BILBO. Proiektu honek Europa mailan oso mehatxatuta dauden mendiko larreak kudeatu eta kontserbatzeko oinarriak ezartzen ditu, beraz, habitat ezberdinen eta bertan bizi diren espezieen babesa bermatuz. Mendiko larreetan kudeaketa integratu eta jasangarrirako lur-jabeak, erabiltzaileak, naturguneetako kudeatzaileak, adituak eta tokiko eragileak inplikatu nahi dira.

Aurten HAZI-rekin lankidetzan Gipuzkoako Natura Parke guztietan ibilaldi gidatu bana eskaini du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, larre hauek balioan jartzeko eta euren bioaniztasuna ezagutzera emateko.

Orain argazki erakusketa ibiltariak zeharkatuko ditu natura parke guztietako parketxeak irailetik datorren urteko otsailera bitartean. 31 argazkiz eta proiektuaren inguruko ikus-entzunezko batez osatutako erakusketa hau, hilabete honetan zehar Lizarrustiko parketxean egongo da ikusgai, asteartetik igandera 10:30-19:00 ordutegiaren barruan (ikus-entzunezkoa igandeetan ikusi ahal izango da 10:00-14:00 bitartean).

Argazki hauek mendiko larreen kontserbazio eta erabileraren arteko harreman estua eta oreka bat lortzearen beharra islatu nahi dute. Baita tradizioaren eta berrikuntzaren arteko oreka ere habitat hauek desagertu ez daitezen.