Aurten Nafar Gobernuko Hezkuntza Departamenduak SKOLAE programa martxan jarri du Nafarroako hainbat ikastetxetan. Horietako bat Atargi IP izan da.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako maila guztietan landu da eta irakasle gehienek hartu dute parte.

Programa honen helburu nagusia txiki-txikitatik hezkidetza lantzea da, kontzientzia hartzeko. Lau ardatz nagusi landu dira eta horietan oinarritu dira erakusketan ikus daitezkeen lanak.

Haur Hezkuntzan, zentzumenen bidez, norberaren gorputza ezagutu dute. Horren bidez bakoitzaren ezaugarriak ezagutzen, baloratzen eta besteenak errespetatzen ikasi dute.

Lehen Hezkuntzako 1.zikloan gurasoek umeak zaintzeko egiten dituzten zainketa lanak aztertu dituzte, gurasoen arduraz konturatu dira eta baloratzen ikasi dute.

2. zikloan ikasleak eguneroko egoeretan elkarrekin lan egiten ibili dira: erratza pasatzen, mahaia garbitzen, futbolean jolasten, baratzean... Horrela, eguneroko esparru ezberdinetan berdintasuna bizi izan dute, genero estereotipoak apurtuz.

3. zikloan, amodioaren elixirraren formula egin dute behar diren osagai guztiekin (enpatia, komunikazioa, tratu onak?), pertsonen arteko harreman mota hauek ahalik eta gozagarriak izan daitezen. Bestaldetik, norberak bere bizitzaren historia errepasatu du, jaio denetik etorkizunera begira bere nahiak antolatuz. Neska nahiz mutila izan, norberaren nahiak eta ametsak betetzeko, ziurtasuna, ahalegina eta ausardia ezinbestekoak direla ikusi dute.

Egindako jarduera hauei buruzko ikasleen hainbat iritzi jaso ditugu: “Jarduera hauek hezigarriak izan dira eta etorkizunean pertsona hobeak izaten lagunduko digute”; “Pertsonen izaera eta fisikoa errespetatzen eta berdintasunaren alde borrokatzen ikasi dugu”; “Neska edo mutil izan arren, nahi dugun lana eta nahi ditugun gauzak aukeratuko ditugu”; “Ados ez gaudenean, ezetz esaten ikasi dugu”; “Ohartu gara, gizartean, gu ezberdinkeriz inguratuta gaudela, eta ekintza hezigarri hauekin aldatzeko gai garela berdintasunean hezitzeko eta bizitzeko”; “Garai bakoitzak estereotipo batzuk asmatzen ditu, eta ez bazara modan joaten, ezberdina sentitzen zara”; “Pertsona bat maite duzula adierazteko, tratu onak erabili behar dituzu, adibidez, enpatia, maitasuna, sorpresa politak?”; “Oso ongi sentitu gara eta ikasi dugu denok ezberdinak garela eta borrokatu behar dugula praktikan eskubide berdinak izateko”; “Ekintza hauekin ikasi dugu pertsonengan gauza positiboak ikusten eta nesken eta mutilen artean berdintasuna egon behar dela”.