ÚLTIMA HORA
Sánchez hará una declaración institucional sobre la pandemia a las 13.00 horas
Ekian Arasur Plataforma Logistikan kokatuta dago

EKIANen eguzki-plakak martxan jarriko dira urtearen amaieran

Parkeak ekoitziko duen energia elektrikoa urtean 15.000 etxebizitzaren kontsumoaren baliokidea izango da

09.02.2020 | 21:58
Iñigo Urkullu lehendakariak parkeko obrak bisitatu ditu

Parkeak ekoitziko duen energia elektrikoa urtean 15.000 etxebizitzaren kontsumoaren baliokidea izango da

BILBO. EKIANen eguzki-plakak martxan jarriko dira urtearen amaieran. Ekian Arasur Plataforma Logistikan kokatuta dago. Parkeak ekoitziko duen energia elektrikoa urtean 15.000 etxebizitzaren kontsumoaren baliokidea izango da.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk EKIANgo instalazioen obrak bisitatu ditu. Lehendakariarekin batera, , Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko presidente Arantza Tapia, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucín, proiektu honen erakunde sustatzaileetako ordezkariok. Horietaz gain, Erribera Beitiako alkate Miren Santamaria eta Arasur Plataforma Logistikako presidente Peio Ruiz ere izan dira bisitan eta, erakundeetako ordezkariekin batera, bertatik bertara ikusi ahal izan dute obren aurrerapena. Egitasmo publiko-pribatu honetan 22 enpresa jabek parte hartzen dute eta horiek guztiek eguzkian oinarritutako ekoizpen elektrikoaren alde apustu egin dute.

Bisitan lehendakariak hauxe azpimarratu du "Euskadin energia-politikek dakarten sustapen historikoa, energiaren ekoizpena eraldatzeko eta bide berrietara zabaltzeko eta hedatzeko, gero eta iraunkorragoak direnak eta etorkizuneko industria ehuna bermatzen dutenak". Ildo beretik, adierazi du Eusko Jaurlaritza Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala prestatzen ari dela, eta ondorioz, aukera emango diola Euskadiri "sorkuntza fotovoltaiko bidezko planta gehiago izateko, Ekian bezalakoak, baita parke eoliko berriak ere" eta horrek ekarriko du "energia garbiagoa eta teknologiaren garapena euskal enpresentzat". Bestetik, Iñigo Ucinek adierazi du berrikuntza dela kudeaketa korporatiboaren ezaugarri nagusienetarikoa, eta Mondragon Korporazioak eredu publiko-pribatuaren aldeko apustua egin duela energia berriztagarrien alorreko egitasmoak garatzeari begira; betiere garapen iraunkorra eta ardatz industrial berriak aurrera eramatea gogoan izanik.

Obren aurrerapena

Obrak "giltza eskuan" erako ereduz esleitu dira, eta haien esleipenduna izandako KREAN DB ENERGY enpresaren lanak aurrera doaz aurreikuspenen arabera. Apirilean hasita, eta ia amaituta dagoen lehen fasean, funtsean, "La lágrima" izeneko lursaileko zoruaren egokitzapenean oinarritu dira lanak; Arasur plataformaren barruan dagoen lursail horrek izaera industriala du eta bertan eguzki-panelak jartzeko behar izan diren lanak burutu dira, lurzorua eta desnibelak egokitzeari begira gehienbat. Horretarako, orotara, 150.000 m3lur mugitu dira, lursailean bertan birkokatu direnak; hartara, lurra leku batetik bestera mugitzeko garraioaren eragina nabarmen murriztu da.

Bisita hau egiteko unean, obren bigarren fasea abian da jadanik, eta eguzki-panelei eusteko egituraren % 30 inguru eginda dago; beraz, eguzki-parkeak izango duen itxura bistaratzeko moduan gaude dagoeneko.

Bestetik, iragan uztailaren 8an, Bilboko portuan, eguzki-parkean jarriko diren lehen eguzki-panel fotovoltaiko sorta jaso ziren, hau da, eguzki-erradiazioak haietan jotzean barruan dituzten eguzki-zelulei esker elektrizitatea ekoizteko gai diren gailuak. Orotara, energia elektrikoa ekoitziko duten 66.000 eguzki-panel polikristalino jarriko dira. Aurreikuspenen arabera, irailaren bigarren hamabostaldian, euskarri-egituraren gaineko instalazioa gauzatuko da bere osotasunean, eta handik aurrera azken faseari ekingo zaio: sarera konexio elektrikoa egiteko lanari.

Azaroan, berriz, aurreikusita dago lehen ekoizpen probak egitea eta lehen kWh-ak sortzea saiakuntza moduan. Hartara, 2019. urtearen amaieran, behin betikoz, martxan jarriko da.

Zortzi hilabetean zehar egingo diren obren ondorioz, batez beste, 40 lanpostu behar izango dira, eta lan premia handiak izango diren unetan 80-100 langile behar izango dira. Guztira, 80.000 lan-ordu erabiliko dira abian jarri ahal izateko.

Euskadiko eguzki-parke handiena

ARASUR industrialdeko "La lágrima" deitutako 55 hektareako hedadura duen industria-finkan egongo da kokatuta EKIAN eguzki-planta fotovoltaikoa, Erribera Beitiko udalerrian, Araban. Bakoitzak 355 watt dituen azken belaunaldiko 66.000 eguzki-panelen multzo batek osatuko du, eta horrek, guztira, 24 MW-eko potentzia instalatua ekarriko du, hots, Euskadin, gaur egun, dagoen potentzia instalatuaren bikoitza. Aurreikuspenen arabera, errendimendu betean, urtean gutxi gorabehera, 40.000 MWh ekoitziko dira, hau da, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia elektrikoa. Era horretan, 14.600 tona CO2aireratzea saihestuko da, jatorri fosila duten beste energia iturri batzuen bidez sortu behar izanez gero.

Lankidetza publiko-pribatua

EKIAN Parke Fotovoltaikoaren proiektuaren gidaritza bi sustatzaileen esku dago: Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN.Egitasmo aitzindaria da, izan ere, lehen aldiz eraman da aurrera horrelako eguzki-parke bat 22 enpresa inbertitzaileren bitartez, elkar hartuta, instalatuko den potentziaren zati baten "jabeak" izango diren enpresak, hain zuen ere. Eguzki-energia berriztagarrien alorreko proiektu honetan egingo den guztizko inbertsio 24 milioi eurokoa izango da, jabeen artean banatutako partaidetzaren kuota desberdinaren arabera.