Errigora eta Daniel Lopez, ikastolaren eta NIEren omenduak

Euskararen sustapen eta normalizazioan egindako lana nabarmendu zuten NIEk eta Argia Ikastolak

10.02.2020 | 08:56
Unai Gardoki eta Iosu Sueskun, lekukoa eskuan.

tutera - Nafarroa Oinezek eskain-tzen duen momentu hunkiegarrienetako bat, antolatzaileek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) eskaintzen duten omenaldia izan ohi da. Aurten, Argia Ikastolak tokian-tokiko produktuen kontsumoa eta euskara uztartu eta sustatzen dituen Errigora egitasmoa hartu nahi izan du aintzat; eta NIEk Daniel Lopez eragilea omendu du, Erriberan euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta normalizatzeko egiten duen "lan garrantzitsuagatik".

Eguerdiko 12:00ak partean hasi zen ekitaldia Nekazal elikadura Hiriko Negozio Gunean. Errigorak zein Dani Lopezek, antolatzaileek zehaztu zuten bezala, "inplikazio itzela erakutsi dute bai euskararekiko, bai ikastolen proiektuekiko". Errigorak lagun askoren esfor-tzuak biltzen ditu: nekazariak, ekoizleak, euskaltzaleak, kontsumitzaileak, eta elkarrekin egiten duten lanari esker Euskal Herri osoko etxeetara iristen dira euren produktuekin betetako saskiak, olioak, kontserbak, eta lan handi horren irabaziak euskarara bideratzen dituzte. "Argia Ikastola, ekimena hasi zenetik, 2012an, ekarpen horien onuradun izan da", zehaztu zuen Argiñe Korta Argia Ikastolako zuzendariak. Halaber, ekimenaren "handitasuna" goraipatu nahi izan zuen: "Ez al da ba ekimen handia, erraldoia, esango nuke nik? Jardunean eta, batez ere, bihotzean darama handitasuna". Egitasmoaren "errespetua eta eskubidea" ere nabarmendu zituen, "gurea duen hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzen duelako. Hainbat arrazoi gehiagorengatik ere, mila esker eta zorionak denen partetik", bukatu zuen.

Patxi Aranburu Errigorako ordezkariak esker onez jaso zuen omenaldia, eta ekimenaren lehenengo urratsak ekarri zituen gogora: "Errigoraren historia Tuteran abiatu zen, 2012an. Zubigintzarako gonbidea izan zen hura, hegotik iparrera, eta zubigintza izan da, ezer izatekotan, Errigoraren eginkizuna urte horietan zehar". Errigorak euskara eta euskalgintza, nekazaritza eta auzolana izan ditu tresna nagusi, "ager vascoruma lingua navarrorumaren zerbitzura bideratzeko". "Lan horretara", ondorioztatu zuen Aranburuk, "indar biderkatuaz itzuliko gara. Gogotsu eta indartsu sentitzen gara hezkuntza propioa eraikitzen laguntzen dugulako. Errigoraren txikigintzatik, Argia Ikastolaren moduan, beste bide batzuk zabaltzea posible delako".

Bizitza bat euskarari lotuta Dani Lopezi buruz ere hainbat gauza nabarmendu zituen Josu Reparaz NIEko zuzendariak. "Bizitza osoan zehar, bere ekimenez, oso lan garrantzitsua egin du Erriberan euskara normalizatzeko. Erriberako hogei herritako Olentzeroa da. Euskararen eta euskal kulturaren kontsumitzaile, Erriberan gizon maitatu eta ezaguna da, bere bizitza euskarari lotuta egin duena, horregatik Nafarroako Ikastolen Elkartean omenaldi apal hau egin nahi izan dio, umiltasun osoz".

Ablitasen, euskalduna ez zen sendi batean jaiotakoa, Lopezek gazte zenean hartu zuen euskara ikasteko erabakia. Hark gogoratu bezala, 1967an gertatu zen hori, Azpeitian zegoela, frankismo garai betean. "Bertan bertsolari bat kantatzen entzun nuen, lehenengo aldia izan zen euskara ulertu behar nuela jakin nuenean. Azpeitiako baserri batera joan nintzen euskaran murgiltzera".

Euskararen eskutik hasitako ibilbideak Bilbora eraman zuen ondoren, "euskara berpizten ari zen garaian", eta Lizarrako Ikastola izan zuen hurrengo geldialdia, non irakasle lanetan aritu zen. Duela urte asko Tutera du bizitoki Lopezek, eta bertatik jarraitu du euskal kulturari ekarpenak egiten. "Itxaropena ikusten dut", azpimarratu zuen jendaurrean. "Gauza asko lortu ditugu: euskal hedabideak entzuten ditugu Erriberan, Olentzero oso sartuta dago Tuteran eta herrietan, A ereduan mila ikasle inguru daude". Bere iritziz, "lau zutabe" ditu euskarak gaur egun Erriberan: Argia Ikastola, hezkuntza publikoko A eredua, "oso errotuta" dagoena; AEK euskaltegia, "indar asko duena eta lan handia egiten duena"; eta hizkuntza eskola.