donostia - Ez da arazo hutsala; 65 urtetik gorako pertsonek biztanleriaren %20,2 osatzen dute Euskadin, Europako batezbestekoa baino 3,5 puntu gehiago. Horregatik, urteak daramatza Eusko Jaurlaritzak zahartze aktiboaren aldeko apustu sendoa egiten, pertsonengan, beraien eskubideetan eta eran-tzukizunetan oinarritutako estrategia batekin, gizartearen parte aktibo gisa hartuta. Lan horrek Europako Batzordearen aintzatespena jaso du, arlo horri lotutako ekintza berritzailearen bikaintasun-ziurtagiriaren bidez.

Osasun sailburuak, Nekane Murgak, ostiralean jaso zuen saria Chamonix-en (Frantzia) eskualdeek etorkizuneko osasun-sisteman duten zeregina jorratu zuen europar mailako biltzar batean. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lan horrek lau izar eta Bikaintasun Ziurtagiria jaso zituen, Europako Batzordeak banatzen duen kalifikazio gorena. Lanaren eduki nagusiak dira: zahar-tze aktibo eta osasungarrian berrikuntza bultzatzea, zahartzen ari den biztanleriaren bizi-kalitatea hobe-tzea, osasun eta gizarte laguntzaren hobekuntza, eta hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzea.

Europako eskualdeetako eta tokiko 77 erakundek biltzar horretan plazaratu dute berrikuntza sustatzeko estrategiak eta planak badaudela, zahartutako gizartearen erronkei aurre egin ahal izateko. Lau izar zituzten sei leku bakarrik saritu dituzte bikaintasunaren agiri berezi honekin: Euskadi, Eskoziako Gobernua, Hann eskualdea (Herbehereak), Danimarkako hegoaldea, Katalunia eta Andaluzia.

“Aitortza horrek argi erakusten du eremu soziosanitarioetako berrikun-tzaren aldeko gure apustuaren arrakasta. Gure erakundeen koordinazioa eta sendotasuna eskertu dira; pertsonen beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko ahalegina, eta baita garapen sozioekonomiko iraunkorrean aurrera egiteko grina ere”, azpimarratu zuen sailburuak.

Murgak gogorarazi nahi izan zuen proiektu hau Osasun Sailak bideratu arren, beste hainbat bidelagun ere badituela: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saila, hiru Foru aldundiak, Osakidetza, berrikuntza + ikerketa + osasuna eusko fundazioa (Bioef), osasun ikerketarako hiru zentroak (Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba), UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Matia Fundazioa, Teknalia, Mondragon korporazioa, SSI taldea, Basque Health eta Adinberri.

Europar maiako kongresu horretan Euskadik bere esperientzia azaldu zuen osasun-, gizarte- eta administrazio-arloko bostehun bat agenteren aurrean, eta eskualdeek etorkizuneko osasun-sisteman duten zereginari buruz mahai-inguru batean ere parte hartu zuen.

etorkizuneko erronkak Bertan, Nekane Murgak adierazi zuen osasunaren alorreko etorkizuneko erronkak biztanleriaren zahartzearekin eta aldaketa epidemiologikoekin oso lotuta daudela. Izan ere, Euskadiko gizartea Europan gehien zaharturik daudenen artean dagoenez, sailburuak funtsezko hiru kontzeptu nabarmendu zituen: integrazio-laguntza, arreta soziosanitarioa eta sistemaren iraunkortasuna.

Besteak beste, azpimarratu nahi izan zuen, epe laburrean eta ertainean berrikuntzaren eta medikuntza pertsonalizatuaren aldeko apustua egin behar duela Euskadik. “Euskadin, arreta integratua errealitate bat da. Kudeatzaile ez ezik, asistentzia-mailan ere bai. Orain, heldu da eremu soziosanitarioari modu eraginkor eta errealistan heltzeko garaia. Erakundeen arteko koordinazio-foroak baditugu, eta lanean jarraitu behar dugu pertsonen eguneroko arreta hobetzeko”, azaldu zuen sailburuak. Ildo horretan esan zuen, lehen mailako arretak “funtsezko papera” jokatzen duela egoera honetan. Azkenik, Osasun Saileko arduradunak nabarmendu zuen etorkizunean osasun sistema iraunkor baterako oinarriak ezartzen ari dela Euskadi, besteak beste, zerbitzuen eskaintza ongi antolatuz edota sendagaiak zentzuz erabiltzeko neurriak hartuta.

Beste aintzatespen batzuk. Euskadi zahartze aktiboaren esparruan garatzen ari den programek aurretik ere hainbat nazioarteko aipamen jaso dituzte:esate baterako, iaz, Nazioarteko Osasun Erakundeak “Euskadi Lagunkoia” ekimena aukeratu zuen jardunbide egokien adibide gisa.

Europako Biltzarra. Chamonix-en 26an eta 27an egindako jardunaldiotan, bostehunetik gora eragile ekonomiko, sozial, politiko eta sanitario bildu ziren, esperientzia trukaketa bidez, osasun-sistemak nola antolatu eta kudeatu azter-tzeko.