Erabilitako arropei bizitza berria eskaintzeko asmoz sortu zen 2013. urtean Jan-tziAgain ekimena, Tytti Thusberg diseinatzaile finlandiarraren eta Cristina Enea Fundazioaren eskutik. Sei urteren ondoren, ekimenak agur esango du bihar.

“Garai hartan ez zen hain ohikoa arropa trukatzea”, kontatu du Thusbergek. Hala, plataforma honen bitartez jantziak trukatzeko aukera eskaini zuten eta batentzat hondakin zena, bestearentzat baliabide bihurtu zuten. Dirurik gabeko trukeak sortu zituzten, eta hori izan zen ekimenaren ezaugarri nagusia: arropa arroparen truke, besterik ez. Zehazki, puntuen bidezko sistema sortu zuten: eramandako jantziekin puntu ba-tzuk lortzen ziren eta puntu horiekin beste jantzi batzuk eskuratu zitezkeen.

Atzera begira jarrita, duela sei urte bigarren eskuko arropa erosten zuen jendea egon bazegoela azpimarratu du finlandiarrak, baina mugimendu mugatua zela uste du eta urte hauen ondoren joera zabaldu dela uste du. Aldaketa horretan haien ekarpena egin dute programa honen bitartez.

2013. urte hartatik hileko azken igandean bigarren eskuko arroparen merkatua antolatu dute eta Thusbergek joskintza tailerrak ere eskaini ditu Cristina Enea Fundazioaren egoitzan (Egiako parkean). Tailer horietan, besteak beste, jan-tzi zaharrak konpontzeko edo aldatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek, baita pertsonaliza-tzeko aukera ere nolabait bizi berria emateko.

Sei urte hauetan 1.000 pertsona inguru aritu dira tailerretan eta gehiago izan dira merkatuan parte hartu dutenak: batez beste, saio bakoitzean 108 jantzi jaso eta 86 banatu dira. Gainera, antzeko egitasmoak ere sortu dira honen bidetik han eta hemen.

Batez ere emakumeek hartu dute parte ekimenean, Thusbergek nabarmendu duenez. “Batzuetan azaldu izan da mutilen bat eta ezusteko polita izan da, baina gehienetan emakumeak izan dira”, kontatu du.

Finlandiarrak nabarmendu du arropen berrerabilpenaren eta joskintzaren inguruan kezkak eta interesa piztea lortu dutela Cristina Eneara hurbildutako herritarren artean gutxienez. “Lan espazio bat eskaini diegu eta oso giro polita sortu da”, adierazi du. Gainera, arropa erosi, erabili eta bota egiten dugu normalean eta gizartean errotutako zirkulu horretatik ateratzeko beharra nabarmendu du Thusbergek.

JantziAgainen zikloa amaitutzat emango dute, ordea, biharko hi-tzorduarekin: 10.00etan abiatuko da Cristina Enea Fundazioaren egoitzan eta saio berezia izango da, agur esateko festa ere antolatu baitute. Gainera, punturik gabe eraman ahal izango dira bigarren eskuko arropak.