esperientzia ugari bizitzeko aukera eman zigun guztioi.

Argi du Izarne Etxarri dantzariak: “Joan aurretik esperientzia polita izango zela uste genuen gehienok, baina bidaia hau oraindik ere aurrerago doa: egindako eta egingo ditugun onenetarikoa izan da, ahaztezina. Talde txiki bat joan ginenez, 30 ikasle eta 3 irakasle, oso talde polita egin dugu eta harremanak estutzeko balio izan du; izan ere, ikastola berean ikasi arren, ez genuen ondo elkar ezagutzen eta momentuan familia txikia osatu genuen”.

Abestiak eta dantzak uztarturik Italiako eskolako partaideen harrera ezin hobea izan zen. Lehenengo egunetan ikasleok elkarrekin lanean aritu ginen kontzertu handia prestatzen eta jarduera anitzak burutu genituen. Besteak beste, Perugia, ondare historiko handia duen Umbriako hiriburua, eta Asis bisitatzeko aukera izan genuen.

Apirilaren 3an Folignoko San Domeniko auditoriumean kontzertu handia ospatu zen. Programak Italia eta Euskal Herriko kantak eta dantzak uztartu zituen. Aretoa gainezka zegoen, 500 ikusle baino gehiagorekin. Paz de Ziganda Ikastolako Abesbatzako abeslariok Oyfn Pripetsihk, Txoria Txori, Kusimama, The storm is passing over eta Sagarra jo kantak interpretatu genituen. Azken horretan, dantzarien koreografia ikusgarri batekin aritu ginen. Italiarrek ere beraien kantak interpretatu zituzten eta kontzertuaren bigarren zatian dantzariok Polka berria, Launango, Txontxongilo eta Lu core meu dan-tzatu genituen eta, azkenik, Uso zuria eta Nel blu dipinto di blu denek elkarrekin kantatu. “Arratsalde osoa izan ginen entseguekin, eta oso dibertigarria izan zen dantzariok baserritarrez jantzita hoteletik antzokira arte gerturatu ginen unea, kaletik zebiltzanak harriturik gelditu baitziren. Eta behin, emanaldia hasi zenean, izugarria izan zen, euskal dantzak uztartu genituen musika eta dantza italiarrarekin eta txunditurik utzi genituen italiarrak gure dantzekin”, azaldu digu Manex Berasategi dantzariak. Pozik azaldu dira benetan parte-hartzaileak. Izarne Etxarriren hitzetan, “zailtasun ba-tzuk bizi izan genituen entseguetan, baina dantzatu eta abesteko momentuan, kezkak alde batera utzi eta ahal genuen hoberen egin ondoren, emai-tza bikaina izan zen”.

Folignoko kontzertuaren gainean, Garazi Berasategui abeslariak bizitako esperientzia azaldu nahi izan digu: “abesbatzan urteak daramatzat eta mila kontzerturen ondoren, hau ez zen beste bat izan. Urduri geunden ea ikuslego berri honi ere txalo zaparrada ateratzeko gai izango ote ginenaren beldurrarekin edo, hobe esanda, gogo handiarekin atera ginen oholtzara. Oso polita izan zen, hain urrun ere, abestiek batu gintuzten eta pozik sentitu ginen egiten dugun hori beste herrialde batean ere gustuko dutela ikustean. Eta kontzertua bikain amai-tzeko, Italiarrekin abestu genuen denok batera, bai euskaraz baita italiarrez ere”.

Inguruak ezagutzen Kontzertua benetan arrakastatsua izan zen eta txalo zaparrada handia jaso genuen parte-hartzaileok. Biharamunean, Erromara joan eta, arratsaldez, Coliseoa bisitatzen egon ginen. Hurrengo egunean, goizez, Vaticanoan egon ginen eta Sixtina kapera, esaterako, disfrutatzeko aukera izan eta bazkaldu ondoren, “Chiesa di Monserrato degli spagnoli” elizan bigarren kon-tzertua eman genuen.

“Oso esperientzia aberasgarria izan zen Erromako eliza batean abestea. Azkenean, Erroma bezalako hiri batean abestea aukera zoragarria da. Nahiz eta hasieran publiko gutxi izan arren, gure kide batzuei esker, jendea etortzen hasi zen eta benetan disfrutatu eta ongi pasatu genuen. Dena dela, gure helburua lortu genuen: publikoarekin hurbileko giro aparta lortzea”, argitu digu Idoia Ainziburu abeslariak. Kontzertua eta gero, turismo pixka bat egiteko aukera izan genuen. Hain zuzen ere, Piazza di Spagna, Fontana de Trevi, Piazza Navona eta Panteoia ezagutzen aritu ginen.

2020 apirilean, aldiz, italiarren bisita jasoko dugu Ikastolan. Bitartean, arrivederci!