Benetan pozez betetzen nau duela 50 urtetik gora Nafarroako Ikastolek hasi zuten ibilbide zoragarriarekin jarraitzen dugun GUZTION ordezkaria izatea une honetan. Eguneroko egitekoan parte hartzen duten pertsona guztiak nire aldamenean sentitzen ditut momentu honetan. Ez ditut izendatuko, baina, beraien garrantzi indibiduala adierazi nahi dut ; bereziki, beraien ekarpenak, saiakera, ardura, ilusioa, pazientzia, sormena eta denbora. Eta nola ez, hainbat eta hainbat tokitatik Erriberaraino etorri zareten lagun guztioi eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet zuen babes, elkartasun eta berotasunagatik. Zuen alaitasuna eta elkartasuna, bidean aurkituko ditugun zailtasunak gainditzeko tranpolin bilakatuko da. IZAN ARGI! Nafarroako ikastoletan, Argia Ikastolan, berrikuntzari bidea irekitzen jarraitzen dugu, gure helburua lortzeko asmoz: hobe hezitako gizartea; ikasleek horrelako aditzak erabiltzen ikas dezaten: errespetatu, pertsonak eta ingurumena; elkarrekin lan egin, "auzolana" behar partekatua eginez, eta maitatu, pertsonak, lurra eta horiek bereziak egiten dituzten hizkuntzak. Eta horregatik, epai judizial ulertezinen gainetik, Nafarroako herritarren hizkuntza-eskubideak defendatzen jarraituko dugu, baita Erriberan ere, komunitateen kultura-ondarearen barruan hizkuntzek leku nabarmena dutela uste baitugu. Hizkuntzak gizakien komunikaziorako tresna-bide nagusiena dira, gizarte-bizi-tzaren funtsezko euskarri, identifikazio kolektiboko elementu, eta gizarteetako kideen arteko elkarbizitza eta ulermen faktorea.

Hizkuntzak, gure hizkuntza, gure historiaren ikur eta testigantza da, erabili izan duen herriko giza taldearen esperientziaren gordailu eta belaunaldien transmisiorako tresna.

Ikastolen ibilbide luzean PERTSONEN adimen sortzailean, adimen etikoan jartzen dugu gure fokoa, gure lanaren inguruko hausnarketa egiten ikasiz, bizi garen gizartearen behar eta desioetan pentsatuz, beldurra baztertuz eta lidergo berriak urratuz. Eta une honetan, Argia Ikastolako sortzaileek, guraso zein langileek, traba guztien gainetik Erriberako neska mutilek euskara ikas zezaten izandako gogoa, jarritako ilusioa eta egindako lana ez nituzke ahaztu nahi. Haiek ere ARGI IZAN zutelako, mila esker! Nire esker ona adierazi nahi izan diet egindako lan itzelagatik, bai hausnarketan eta bai ekintzan ere bere egitekoa oinarritu zuten Argia Ikastolako familiei eta profesionalei, kultura ireki bat sortuz, euren seme-alabek etorkizunean pentsatzeko sustraiak ahaztu gabe, euskaraz eta nazioarteko beste hizkuntza batzuetan ikas zezaten, alda zezaten eta parteka zezaten. Eta, esker hori zabaldu nahiko nuke, gaur egun lan horretan jarraitzen duten familiei eta profesionalei. Ikastolok partaidetza sustatzen jarraitu behar dugu eta baita proiektu honetan parte hartzen duten pertsonen auzolana ere, zentzu kolektiboa eta solidarioa bizirik mantendu, bere benetako identitatea eta izaera, eta bere oinarrizko dimentsio soziala babesteko antidotorik onena bezala. Gora gure hizkuntza! Gora Argia Ikastola! Gora Ikastolak! Izan Argi!

Nafarroako Ikastolen lehendakaria