Bilbo - Miren Azkarate Euskal Filologiako katedraduna izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Institutuko zuzendari berria. Oraintsu erretiroa hartu duen Pello Salaburu ordezkatuko du irakasle donostiarrak. Salaburu 2003tik zen institutuko zuzendari. Bilboko Bizkaia Aretoan du egoitza Euskara Institutuak.

EHUk jakinarazi zuenez, Euskara Institutuak euskal hizkuntza azter-tzea du xede, besteak beste, gramatika, lexikoa, gizartearen esparruan egiten den erabilera eta terminologia zientifikoa. Miren Azkarate Villar (Donostia, 1955) 1977an Filologia Erromanikoan lizentziatu zen. 1988an Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzenduta, doktorego tesia irakurri zuen euskarazko hitz elkartuez EHUn. Ordudanik EHUko Euskal Filologiako irakasle da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramailea izan da, baita Donostiako zinegotzia ere. - E. P.