Apirilak 13an, larunbata, Arantzan jokatu ziren gaztetxoen pilota txapelketako partidak. Goizeko hamarretan hasi ziren jokoan, eta guztira zazpi partida jokatu ziren maila desberdinetan, adinaren arabera.

Partidak hasterako herriko frontoia nahiko betea zegoen. Ikusmina handia zen, eta gainera, Iker Irribarria pilotari profesionala ere bertaratu zen, pilotazaleen pozerako. Hamarrak jo bezain laster hasi zen lehen norgehiagoka: Ttikiak B mailakoa. Aitor Etxegarai eta Izei Irazoki Beratarrak aritu ziren nor baino nor. Lehen final hau Izei Irazokik irabazi zuen alde dezenterekin, 18-8. Ttikiak A deritzon mailan, goizeko lehen aranztarra izan genuen: Ander Etxegarai. Anderrek Urko Teiletxea Igantziarraren kontra jokatu zuen. Partida oso polita izan zen, eta etxekoak, Ander Etxegaraik, jantzi zuen txapela 18-8ko emaitzarekin.

Ondoren, Umeak B mailakoen txanda izan zen: Ainitze Martinez lesakarra eta Xabi Leitza aranztarra lehian. Hasieratik bere nagusitasuna erakutsi ahal izan zuen Xabik, eta azkenean aurkaria lau tantotan utzi zuen: 18-4 beraz, emaitza. Umeak A mailako finala jokatu zen segidan, Legasako Xuban Lakarrek eta Berako Markel Irazokik jokatutakoa. Txapela Legasara joan zen, baina erran behar da, Markel ez zegoela egoera oso onean, aurreko astean kirofanotik basatua baitzen. Kimuen mailako finala guztiz lesakarra izan zen: Aimar Otxandorena eta Unax Bereau nor baino nor. Oso partida lehiatua eta berdindua izan zen honakoa, eta apurka Unaxek aintzinaldea hartu zuen. Azkenean 18-13 irabazi zuen Unax Bereauk.

Seigarren partidan Haurrak B mailakoak aritu ziren, indar handiko gazteak jada. Final honetako bi pilotariak Arantzakoak ziren, eta baita lehengusuak ere: Ekai Madariaga eta Oskitz Madariaga. Frontoian bildutako jendea urduri sumatu genuen; izan ere, bertako asko ziren familiakoak eta herrikide zein lagunak. Hagitz ongi jokatu zuten bi pilotariek. Tanto bikainak jokatu zituzten; lurrean barna errestan bata, atzera korrika bestea. Azkenean lehengusu zaharragoa, Oskitz, izan zen garailea 18 eta 12ko emaitzarekin. Txalo zaparrada handia jaso zuten bi pilotariek. Azken finala Haurrak A mailakoa izan zen, Oier Orbegozo Lesakakoa eta Berako Andde Maritorenaren artekoa. Anddek ez zuen bere egunik onena izan, eta Oierrek ongi irabazi zion, 18 eta 6.

7 txapeletatik 3 Arantzan geratu ziren Ander Etxegarai, Xabi Leitza eta Oskitz Madariaga Bor-tziriko Banakako XVIII. Txapelketako aranztar txapeldunak dira. Zorionak hirurei eta gainontzeko txapeldunei, txapelketan parte hartu duten gainontzeko pilotariak ere ahantzi gabe.